Zuzenean
«Jokoa atzera eramatea izango da bai haien bai gure estrategia»
Bigarrenez irabazi nahi du Arrizabalagak V. Bizkaia Txapelketa, Oses bikote duela. Parean Aldai eta Mendizabal izango dituzte. Aurrelariaren ustetan, faboritoak azken horiek izango dira; beraz, presioa haiek dute: «Uste dut gu lasai goazela; irabaztera goaz, eta hobeto presioa eurek izatea».
«Jokoa atzera eramatea izango da bai haien bai gure estrategia»
Iaz Naroa Agirrerekin batera lortutako txapela errepikatu nahi du aurten ere Olatz Arrizabalagak Uxue Osesekin: gaur jokatuko baitute V. Bizkaia Txapelketako finala, Bizkaia pilotalekuan (Bilbo), 19.00etatik aurrera. Parean Amaia Aldai eta Nora Mendizabal izango dituzte, bikote «gogorra», aurrelariaren esanetan: «Saiatuko gara Amaiak ahalik eta pisu gutxien izan dezala jokoaren ekimenean».
Txapelketako ligaxkako bigarren jardunaldian jokatu zuten elkarren aurka, eta Aldai-Mendizabal bikoteak irabazi zuen. Arrizabalagak adierazi du partida hartan bera ez zela «oso fin» ibili eta orduan «egindako akatsak» zuzenduz gero aukerak edukiko dituztela txapela irabazteko.
Prest hitzordurako?
Bai, atzo [asteartean] aukeratu genituen pilotak, eta uste dut denok gaudela final hori jokatzeko gogoarekin.
Aurrean Amaia Aldai Lau eta Erdiko txapelduna izango duzue Mendizabalekin batera. Aurkari gogorrak dira, ezta?
Bai. Gainera, ligaxkan beraien kontra galdu egin genuen. Partida oso gogorra izan zen, eta Amaia kantxan egonda beti izango da lehia gogorra. Hortaz, lan asko egin beharko dugu txapela irabazteko.
Ligaxkan jokatu zenuten neurketa hartan 22-16 nagusitu ziren Aldai eta Mendizabal. Esan zenuen sentsazio txarrak izan zenituela. Zer hobetu behar duzu hartatik?
Bai, uste dut momentu horretan ez ginela oso fin ibili, ni batez ere. Agian jokoan Amaia gehiago saihestu behar genuen, eta ez genuen lortu. Partida horrek balioko digu irakurketa bat egiteko, eta finalean ez egiteko hor egin genituen akatsak. Uste dut hori eginez gero, eta Uxuek txapelketa jokatu duen moduan jokatuz gero, aukerak edukiko ditugula.
«Amaia [Aldai] Lau eta Erdiko txapelduna da, eta demostratu egin behar du zergatik den horrela. Orduan, presio horrekin joango dira, eta uste dut gu lasai goazela»
Partidaren gakoa izan liteke Amaia Aldai ahalik eta gehien saihestea?
Uste dut jokoa atzera eramatea izango dela bai haien bai gure estrategia, eta ea zein atzelarik egiten duen hutsegite gehien. Horrez gain, pilota aurrean dugunean ere gure aukerak baliatu behar ditugu. Hala ere, saiatuko gara Amaiak ahalik eta pisu gutxien izan dezala jokoaren ekimenean.
Faboritoak Aldai eta Mendizabal direla esango zenuke?
Ligaxkan eurak geratu dira lehenengoak, partida guztiak irabazita, eta txapelketa oso ona eginda. Orduan, uste dut faborito nagusiak eurak direla.
Eta hori zuen mesederako izan daiteke? Presio gutxiagorekin jokatuko duzuelako...
Bai, azkenean faboritoak izateak kalte apur bat egiten du. Presio hori duzu irabazteko. Gainera, Amaia Lau eta Erdiko txapelduna da, eta demostratu egin behar du zergatik den horrela. Orduan, presio horrekin joango dira, eta uste dut gu lasai goazela; irabaztera goaz, eta hobeto presioa eurek izatea.
Finala irabaztea edo maila txukuna erakustea motibazio iturri izan liteke Master Laboral Kutxa txapelketari begira?
Bai, txapelketa hau amaitu, eta Master Laboral Kutxa hasiko dugu. Beraz, honek balioko digu konfiantza hartzen joateko, eta bikoteka ere erritmoa hartzeko. Izan ere, txapelketa honen aurretik Lau eta Erdikoa izan da azkena jokatu duguna [Aldairen aurka galdu zuen finala], eta ondo etorri da halako bikotekako txapelketa bat Master Cup-a prestatzeko. Final txukun batek eta, ahal bada, txapel batek, motibazio handiagoa emango digu datorrenari begira.
Gaminderekin bikotea osatuz zuek zarete Laboral Kutxako egungo txapeldunak. Aurten ere helburu nagusietako bat izango da txapela lortzea?
Master Cup txapelketako binakakoa eta buruz buruz burukoa urteko helburu nagusiak izaten dira. Aurten Andrea Capellanekin jokatuko dut, eta oso gustura, gainera. Uste dut txapelketa oso polita izango dela, eta iazko emaitza errepikatu ahal badugu, ba pozik.
Capellanekin bikote ona osatzeko esperantza duzu?
Bai, iaz oso urte ona egin genuen batera, hainbat txapelketa jokatu genituen, baita zenbait irabazi ere. Kantxan ikusi zen nahiko ondo ulertzen genuela elkar; gure jokoa nahiko osagarria da, oso ondo konpontzen gara kantxa barruan, eta orain arteko emaitzak errepikatu ahal izatea polita izango litzateke.