Zuzenean
Maier Muruamendiaraz Alberdik txiki-txikitatik izan du dantza aldamenean, izan ere, gurasoak euskal dantzariak izan dira, eta bera ere inguru horretan mugitu izan da. «Gurasoak dantzan ikusten nituen eta bertan egon nahi nuela pentsatzen nuen» kontatu digu. Horrela, 14 urte zituela igo zen oholtzara Aukeran dantza taldearekin. Aukeran-ek 20 urte betetzen zituen artean eta aitarekin batera 'Iragana, oraina eta etorkizuna' koreografia eskaini zuen.
Aukeran dantza taldea 1997an sortu zuen aitak, Edu Muruamendiaraz-ek, bera oraindik jaio gabea zenean, eta Maier 2018an sartu zen dantzari gisa taldean, eta harrezkero, honek ere mundua eta Euskal Herria ezagutzeko aukera eman dio. Ordutik konpainiaren hainbat lanetan parte hartu du: 'Biz hitza', 'Maurizia naiz', 'Hurrengo geltokia', 'Migratzaileak', biran dabilen 'Aiurri' eta abenduaren 1ean estreinatuko duten 'Amama' lanean ere izango da. «Herrialde desberdinetako zazpi ipuin aukeratu ditugu 'Amama' ikuskizunerako» aurreratu digu dantzariak.
Gorputzarekiko maitasunak ziur aski eragina izango zuen ikasketak aukeratzean eta horrela, Fisioterapiako ikasketak egin zituen. «Dantza mundua oso gogorra da eta nik argi nuen Fisioterapia ikasi nahi nuela, lesio ugari ikusi ditut txikitatik eta gure gorputza ondo ezagutu nahi nuen» esan digu.