Zuzenean

Lide Hernando

Lentejuelak, argien distira eta revival momentuak: disco musika aztergai

Galtza kanpanak eta lentejuelak jantzi eta 70. hamarkadako estilo fresko eta dantzagarriena aztertzeari ekingo diogu: disco musika. New York eta Philadelphiako klubetan sortu ostean, hainbesteko arrakasta lortu zuen, ezen ez zituen kontrakoak ere falta izan; baina baita hainbat revival momentu ere.

Audio_placeholder

Lentejuelak, argien distira eta revival momentuak: disco musika aztergai

Loading player...
Donna Summer estatubatuar abeslaria
Donna Summer estatubatuar abeslaria (Francesco Scavullo; Distributed | Casablanca Records CC)

Jende askok 80. hamarkadari lotzen dion musika genero bat izan arren, 60. hamarkadaren amaieraraino joan behar dugu disco musikaren sorrera ezagutzeko: New York eta Philadelphiako klubetan hainbat komunitate bazterturen festetako musika esperimentaziotik sortu zen estilo hau. Afroamerikarrek, italoamerikarrek, latinoek eta, batik bat, gay eta drag queenek euren bizitzetako miserietatik alde egiteko sortutako estilo batez ari gara. Hain zen dantzagarria, freskoa eta lotsagabea disco musika, ezen laster lortu baitzuen bere eragina herrialde guztira zabaltzea.

Irrati guztietan musika mota hau jartzen hasteak, bestetik, gorroto handia eragin zuen dantzarako musika gustuko ez zuen sektore batean, eta disco musika zorigaiztoko gertakari baten protagonista izatera ere iritsi zen: 1979an Chicagon gertatutako Disco Demolition Night izenekoa.

Nolanahi ere, estilo honek muga asko zeharkatu ditu: muga geografikoa, Europara eurodisco moduan iritsiz; muga estilistikoa, beste generoetatik (batik bat rocka edota soula) etorritako musikariak ere erori baitziren bere atzaparretan; eta muga tenporala, gutxienez bi revival izan baititu, bata 2000ko hamarkadan (Madonnaren eraginez), eta bestea 2020koan (The weeknd, Miley Cyrus edota Dua Liparen eraginez).

Jaurlaritza Logoa