Zuzenean

NAIZ Irratia

Sumarrekin akordiorik heldu ez izana «ulergaitza da» Miren Gorrotxategirentzat

Podemos eta Sumar banatuta joango direla baieztatu ostean, alderdi moreko Miren Gorrotxategik euren apustua «ezkerreko gobernua» eratzea dela adierazi du NAIZ Irratian, eta lehentasuna, «zerbitzu publikoen aldeko lana» dutela. Bigarrenez aurkeztuko da Gorrotxategi lehendakarigai gisa.

Audio_placeholder

Sumarrekin akordiorik heldu ez izana «ulergaitza da» Miren Gorrotxategirentzat

Loading player...
Miren Gorrotxategi Gasteizen otsailean egindako agerraldi batean.
Miren Gorrotxategi Gasteizen otsailean egindako agerraldi batean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Kasik hauteskundeen deialdira arte luzatu diren negoziazioen ostean, Sumar Mugimendua eta Podemos bi bloketan banatuta aurkeztuko dira Gasteizko Parlamenturako bozetara: Sumar, Ezker Anitza-IU eta EQUO alde batetik eta Podemos eta Aliantza Berdea bestetik, azken orduko ezustekorik heldu ezean. Herritarrek akordiorik lortu ez izana ulertuko ote duten galdetuta, «ulergaitza» dela baieztatu du Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategik. Hori bai, Gorrotxategik dionez, «gure aldetik guztia jarri dugu elkarrekin jaon ahal izateko baina ez dugu lortu».

Bezperan, NAIZ Irratian bertan egindako elkarrizketan azaldu zuen Sumarreko diputatu Lander Martinezek, akordioa heldu ez izanaren arrazoietako bat dela Podemosek akordioak betearazteko dituen «ezintasun juridiko eta politikoak». «Aitzakia itxura dauka, eta itxura baldin badauka ziur asko horrela delako da», ondorioztatu du gaurkoan Podemoseko ordezkariak. Zentzu horretan gezurtatu du izaera propioa ez dutenik, «Euskadiri eragiten dizkioten erabakiak Euskadin hartzen dira. Gure erabaki garantzitsu guztiak Euskadiko militanteek hartzen dituzte».

Apirilaren 5ean hasiko da hauteskunde kanpaina, eta Gorrotxategik «lasterketari ekiteko prest» dagoela ziurtatu du. «Esperientzia handia daukagu eta azken urteetan hainbat eta hainbat elkarteekin harremanak izan ditugu. Horrezkero, programa bukatuta daukagu dagoeneko eta indar guztiarekin egingo dugu lan. Gure antolakundea ondo errotuta dago eta sendoa da, eta horrek ematen digu aukera hauteskunde kanpainari modu indartsu batean aurre egiteko».

Asmoak eta lehentasunak

Amaitu berri den legealdian Elkarrekin Podemosek egindako lana defendatuz eta inkestek iragartzen dituzten emaitzak gora-behera, ezkerreko exekutibo baten sorreran erabakigarria izan nahi du Podemosek. «Gure apustua beti izango da ezkerreko gobernu bat erraztea», nabarmendu du Gorrotxategik. Gobernu formula horretan EAJren parte hartzea baztertzen du, baina onartzen du era berean PSEren jokabidea, hauteskundeen osteko gehiengoen araberakoa izango dela.

Izan gobernu batekin ala bestearekin, Podemosek «betiko lehentasunei» eutsiko die lehendakarigaiaren esanetan, «zerbitzu publikoen aldeko lana», besteak beste, Euskal Eskola Publikoaren alde.

Jaurlaritza Logoa