Zuzenean

NAPAR, Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalen elkarteak, plataforma digital bat nahi du herrialdean ekoizten diren ikus-entzunezkoak zabaltzeko. Ez da eskatzen duten lehen aldia, baina berriki Nafarroako Parlamentuan izandako lan-bilera bat baliatu dute eskakizunaren garrantziaz ohartarazteko. Helena Bengoetxea Haruru filmakeko ekoizlea da eta NAPAR elkarteko kidea.
Zergatik ikusten duzue beharrezkoa horrelako plataforma bat martxan paratzea?
Azken urtetako gure errebindikazio bat da. Guretzako funtsezkoa da hemen Nafarroan gauden ekoiztetxeen lanak zabaltzeko. Nafarroako ekoiztetxe gehienak dokumentalak eta ez-fikziozko lanak egiten ditugu eta denok dakigu horrelako produktuak saltzea eta zabaltzea zeinen zaila den. Gure pelikulak nahiko bereziak dira, autore lanak, aurrekontu txikikoak nahiz eta kalitate handikoak diren. Oso zaila da zinema-aretoetan estreinatzea edo telebista batek erostea, are gehiago, gure komunitatean telebista publikorik ez dugunean. Obraren banaketa oso konplikatua da zinemagintzan, zine festibal asko daude bai, baina baita gero eta film gehiago ere.
Horregatik baliatu behar ditugu ditugun baliabide teknologikoak plataforma digital bat sortzeko, telebista publikoaren antzeko zeregina egingo duena. Nafarroako edukiak munduko beste tokietan ikusteko aukera egonen da horrela, izugarrizko leihoa da kanpora begira.
Gaur egun egoera zein da, Nafarroan ekoizten diren ekoizpenak nonbaiten daude ikusgai?
Asko linboan daude. Zine jaialdietan ikusi dira batzuk, eta beste batzuk koprodukzioak izaki beste telebista batzuetan zabaldu dira, TVEn edo ETBn. Baina, oso epe motzean zabaldu dira. Ez dago leku finko bat Nafarroako ekoizpenak biltzen dituena. Horregatik egiten dugu eskaria.
ikusi dira eta koprodukzioak direnez ETBn edo TVEn eman dira baina oso epe motzetan.
Eredurik baduzue?
Ba egia esan nik ez dugu adibidez zehatzik. Guk parlamentuan zer nahi dugun ulertzeko esaten dugu 'Netflix Foral' bat behar dugula. Ez da hori zehazki, zeren hori baino askoz gehiago da. Baina dena egiteke dago, eta gu prest gaude aholkularitza bat egiteko, sektoreko beharrak zeintzuk diren azaltzeko.
Nire ustez aukera paregabea da existitzen ez den gauza bat egiteko. Badauden gauza onak kopiatu eta ez daudenak egin. Adibidez, plataforma horretan ere tokiko telebistek lekua izan dezakete. Ez al da interesgarria Tuterako herritarrek Xaloa telebistako edukiak ikusteko aukera izatea? Baina gauza guztiak bezala plataforma dagoen aurrekontuaren araberakoa izanen da, eta hori ez dago gure esku.
Zenbat eduki bilduko lirateke plataforman martxan paratuko balitz?
Guk ez dugu horrelako kalkulurik egin, urratsez urrats goaz. Eskakizuna egin genuen dela denbora bat eta bozeto bat aurkeztu genuen Nafarroako Gobernuan, badakit diru partida bat erabili dela bideragarritasun ikerketa bat egiteko, badakit 30.000 euroko partida onartu zela horretarako, baina geroztik ez dakigu ezer.
Netlix forala esan duzu, baina plataforma hori ordainpekoa da
Netflix Forala, baina debalde. Horrelako plataforma batek publikoa behar du izan.