Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Olaia Inziarte
Musikaria

«Ez doaz eskutik ibilbide luze eta oparoa edukitzea eta musikari ezaguna izatea»

Talde askotan ibili ostean lehendabiziko bakarkako diskoa atera du Olaia Inziarte (Oronoz, 1999) musikari nafarrak. Soinuekin eta estiloekin jolasean aritu da, baina diskoaren tituluan egiten du aldarri garbia, lehengo lepotik duela burua alegia. Proposamen interesgarria inondik ere plazaratu duena.

Audio_placeholder

«Ez doaz eskutik ibilbide luze eta oparoa edukitzea eta musikari ezaguna izatea»

Loading player...
Olaia Inziartek abangoardia eta tradizioaren arteko zubia eraiki nahi izan du ‘Lehengo lepotikan burua’ diskoarekin.
Olaia Inziartek abangoardia eta tradizioaren arteko zubia eraiki nahi izan du ‘Lehengo lepotikan burua’ diskoarekin. (Josu INZIARTE)

Kanon moduko batekin, emeki-emeki ahotsak gehituz hasten da ‘Lehengo lepotikan burua’ kantua, Olaia Inziarteren izen bereko lehen diskoa irekitzen duena. Amonari entzundako esaldi bat izan du abiapuntu, esaldi horrek ere pisua izan duelako bere burua musikaren munduan ikusten duen modua adierazteko. Disko eklektikoa dela dirudi, baina komunean elementu ugari dituzte kantuek. Guztiaren azalpenak eman dizkigu Oronozko artistak MusikHaria saioan.

Kaixo Olaia, zer moduz zaude?

Hobeki.

Hobeki?

Bai, gaixo nagoelako oraindik.

Animo, hortaz. Ideia nahikoa originala izan duzu diskoa zabaltzen duen ‘LLB’ kanturako, kanon moduko batekin hasten duzu zure lehen diskoa.

Bada halako frikada bat, looperrarekin egin nuen. A capellako tailer batean zebilen lagun bat eta horrekin ere obsesio bat nuen. Buruan banuen hitz perkutiboen kontu bat eta Kalakan taldearen ‘Sagarra jo’ kantuaren zera bat ere etortzen zitzaidan, panderoarekin bi-bi-bat erritmoa ere banuen buruan… Eta ez nekien zein instrumentu erabili! Bada hau sortu zen.

Nork esana da errepikatzen den esaldia?

Amatxik esan zidan pertsonaia ezagun baten inguruan ez dela aldatu esateko. Haren kasuan txarrerako zen, baina nire kasuan, Olaia txikiaren gauza onak salbatzeko moduan nituela ikusi nuen, eta horri egiten dio erreferentzia.

Gaixorik aipatu duzu  zaudela, Durangoko Azokako ajearen ondorioa izango da noski. Urtebete lehenagoko Durangoko Azokan ezagutu genuen, ordea, ‘Martzianoak’. Norberak bere burua arraro sentitzeagatik barkamena eskatzeaz hitz egiten duzu eta horrek egiten dit klik. Hori bizi izan duzu?

Buf, esistitze hutsagatik konstanteki barkamena eskatzen ibili naizela sentitzen dut. Lekuz kanpo sentitu izan naiz askotan, nahiz eta gero akaso horrela izan ez. Ironikoki eskatu ditut barkamenik beroenak kasu honetan, inori ez diodalako eskatu behar halakorik, minik ez dudalako sortu. Baina tradizioarekin ere apurtu dut maiz eta horri ere eskatzen diot barkamena nolabait ere.

R&B amerikarraren kutsua du, autotunearen erabilera txiki bat… Nahi duzuna egiteko lizentzia hartu duzu lan honetan, baina nondik eta norako bidea hartu nahi zenuen diskoa sortzerakoan?

Jolastu egin nahi nuen. Akustikoarekin sortutako abestiak dira, baina zubia eraiki nahi nuen horren eta elektronikoaren eta bestelako elementuen artean. Aldi berean ez nuen zubia guztiz zeharkatu nahi, gauza tradizionalei eta txikitatik aritu naizen kantugintza estiloa ere bertan nahi nuelako. Elementu organikoak behar nituen, betidanik hortik mugitu naizelako, baina nahi nuen eraldatu sobera urrundu gabe. Ez da A ala B, ez duzu zubia zertan zeharkatu, eta abaniko zabal hori aprobetxatu dut eta asko disfrutatu, nire burua ez dudalako mugatu.

Bidelagun izan dituzun Josu Erviti, Eric Deza, Ander Untzaga eta Joseba San Sebastian ere garrantzitsuak izango ziren disko honen eraiketan, ibilbide luzeko musikariak direlako guztiak ere.

Josebak bi kantu grabatu zituen, organikoan diren biak, ‘Zure mina’ eta ‘Zerua gorriz’. Josu Erviti, berriz, bizitzarako pertsona garrantzitsua da, konplizea, asko lagundu nauena. Josu eta Ander berak aurkeztu zizkidan, bizitzako momentu antzekoan ginela uste zuelako eta horrela hasi ginen lanean, ‘Zure mina’ grabatzeko soilik hasiera batean. Zuk erran bezala, ez doaz eskutik ibilbide luze eta oparoa izatea eta musikari ezaguna izatea. Pertsona moduan sekulako kalitatea dute eta horrek garrantzia gehiago du nire ustez musikari benetan finak izateak baino. Kasu honetan biak bateratzen dira.

Sorkuntzarako garaian parte hartu dute edota zuk prestatu dituzu konponketa guztiak?

Nik akustikoarekin eta ahotsarekin lerro batzuk grabatu nituen eta horiek erakutsi nizkien, diskoan zeudenak baino gehiago ziren hasiera batean abestiak. Etxean estudiatu zituzten eta lokalean elkarrekin hasi ginen kantuak gorpuzten. Lehendabizikoa izan zen ‘Zure mina’ eta ia nahi gabe atera zen. Baina, bestela, entseatzen ordu asko eman genituen, ostiral goizak horretarako hartu genituen. Dena lotua genuelakoan ginen, baina soinuaren bilaketan denbora asko pasa genuen, blokeatzera iritsi arte ia-ia. Kantuak eta egiturak bazeuden, eta haiei forma ematen lagundu zidaten. Nik gitarra eta teklatuak ez ditut haien mailan jotzen inondik inora, eta hori gakoa izan da.

Teklatuaren atzean edota abesten ikusi zaitugu beste hainbat proiektutan, Pleuran, Joseba Tapiarekin edota Chica Sobresaltorekin, besteak beste. Noiz erabakitzen duzu bakarkako bidera pauso hori ematea?

Beti egin nahi izan dut baina ez da testuinguru sobera aproposik eman. Autoestimu musikala ere ez dut sobera izan, tira, ezta autoestimua orokorrean ere. Niretzako disko bat egin nahi izatearen beharra nuen, baina ni benetan mugituko ninduen zerbait behar zuen izan, talde batekin, eta guztia batera gertatzea ez da erreza izan. Une bat iritsi zen momentua hori zela ikusi genuela Josuk eta biok; estudioa libratu zitzaion ekainean eta aita izatera zihoan abuztuan. Bada martxoan elkartzen hasi ginen eta hor ohartu nintzen, kontziente izan gabe, disko bat lantzen ari ginela eta ero baten pare jarri nintzen gauzak ahalik eta finenen egiteko.

Bertso erreferentzia asko dituzu zure abestietan. Bertsolaritza etxetik jaso duzu edota zuk izan duzu interesa?

Etxetik ez dut bertsolaritzarik jaso, aitatxik bai maite zuela uste dudala, baina 9 urte nituela hil zen. Lagunekin bizi izan dudan zerbait izan da, kuadrillako bat badelako bertsolaria eta haren aita ere badelako. Lagun gehiago ere badira bertsotan dabiltzanak. Lazkao Txikirenak marrazki bizidunetatik jaso nituen eta ispiluari egindako bertsoek asko markatu ninduten. Hala ere, bertso eskolan ere ibilia banaiz urte batez edota pare batez Alazne Untxalorekin ikasten.

Aurretik aipatu duzun kantautore izaera horretatik gertuen dagoen abestia ‘Lagun’ da. Ile xuria aipatzen duzunean, askok edadeko norbait irudikatuko du, baina beste izaki bizidun bati abesten diozu.

Laguntxin nire zakurra da eta baditu dagoeneko hamabi urte eta erdi. Sukaldean nintzen batean, bera ondoan nuela, mugikorra jarri nuen grabatzen bere aurpegiaren aurrean, eta lokartzen joan zen abestia sortzen ari nintzen bitartean. Orduan zortzi urte zituen eta inprobistatutako hori noizbait ongi grabatu nahiko nukeela esan nion nire buruari. Omenaldia egin nahi nion, nahiz eta berak ulertu ez.

Zure konfidente partikularra ere izan da.

Sortzaileok badugu askotan artista puntu hori, bazterrak nahastuz dena poetizatzen hasten garena, metafisiko jartzen gara eta ondoan dugunari ez diogu erreparatzen. Joan izan naiz zakurraren ipurdira eta hor dagoenari ez diot abestu, eta horri kantatu behar zaio gehien.

Zakurren arteko lotura bat ere bada ‘Zerua gorriz’ kantuan.

Bai! Pettiren zakurra nirearen anaia delako.

Zuk beti esan duzu Petti erreferente bat izan dela, hau zer da, ‘check’ bat zure egitekoen zerrendan?

Bai, erabat. Ni musikara kontzienteago hurbildu nintzenean, beti izan da erreferente bat Petti. Berako musika mugimendua beti izan da erreferentzia bat, hurbil ditugulako, eta Baztan inguruko musikari askorentzako hori horrela da. Pettik Etxeko uztarekin bazuen kantu bat ‘Ni naiz’ deiturikoa eta horrek arrastoa utzi zuen nigan eta beti egon da nirekin. Niretzako hau egin ahal izana eta halako erreztasunarekin aitzinera eraman izana sekulakoa da. Gogoratzen dut estudioaren beheko aldean ahotsa grabatzen ari zela eta goiko aldean Josu eta biok elkarri begira ginelarik zeharo hunkitu nintzela.

Rocka eta fandangoa uztartu dituzue. Txistuak biok jo dituzue?

Ez, baina berak askoz hobekiago jotzen du txistua.

Elkarrekin Hertzainaken kontzertuaren atarikoan aritu zineten BECen.

Surrealista izan da erabat. Zein jenderekin nintzen, non, Pettirekin abestera atera behar nuen… Eta elkarrekin txistukatu genuen kantua, urduritasunarekin moztu eta guzti egin zitzaidan. Kontzientzia dudanetik etxean egon diren artistez inguratuta nintzen han. Pettik esan zidan irten aurretik disfrutatu egin behar genuela, momentu hori ez zelako sekulan ere errepikatuko.

Balts argentinar bat iruditu zait ‘M.J.’ abestia. Kristina Aranzabe, Leire Leturia eta Joseba Tapia izan dituzu lagundu kantu honetan.

Nik hori egin nuenean, ez nuen burutan diozun estiloa. Kantu hau trikitiarekin egin nuen eta Josebari bidali nion, akaso noizbait disko bat grabatzen banuen, amatxiri interludio hau eskaini nahi niolako, M.J. Maria Jesus baita, nire amatxi. Josebak esan zidan egingo genuela eta bi soinuak ekarri zituen grabaketara, handia eta txikia. Bada handia hartu zuen eta hori egin zuen diozun kutsua hartuz.

Nola abesten duzuen, aipatzekoa, enpastatuta zaudetelako zeharo. Bakoitzak bere aldetik grabatuko zenutela pentsatzen dut.

Ez, denek aldi berean grabatu nahi genuen. Jota baten zera hori nuen buruan, eta tenpo aldetik elkarrekin joateko hala behar zuen, klaketarik gabe dagoelako egina. Gitarra atzetik grabatu nuen eta zirku bat izan zen hori. Josebak berea grabatu zuen eta gero elkarri begira grabatu genituen ahotsak.

Olatz Salvadorrekin ‘Behe klasekoa’ hit-a egin duzu. Ez dakit nondik hasi, baina herri txiki batekoa izan eta behe klasekoak garenontzat eskertzekoa da halako kantu bat sortu izana. Kosta egiten da posizio hori onartzea.

Langile klasekoa erratea gustatzen zait, baina goitik behera begiratzen digutenek horrela diote eta horri keinu bat egin nahi nion. Konplexu handi bat bezala bizi izan da hori. Herri bezala konplexu asko sortu dizkigute, etxe xume batekoa izatearen konplexua edota erdara traketsa izatearena. Nire amatxik lotsa hori bizi izan du, espainolek eta inbaditu zutenek sortutako lotsa. Hondare hori badago eta horrekin hautsi egin behar dela uste dut, onuragarria ere badelako konplexu horiekin bukatzea.

Hemen diozu kontuz ibili behar dela besteen minarekin, batez ere besteena delako, eta elkarrizketan aurretik ere ‘Zure mina’ aipatu duzu. Minetik asko du disko honek, ezta?

Nahiko nuke pozik nagoenetan idatzi, baina ez dut ohiturarik. Minetik, haserretik eta ezinegonetik dago asko, sentimendu indartsuak direlako. Zerbait sendagarria da kantuetara eramatea eta ahalduntze moduko bat sentitzen dut kontu horiek abesti bihurtzerakoan. Aipatu duzun azken kantua egiterakoan, bukatzean, bakea sentitu nuen.

Disko eklektikoa iruditzen zaionari zuzenekoan zentzua duela erakutsi zenuen Ahotsenean. Hura ikusi ezin izan zuenak, non izango du aukera?

Ostegun honetan, abenduak 22, DabaDaban izango du lehen aukera. Urtarrilaren 7an Azpeitiko Sanagustinen ere izango da aukerarik. Hegoaldeko hiriburu guztietan lotuta ditugu datak eta espero dut iparraldekoak ere etorriko direla. Aurkezpen kontzertuen atzetik etorriko dira data gehiago.

Diskoa non eskuratu daiteke orain? Izan ere Durangoko Azokara 300 disko eraman eta guztiak saldu zenituen.

Eskatu ditugu kopia gehiago, baina ez ditugu jaso oraindik. Edukitzearekin pentsatuko dut zer egin, baina ideia da kontzertuetan saltzea eta etxeetara bidaltzea edo eskura ematea. Eta beste kopia batzuk banatuko ditugu ohiko dendetara ere.

Mila esker eta gozatu bideaz Olaia.

Mila esker aunitz espazio honengatik.

Jaurlaritza Logoa