Zuzenean

ANDER:
Arratsalde on, Nerea.
NEREA:
Baita zuri ere, Ander. Zer moduz zaude?
ANDER:
Hementxe, urte berrirako jarritako asmoak bete ote ditudan begiratzen.
NEREA:
Urtero asmo berrien zerrenda pentsatzeaz gain, idatzi ere egiten dituzu?
ANDER:
Gustatzen zait idaztea, bai. Urtean egindakoak oroitzeko eta errepasatzeko asmoz idazten ditut.
NEREA:
Eta, zer moduz doa aurtengoa?
ANDER:
Puff… Aitortu behar dizut, gauza asko beste urte baterako utzi beharko ditudala beste behin ere!
NEREA:
Tira, asmoak izatea da garrantzitsua, ezta? Bizirik eta gogotsu zaudela esan nahi du.
ANDER:
Bai, kontsolatzen ez dena, kontsolatu nahi ez duelako da.
NEREA:
Hala da, bai!
ANDER:
Badakizu, Nerea, urteko asmoen zerrenda egiteaz gain, beti gauza bera etortzen zait burura urteko azkenegunean.
NEREA:
Auskalo zer den!
ANDER:
Abenduaren 31n kanpaikadak ematen dituzten horiek benetan ari ote diren zuzenean.
NEREA:
Zeozer sakonagoa izango zela pentsatzen nuen!
ANDER:
Garai batean, aurretik grabatutakoa zela pentsatzen nuen, baina azkenaldian agian zuzenean aritzen direla pentsatzen hasi naiz. Eta hala bada, kobratzen dutena ez da huskeria bat izango!
NEREA:
Ez, eta asko diru publikoa, komunikabidearen arabera! Batzuetan hobe ez pentsatzea, bestela urte berria ez dugu ondo hasiko eta!
ANDER:
Irratsaioak, berriz, grabatuak izango dira, ezta?
NEREA:
Hori ondokoei galdetu beharko diegu, guk egun horretan jai izaten dugu eta!
AUDIOA - Xakot
ANDER:
Saio berezia iragarri zuen Xakotek entzun berri dugun iragarkiaren bidez.
NEREA:
«Gabon saio berezia, Christmas edition egingo du 2023a behar bezala agurtu asmoz».
ANDER:
Zerbait egiteko asmoa dugunean, hobe da agurtzeko asmoz esatea, hori baita hobesten den aukera.
NEREA:
Euskaltzaindiaren hitzetan, hobe da agurtzeko asmoz esatea, agurtu asmoz esan beharrean.
ANDER:
Ni aurten gauza mordoa egiteko asmoz nabil, Nerea: frantsesarekin amaitu eta arabiera ikasteko asmoa daukat, mendira gehiago joateko asmoa, zurekin euskara lantzen jarraitzeko gogoa...
NEREA:
Nik ez dut inoiz zerrendarik egiten, baina buruan izaten ditut urte berrirako asmoak.
ANDER:
Baina idazten ez badituzu, gero ez duzu jakingo bete dituzun edo ez!
NEREA:
Gogoa izatea da garrantzitsuena! Eta hori ez zait inondik inora falta!
ANDER:
Zer egiteko gogoz zaude, ba?
NEREA:
Bi hilabetez munduan zehar bidaiatzeko gogoz nago, niretzat denbora lasai hartu eta munduan barna ibili nahidut!
ANDER:
Horretarako, denbora beharko duzu!
NEREA:
Eta dirua!
ANDER:
Lekuaren arabera eta bidaiatzeko aukeratzen duzun moduaren arabera, ez duzu zertan!
ANDER:
Nik aspalditik daramat bidaia on bat egin gogoz.
NEREA:
Ander!
ANDER:
Zer?
NEREA:
Oraintxe ikasten ari ginen gogoa daukagunean zerbait egiteKO gogoz esaten dugula eta ez egin gogoz. Arreta jarri!
ANDER:
Adi zeunden jakin nahi nuen!
NEREA:
Egongo ez naiz ba! Tira, zer ikasi dugu gaurkoan?
ANDER:
Agurtu asmoz esan ordez, agurtzeko asmoz egitura erabiliko dugula.
NEREA:
Gauza bera gertatuko da egiteko gogoz eta egin gogoz adibideekin. Lehenengoa da modu egokiena, Euskaltzaindiak dioenez.
ANDER:
Guk urte berriko planei buruz hizketan jarraituko dugu hementxe.
NEREA:
Eta zuek ere espero dugu datozen urteetan ere gu entzuteko gogoz eta asmoz egotea!
ANDER:
Baina oraingoz, hemen utziko zaituztegu.
NEREA:
Hurrengora arte!
ANDER:
Agur!
Hemen entzun daitezke 'Xatoken Moura' saio guztiak.