Zuzenean
Ingalaterrako egun euritsuak izan daitezke aitzakia herrialea ez bisitatzeko. Bertako taberna tipikoak, pub britaniarrak, zaratatsuak eta garagardozalez josita izaten dira eta hura ez da familientzako giro. Baina, bidaia honetan, aurreiritzi horiek guztiak albo batera uzteko arrazoiak emango dizkizugu. Kornualleseko itsaslabarren paisaia zoragarriaz gozatzeko ibilbide ederrak proposatuko dizkizugu. Arrantzale herri xarmagarriak ezagutuko ditugu, eta Ingalaterrako pubetan plater tipikoaz eta sagardoaz gozatuko dugu. Let´s go!
Kornualleseko eskualdea ezagutzen hasteko Northan Burrowns Country Park bisitatuko dugu. Oso eremu berezia da, habitat ezberdinez eta interes handiko paisaiez osatuta dagoen natura-gunea da. Hezeguneetan, ostrak jarten dituzten hegaztiak ikus daitezke han-hemenka; belardi eremu zabaletan, ardiak eta zaldiak bazkatzen;eta oro har, jendea kirola egiten edota paseatzen. Bideford eta Appledore artean dagoen eremu natural honek 250 hektarea inguru hartzen ditu eta leku ederra eta lasaia da familian paseatzeko eta naturaz gozatzeko.
Aurrera jarraituz, Clovelly antzinako portu zaharra bisitatuko dugu. Clovelly XIV. mendeko arrantza-portu zaharra da, gaur egun jabetza pribatukoa da eta erakarpen turistiko bihurtu dute. Horregatik herrixka bisitatzeko ordaindu egin behar da. Harrizko lauzak dituen bide batek sigi-saga eramango gaitu etxe zuriz eta arbelezko teilatuz jositako herrian zehar, beti maldan behera. Portura iritsi aurretik, ordea, begiratoki eder batean eseri eta ortzi-mugari so egin diezaiokezu, eguzkiaz gozatu eta kostaldeko ikuspegiaren argazki ederrak egin. Portuan, barra luze baten babesean, txalupa hondatuak eta arrantza-sareak barreiaturik ikusten dira han-hemenka. Horrelakoxea da Clovelly herrixkak oraindik gordetzen duen marinel kutsua.
Boscastle herriraino bidaiatuko dugu Itsaslabar handiek babestutako herri txiki hau leku ezin hobea delako familian paseoak egiteko eta haurrek naturaz gozatzeko. Itsaslabarren gainetik ibilbide ikusgarria egiteko aukera paregabe honi ezin genion muzin egin.
Eta itsaslabarren gainetik ibiliz pauso bat harago emateko Tintagel gazteluaren hondarrak bisitatzea aukera bat da. Tintagel gazteluaren hondakin harroek antzinako istorio eta elezaharrekin amets egitera gonbidatzen digute, Arthur erregearen jaioterria dela esaten da. Zubi eta egurrezko pasabideak zeharkatuz, Kornualles eskualdeko itsaslabarrik basatienak ezagutzeko aukera izango dugu. Ausartzen al zarete?
Sagardoa
Itsaslabarretatik kai zuloraino jaitsiko gara jarraian Port Isaac ezagutzeko. Port Isaac muino artean kokatutako kaia da. Bere kale nagusia moilaren parean bukatzen da, kaiaren bihotzean, XIV eta XV. mendeetako etxeez inguratua. Marinel kutsuko herri xarmagarria da eta bidaia honetako ezinbesteko geldiunea. Gainera, handik oso gertu, The Cornish Arms pub dago, oso leku jatorra sagardoa hartzeko edota bertako plater tipikoak dastatzeko. Tabernako aparkalekuan pasa genuen gaua autokarabanaz, beranduago azalduko dugun bezala Brit Stops autokarabana gonbidapen-sistema erabiliz.
Egun oso bat eskaini diezaiokegu Penwith-i, Kornualleseko mendebaldeko penintsula txikiari, buelta emateko.50 km hartzen dituen urruneko parajea da eta paisaia ikusgarriak ditu paramo zabalak labar malkartsuekin nahasten direlako. Ondoren, Saint Ives herri ederrera iritsiko gara bertako kaleetatik paseatzeko. Londreseko burgesiaren neurrira ematen duen herri hori leku aproposa da izozki bat hartzeko, fishs and chips batzuk jateko edota eguzkia hartzeko terrazetan eserita.
Kornualleseko ibilbidean aurrera eginez, B3306 errepidetik jarraituko dugu Botallack meategien aztarnak bisitatzeko. Askok izango duzue gogoan Poldark telesaila. Film horretan, ongi islatzen da eztainua eta kobrea ustiatzen zen meategi hauen inguruan sortu ziren tirabira sozialak.
Kornuallesko finesterra
Kornualleseko finisterrera iritsiko gara berehala, The Land’s End, eta handik Mousehole arrantzale-portu txiki eta dotoreraino salto egingo dugu. Bertan porturainoko paseoaz gozatu daiteke, eta ondoren, Ship Inn pub dotorean Kornualles estiloko muskuilu onenak dastatu, tipula eta ardo zuriaz prestaturik.
Ezuste handia hartuko dugu bidean, Saint Michaels Mount parera iristean. Frantziako Saint Michael irlatxoarekin duen antza ikusita batek pentsa lezake frantziar eta britaniarren arteko inbidiak sortutako apeten emaitza dela.
Kornualleseko kostatik urrunduko gara oraingoan Ingalaterrako hegoaldean dagoen lorategirik eder eta erromantikoena bisitatzeko: The Lost Gardens of Heligan. Historiaz eta istorioz beteta dagoen lorategia da, landare-estatuen bilduma harrigarria du eta espazio ugari ditu parke mistoaren barruan haurrekin paseatzeko eta naturaz gozatzeko. Familian bidaiatuz gero, bisitatu beharrekoa da. Handik gertu, The Boslowick Inn Pub topatuko dugu, leku lasaia afaltzeko eta baita gaua autokarabanaz pasatzeko ere.
Polperro herriak eta bertako kaio lapurren istorioak gure bidaiari bukaera emango diote. Pubez betetako arrantza-portu txiki eta dotorea da Polperro, bertako jatetxeetan Kornualleseko plater tipikoak dastatzeko leku aproposa . Gainera, denda ugari dago opari egokiena erosteko. Goiz erdia nahikoa izan daiteke herri marinel honen xarmak kalez kale ezagutzeko. Mokadu bat jateko, Pasty, Kornualleseko haragiz eta tipulaz betetako enpanadilla tipikoak erosteko dendak daude kairako bidean. Baina kontuz, kaian lasai eserita jateko prest zauden unean, Polperroko kaio lotsagabeak agertuko dira zure enpanadilla hegal eramateko prest.
Amaitzeko, The Old Inn XVII mendeko pub historikoan geldiunea egingo dugu sagardoarekin topa egiteko eta bidaiari merezitako bukaera emateko.
Pub-etan maizter
Nolatan geratu daiteke norbait autokarabanaz bidaiatzen pubetan lo egiten? Britstops autokarabanentzako gonbidapen-formula zergatik aukeratu genuen bidaia hau egiteko. Sistema horren ezaugarriak azalduko dizkizugu, nola erabili eta Ingalaterran zehar dituen abantailak azalduko ditugu. Gainera, pubetatik pubetara bidaiatu genuela konturatuko zara, Kornualleseko plater tipikoak dastatuz eta sagardoaz gozatuz. Ezagutzen al duzu Ingalaterrako sagardoa? Bada, Ingalaterrako sagardoaren sekretu guztiak kontatuko dizkizugu. Eta sagardoaz ari garela, Euskal Herriari begira jarriko gara oraingoan gure sagardoa eta sagardotegiak aitzakia hartuta ibilbide eder bat proposatzeko. Goazen sagardoaz eta autokarabanaz gozatzera!!
Euskal Herrira itzuliko gara sagardo denboraldia estreinatu berri den aste honetan Astigarraga, Hernani eta Usurbilen arteko urrezko triangelua ezagutzeko enoturismoaren eskutik. Herri bakoitzean plan bat egingo dugu eta bertako sagardotegi bat gomendatuko dugu, afaldu eta gero autokarabanarekin bertan lo egiteko. Sagardoaren turismo arduratsua eta sagardotegi plan biribil bat izan dadin.