Zuzenean

Javi Buces: «Sailkapena ondo dago memoria oso bat egiteko. Denak daude baina ez nahastuta»

Hauteskundeak igaro ostean, «oztoporik gabe» lan egiteko aukera espero du Javi Buces Aranzadiko historialariak. Nabarmendu du «alderdi guztien kontsentsua» dela oroimen historikoa eta gertukoa jasotzen dituen Galdakaoko webgunearen abiapuntu, nahiz eta PSEren jarrera aldaketa identifikatu.

Audio_placeholder

Javi Buces: «Sailkapena ondo dago memoria oso bat egiteko. Denak daude baina ez nahastuta»

Loading player...
Javi Buces, Aranzadi zientzia elkarteko historialaria.
Javi Buces, Aranzadi zientzia elkarteko historialaria. (Gorka Rubio | FOKU)

Aranzadiko historialariak hauteskundeen logikan kokatu du Galdakaoko PSE-EEk eginiko salaketa. Hautetsiek baliaturiko sailkapen eta metodologia berretsi zutela oroitarazi du. «Sailkapen horiek aspalditik datoz. Ez da Aranzadik asmatutako sailkatze bat. 2014an sortu zuten hainbat elkarte eta erakundek». Publiko egin berri den afera 2023ko martxoan hasi zen. Galdakaoko alderdi politikoak gutuna bidali zion Javi Bucesi, eta honek erantzuna eman zien. «Haiek bazekiten zein metodologia erabiltzen dugun. Bienzobas eta Garcia Gaztelu ez daude identifikatuta giza eskubideen urraketaren biktima bezala, baizik eta jasandako beste sufrimendu batean. Oso ezberdina da. Argi dago bereizketa».

Aranzadi Zientzia Elkarteak antzeko webguneak garatu ditu Hernani, Tolosa zein Azpeitian. Halako kexa bat jasotzen duten lehen aldia izan arren, nabaritu dute gauzak aldatzen ari direla. Udal ordezkari politikoen «kontsentsua lortu ostean» hasten da proiektuaren garatze jarduna. Bucesek dio lan moldeak «ongi» funtzionatu duela, «alderdi guztiak kontsentsuan» zeudelako. Aldiz, alderdi sozialistaren jarrera aldaketa identifikatu du.

«Orain arte ez dute oztoporik jarri»

Javi Bucesek nabarmendu du ez dela metodologia aldaketarik egon. Hala ere, ez du atea ixten, baldin eta eztabaida hauteskundeetatik kanpo egiten bada. «Eztabaida sakon bat baldin badago, ez hauteskundeen inguruan, ez dago arazorik. Baina orain arte ez dute oztoporik jarri».

Hauteskundeak igaro ostean, gauzak bere horretara bueltatzea espero du Aranzadiko historialariak. Udaletako bizikidetza mahaien jarduna nabarmendu du. Aldiz, tokiko markotik kanpo ikusten ditu oztopoak. «Txosten edo webgune hauek dira lehen pausoa, haien artean adostasun sakon bat lortzeko; egia eta justizia lortzeko edo erreparazio ekitaldiak egiteko. Oso ondo funtzionatu du, baina goitik politika handi hori eskua sartzen hasten bada, gauza konplikatzen da».

Entzuteko prest

Aranzadiko kideak onartu du gertakariak baldintzatu egin diela. «Sentsible izan behar gara. Arazo bat baldin badago eta norbait minduta sentitzen bada, prest egon behar gara entzuteko». Hala ere, baliaturiko sailkapena berretsi du. «Erreminta oso baliagarria izan da. Denak daude baina ez daude nahastuta. Memoria integral bat egiteko ondo dago».

Jaurlaritza Logoa