Zuzenean

NAIZ irratia

«Ez daude langile gehiago Osakidetzan. Gainera, murrizketak jasaten ari gara»

Osakidetzako erabiltzaileen salaketak ugari izan dira uda honetan: lehen arretako medikuen murrizketa, etengabeko arreta puntuakiztea... Lan eskaintza publikora aurkezteko izena emateko ilarak ere ikusi ditugu. LABeko delegatu Jesus Oñatekin mintzatu gara egoera horien egiturazko arrazoien inguruan.

Audio_placeholder

«Ez daude langile gehiago Osakidetzan. Gainera, murrizketak jasaten ari gara»

Loading player...
Osakidetzako lan poltsan izena emateko eta dokumentazioa entregatzeko ilara luzeak Donostian
Osakidetzako lan poltsan izena emateko eta dokumentazioa entregatzeko ilara luzeak Donostian (Jon Urbe | FOKU)

Egia al da uda sasoian oraindik eta lan baldintza okerragoarekin egin behar izaten dutela lan osakidetzako beharginek?

Osakidetzan prekarietatea pairatzen urteak daramagu. Egiturazko arazoak dira, nahiz eta udan nabarmenagoak egiten diren.  Ahulezi hori baina, egunero sufritzen dugu. Udan, zentzu askotan, intentsitate handiagoarekin; baina zuzendaritzak EPE prozesuko zatirik konplikatuena abuztuan egiten badu... akabo. Erokeri hutsa izan da.

Hau esanda, eta EPE ‘desastroso’ honetaz gain, aipatzekoa iruditzen zaigu kalitatezko arreta kolokan dagoela inoiz ez bezala. Uda honetan ikusi dugu osasun arreta  publikoa eskaintzen den lekuetan mediku gabeko arreta-guneak, edota gune itxiak, pediatren afera onartezina da, lehen arretako ordutegien murrizketa... Gauza horiek normaltasunarekin bizitzen ari gara eta guretzako onartezinak dira. Neurri hauek guztiak hartzen dira egiturazko arazo horiek estaltzeko.

Gure iritziz erantzun gogor bat behar du honek; osasun langileon aldetik, gure pazienteekin dugun konpromisoa suntsitzen dutelako, baina baita jendartetik ere. Ez naiz nekatuko errepikatzeaz gu ere osasun publikoko erabiltzaileak garela, eta gure analisia da bi aukera ditugula: edo arazo estruktural horiei aurre egiten diegu ditugun tresna guztiekin, negoziazio barne, edo ahulezi hori arreta pribatua indartzeko erabiltzen dugu. Hor dago guretzat gakoa eta ezagutu ezagutzen dugu departamentuaren hautua zein den.

Sarreran aipatutako ilara edo EPE «desastroso» horietan  zentratuz, zer gertatu da?

Atzera begira egin beharko genuke. Gertatu baita gertatu zitekeen gauza bakarra. EPE honen deialdia egiteko arrazoiak zuzendaritzak duela urte asko ditu. Haiek jakin badakite langileen egiturazko beharra zein den. LAB sindikatuak 2018 eta 2019an kontratazio ikerketa bat egin zuen zeinak azaleratu zuen zein behar zegoen; eta guk kopuru bat jarri genuen: 3.000 langile falta ziren plantilla egonkortzeko. Ez handitzeko, baizik eta egonkortzeko.

Osakidetzako zuzendaritzarekin bileretan zein Legebiltzarreko agerraldietan jaso genuen erantzuna alarmistak ginela izan zen. Urteekin,  Europa eta Espainiatik agindua iritsi da egonkortze EPE hau egiteko. Hori egiteko muga abenduaren 31a zen eta zuzendaritzak deialdia abenduaren 28an iragarri zuen, 3 egun lehenago, oinarri guztiak akatsez beteta eta zuzenketak egiteko hilabete bateko epearekin. Azken egunarekin argitaratu zituzten zuzenketak. Zer esan nahi du horrek? Beti berandu eta txarto egiten direla gauza guztiak.

Orain EPE erraldoi bat dugu, EPEak oso laburrak dira eta zuzendaritzak abuztuan prozesu guztiak martxan jarri ditu. Beti bezala, jende gutxirekin, baliabide gutxirekin, irizpide argirik gabe... Gainera jendeak jada aurkeztutako dokumentazioa berriro aurkeztu behar du. Jendea nekatuta dago. Behin eta berriro aurkeztu behar dugu zuzendaritzak ez duelako balidatzen. Hori legez kontrakoa da eta erokeria izan da. Gainera, nahiz eta identifikazio elektronikoa erabili, Osakidetzako zuzendaritzak agintzen badu ENA aurkeztu behar dela... Soilik ENA eramateko, estropizioa handia izan da.

Kontuan izan behar dugu ehun mila pertsona baino gehiagok eman dutela izena. Abuztuan, horrelako prozesu bat egitea erokeria izan da. Ilarak baina, ez dira abuztua delako sortu, baliabide nahikorik jarri ez delako baizik. Hori izan da arazoa.

Sistema informatikoa ez dago beraz prest Osakidetzan identifikazio elektronikorako?

Osakidetzako zuzendaritzak milioiak gastatzen ditu aplikazio informatikoetan. Eta bai, identifikazio elektronikoarekin egin ditugu pausu guztiak: inskripzioa, tasen ordainketa... dena egin dugu identifikazio elektronikoarekin. Badirudi gaur egungo zuzendaritza XX. mendean antolatua dagoela. Orain bueltatu dira ENA fisikoa aurkezteko agindu batekin. Hori abuztuan egiten baduzu, jendea oporretan dagoenean eta bere etxean ez dagoenean, erokeria da eta langileentzako estresa. Jakin behar dugu hau gure ogibidea dela eta gauza garrantzitsuak daudela kolokan. Errespetu falta handia izan da.

Nolako errealitatea izan dute izena ematera joandakoek, batetik; eta, izapidetze hauek egin dituzten langileek, bestetik?

Langileen ikuspegitik, imajinatu zu oporretan zaudela eta zuzendaritzak eskatzen dizula duzun titulazio eta formakuntzako egiaztagiri guztiak aurkezteko hamar eguneko epean. Eta gainera, konpultsatuta. Agian, zortea baduzu edo hodei batean kopiarik baduzu... Baina originalak normalean etxean dituzu. Horrek zer esan nahi du? Langileak, senideak, giltzak dituztenek... etxeetara joan, bilatu, erakunde batera joan konpultsatzera eta gero aurkeztu behar dituztela. Hori da langileok sufritu duguna. Hamar egunetan hori da egin behar izan duguna.

Formakuntza, gainera, ez da soilik titulazio bat. Hemen bagaude 30 ikastarodun langileak. Esaterako. Dokumentazio nahiko handia da. Eta noski, gure lankideak ditugu: dokumentazio hori jaso behar dutenak. Horiek sufritu dutena gogorrena izan da. Ilaren presioa, lankideen haserrea... Horrela ezin da lan egin. Imajinatu zer den langile batentzat leihotxo batean egotea, ilara hor egotea, zure ordutegia ordubete gainditu ostean itxi behar duzula esatea... Oso-oso gogorra izan da gure lankideentzat.

Aurreko kurtsoan Osakidetzaren buruzagiekin oso kritiko agertu ziren langileak, protesta asko egin zituzten. Kurtso berrian antzeko jarraituko al dugu?

Nik uste baietz, ez baita ezer aldatu. Eta aldatu bada, txarrera. Negoziaziorako gu beti prest egon gara, baina zuzendaritza hau askotan junta militar baten moduan irudikatu du bere burua. Eta hori  osasun publikoan gertatzen ari denarekin oso deigarria da. Honek bat egiten du EAJ eta PSOE-k bultzatzen duten osasun ereduarekin. Haien eredua inposaketa besterik ez da, negoziazioa saihestuz. Eta horren aurka guk tresna guztiak erabiliko ditugu.

Enpresa pribatu baten moduan aritzea leporatu izan diozue askotan plantilla publiko handiena duen Osakidetzari. Zergatik?

Hori egia ez delako. Plantilla berdina da. Orain egiten ari dena da, eta lehen esan bezala, Espainiak behartuta, plantila egonkortzea. Zuzendaritzak eta Urkulluk zenbakiekin eta jendartearekin jokatzen dute. Pandemia aurreko garaiarekin alderatuta, orain ez dago langile bat gehiago ere. Hartzen ari diren neurriak gezurrezko behin-behinekotasunarekin amaitzeko dira, punto. Ez daude langile gehiago Osakidetzan eta gainera, murrizketak jasaten ari gara, ez daudelako beharrezkoak diren lanpostu guztiak egonkortzen ari. Lehen arreta eta herri txikietako zentroetan ere oso murrizketa nabarmenak egiten ari dira. Beraz, ez da egia. Langileon kopurua bera da. Beste gauza bat da egonkortzen ari dela, behartuta.

Lan Eskaintza Publikoaz hitz egin dugu lehen. Zertan da auzitegietan dauden Lan Eskaintza Publikoen afera?

Epailearen erabakiaren zain gaude. Alde batetik gu pozik gaude; praktika onartezin bat azaleratu dugu eta jendarteak zer zegoen ikusi ahal izan duelako. Guk ez dugu bat egiten epailearen eta beste akusazioen irismenarekin, esaten baitute zuzendaritza ohiak egindakoa ez dela delitua. Espero dugu, hala ere, epaiketa ospatzen bada zuzendaritza ohia eta (Jon) Darpon jauna lekuko gisa deituak izatea. Imajinatzen dugu Infanta Cristinarena egingo dutela. «Ez dut gogoan», «denbora asko pasa da»... Horrelako erantzunak espero ditugu. Jendeak ere entzun beharko lituzke; filtrazioen aurrean, haien erantzunak epaitegietan ere lotsagarriak direla. Guretzat hori garrantzitsua da. Epaiketa egin da gizartean. Ospitaleko langile guztiek bagenekien zer zegoen, baina orain denek ikusi dute kategoria medikuetan filtrazioak historikoak izan direla.

Jaurlaritza Logoa