Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Maiatzean Euskal Herrian izango da Yo La Tengo taldea

Izkander Fernandezek ekarri digun zerrendan, Euskal Herrian bisitari izan diren eta izango diren taldeak ekarri ditu beren lan berrienak kaleratu berritan.

Audio_placeholder

Maiatzean Euskal Herrian izango da Yo La Tengo taldea

Loading player...
Yo la tengo taldea 2015eko Kutxa Kultur jaialdian izan zen Donostian
Yo la tengo taldea 2015eko Kutxa Kultur jaialdian izan zen Donostian (Andoni CANELLADA | FOKU)

Urte berriarekin gazi-gozoak suertatzen ari zaizkio Izkander Fernandezi merkaturatzen ari diren diskoak: «Deus taldea kuttuna da eta diskoa atera duen arren, sorpresa txarra izan da, diskoa ez dudalako gogoko. Ez nuen ezer espero eta bapatean etorri dela ikusita, beren ibilbidean akatsik egin ez dutenez, horrelakorik ez nuen espero eta triste geratu nintzen. Baina beno, diskoa gehiago entzun beharko dut, akaso adiskidetuko naiz-eta». Dena dela, beste lau proposamen ekarri dizkigu aurten atera direnen artetik hautatuak.

Civic - End of the line
«Talde australiarra da, boskotea. The Men taldea entzun genuen duela aste batzuk eta haiek bazuten punk-rock klasikoa baina baita country kutsua ere. Hauek punka egiten dute baita ere, baina indie eszenatik gertuago dagoen punka, haien erreferentzia garbiena Hüsker Dü dela esango nuke. Bi disko dituzte, lehendabizikoa 2021ean atera zuten eta, orain, otsailaren 10ean, argitaratu dute ‘Taken by force’ bigarren erreferentzia. Punk zuzena, Hüsker Dü taldearen ukitu argi bat duena eta, ez dakit, baina azkenaldian asko entzun dudanez halako musika, algoritmoetatik edo sartuko zitzaidan, ez bainuen taldea ezagutzen. Inguruan galdetu nuen eta, antza, taldea ezaguna zen punk zirkuitutan eta asko omen zeuden diskoaren zain», kontatu digu Izkander Fernandezek.

Yo la tengo - Fallout
Maiatzean Euskal Herrian izango den talde bat ekarri digu bigarren tokian Izkanderrek: «Maiatzaren 3an izango dira Santana 27 aretoan eta etxekolan luzeak izango ditu entzuleak beren diskografia joan aurretik entzun nahi badu. Indie-rockaren talde mitikoa da, 1984an sortua, New Jerseyn; taldean hasieratik mantendu diren kide gutxi ditu, hori bai. Euskal Herrira etorri izan dira, birritan behintzat ikusi ditudalako hemen. Distortsioa maite duen taldea da, baina goxotasuna eta melodia gogoko dituena. Kanta luzeak, jam-ak eta halakoak egiten dituzte, baina batzuetan badute pop ukitua eta horrek beren diskografian murgiltzera gonbidatzen du. ‘This stupid world’ da diskoaren izena, edozein unetan balio duena, baina orain, akaso, sekulan baino zentzu gehiago hartzen duena».

Narrow Head - Moments of clarity
«Bertan sortu ez baziren ere, Houstonera egin zuten salto talde honek. Shoegaze doinuak jorratzen dituzte nahiz eta erreferentziak zein diren esatean denetarik aipatzen duten. Brometan bezala hartu nuen talde hau, besterik gabe entzunaz, eta pixkanaka entzuten hasi eta zaletu egin nintzela esan dezaket, egunean behin disko kaleratu berri duten diskoa entzuten nabilelako azken egunetan. Disko gitarreroa da eta mende hasierako MTVko kutsua du, batzuentzako erakargarria dena eta beste batzuentzat gorrotagarria», azaldu du lemoaztarrak.

DeWolff - Heart stopping kinda show
Europa iparraldean bukatu du aste honetako ibilbidea Izkander Fernandezek: «Talde holandarra da, Linburgokoa, eta disko interesgarriak kaleratu dituzte. Azkena Rock Festivalen jotakoak dira, Euskal Herrian beste hainbatetan ere izan dira eta, aurreko igandean, 19:00etan, Bilboko Kafe Antzokian izan ziren. Gitarrak maite dituztenentzat oso interesgarria den taldea, southern rocka eta psikodelia nahasten dutena, eta gazteak diren arren, disko oso interesgarriak kaleratu dituzte».

Jaurlaritza Logoa