Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Lander Martinez
Sumar mugimenduko kidea

«Podemosen eztabaida bukatuta dago eta, Galizarekin alderatuz, desberdintasun handiak daude»

Hauteskundeetan begira dituzten aurreikuspenez, Alba Garcia zerrendaburuaz, Podemosekin huts egindako negoziazioez eta bultzatu nahi dituzten politika sozialez haren irakurketa eskaini du NAIZ Irratian, Sumar Mugimenduko diputatu Lander Martinezek.

Audio_placeholder

«Podemosen eztabaida bukatuta dago eta, Galizarekin alderatuz, desberdintasun handiak daude»

Loading player...
Lander Martinez Sumarren Bizkaiko diputatua da Espainiako Gorteetan.
Lander Martinez Sumarren Bizkaiko diputatua da Espainiako Gorteetan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Sumar mugimendua nahiko berria den arren, espazio honen atzean daudenak eskarmentua dutela eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako testuinguru politikoa lehen eskutik ezagutzen dutela dio Lander Martinez diputatu bizkaitarrak. Asko, Martinez bera besteak beste, Podemosen espazio politikotik datoz, nahiz eta orain bide ezberdinak hartu dituzten.

Martinezen hitzetan, eztabaida hori «bukatuta» dago eta, bere ustetan, dagoeneko Sumar-ek, Ezker Anitzak eta Equo-k «dagoeneko osatzen dute hautagaitza zabal bat». «Konfiantza falta dago, akordio hori betetzeko ahalmena ez dago. Podemosek ez du ahalmen juridiko hori», adierazi du Martinezek.

Galizan bereganatutako emaitza txarrak ere izan ditu hizpide, baina EAEko egoera «desberdina» dela iritzi du. «Emaitzak txarrak izan ziren eta ikasketa asko hartu ditugu Galizatik. Baina azterketa politikoa askoz sakonagoa da. Banaketaren asuntoa, botoak batzen baditugu, ez da arazo nagusia. Beste arazo batzuk daude. EAEko kasuan desberdintasun handiak daude. Sumarren gaudenok badugu gure denbora euskal politikan, zinegotziak, batzarkide, parlamentariak... Exisititzen da estruktura bat, espazio bat, botante naturalak dituena».

Zentzu horretan, EAEn «aldaketa ziklo» bati ekiteko beharrezkoak direla aldarrikatu du. «Espazio honi ez badoa ongi hauteskundeetan aldaketaren zikloa ez da guztiz materializatuko. Jende askok du argi hori».

Hala ere, euskal gizartean «azken hauteskunde ziklotik, sakoneko aldaketak» ematen ari direla nabarmendu du Sumar-eko kideak. « EAJ-ren hegemonia galtzen ari dira. Politika zaharkitu bat dela-eta. Epe luzeko lana da aldaketak lortzea EAE-n, baina EAJ eta PSE-ren arteko aliantzak ez du kapazitaterik erronkeei aurre egiteko».

Etxebizitza Legeari helegitea

Aktualitateko gaien inguguruan, etxebizitzak euskal jendartean suposatzen duen kezkaz jakitun, Etxebizitza Legearen aurka helegitea jarri duen Lakuari zuzendu zaio Martinez. «Ulertezina eta arduragabekeria da horrelako helegite bat aurkeztea».

«Jendearen arazo handiena etxebizitza da. Gure hirietan gora doan arazo bat da. Hiru hiriburuetan dago etxebizitza lortzeko arazoa. Hori jakinda, etxebizitza politika aktiboak behar direla, Lakuak beti esan duela ezin dituztela alokairuak mugatu legerik ez zegoelako, nola okurritzen zaie helegitea jartzea holako lege bati?», gehitu du.

Zentzu horretan, PSOEk «bi paper» jokatzen dituela adierazi du. «Bat espainiar Gobernuan eta bestea Eusko Jaurlaritzan. Azken honetan hor egotea baina influentzia gutxirekin. Ez dute konfrontazio irekirik izango».

Jaurlaritza Logoa