Zuzenean

Elkarrizketa
Jon Garcia Del Val
Del Val musika proiektuaren sortzailea

«Erritmo sinpleak eta elementu minimalistak dituzte abestiek, gero mila forma hartu ditzakete»

Jon García del Valek, Del Val proiektuaren sustatzaileak, bere lehen diskoa kaleratu du, homonimoa. Bidelagun izan ditu Eric Deza gitarrarekin, German Ruiz-Alejos baxuan eta Ruben Sanchez baterian. Del Valek ahotsa eta sintetizadoreak gehitu dizkio guztiari. Neguan hasiko da zuzenekoak eskaintzen. 

Audio_placeholder

«Erritmo sinpleak eta elementu minimalistak dituzte abestiek, gero mila forma hartu ditzakete»

Loading player...
Jon Garcia Del Val arrasatearrak Iruñeko garaiaik baliatu ditu bere proiektua aurrera eramateko.
Jon Garcia Del Val arrasatearrak Iruñeko garaiaik baliatu ditu bere proiektua aurrera eramateko. (Irati AIZPURUA)

Zer moduz zaude?

Ondo, mila esker, gonbidatzeagatik.

Proiektu pertsonala da, baina gainerako musikariekin zabaldu egiten da.

Gogoa neukan zerbait egiteko, kantu propioak sortzeko. Jazz munduan nenbilen, gitarra jotzen, abesten hasi nintzen beranduago eta blues errepertorio bat sortu nuen eta kontzertu batzuk ere eman nituen. Baina zerbait sortu nahi nuen, coverrak eta egitea ez zen asegarria, eta salto hori eman dut honaino, egia esanda, espero ez nuen eremu batean. Bluesa abesterakoan letrak oso zaharrak dira eta horregatik hasi nintzen abestiak sortzen, gazteleraz eta euskaraz, baina sonoritatea ez zitzaidan gustatzen eta estiloz aldatzen joan nintzen. Etxean, poliki-poliki joan naiz egiten.

Kantuak Arrasaten sortu dira?

Iruñean bizi izan naiz 11 urtez, eta ideia asko han sortu ziren, baina etxera itzultzean, Pandemia hasi aurretik, estudio txiki bat egin nuen eta bertan ondu dira abesti hauek guztiak.

Talde moduan hastapenetan zaudete, nolatan elkartu zarete?

Denok jazza ikasi dugu Iruñeko kontserbatorioan eta Germanekin bi urtez elkarrekin bizi ere bai. Eskolan elkarrekin, jam saioak, kontzertuak parrandak… gauza asko egin dugu elkarrekin. Ruben Salamancatik etorri zen eta Iruñean bizi da, Eric ere bertan dago Eibartik joanda… Bada familia txiki bat osatu dugu.

‘Atrapados’ kantuarekin irekitzen da diskoa. Drum'n Bassa eta Groovea uztartzen diren kantua.

Nik demoan groovearen zati hori sartu nuen eta Rubenek hobetu, jakina. Baina gero beste zatitxo hori, drum & bassarena, denon artean egin genuen, leherketa polita. Hansek ere eskua sartu zuen hor.

Hans Krugerrez ari zara, ekoizle papera ere hartu du?

Bai, iritziak eta ematen zituen eta probatzen genituen hark esanak, hortaz, eskertuta gaude oso.

Bateriaren bonboaren soinua ere hark hautatu du?

Partxearen soinua entzuten da eta badaezpada beste bonbo bat grabatu genuen, ohikoagoa. Hansen erabakia izan da eta Rubenen onespena lortu zuen.

Abestia zertaz doa, depresioaz edo pandemia osteko garaiaz?

Ez nuen pandemiaren zantzurik egotea, efimeroa den zerbait delako. Depresio puntu horretatik dago sortuta, Iruñetik Arrasatera joan arteko momentuaz ari naiz, antsietate askorekin bizi izan nuelako etxera itzultze hori.

Estilistikoki definitzeko ez da erreza zuen musika. Pop eta indiearen artean dagoela esango nuke.

Norbaitek esan zidan the blue of pop zela eta asko gustatu zitzaidan.

Blue, tristea delako edo bluesaren eragin horregatik?

Biengatik, hitz joko moduan hartu nuen. Baina abestiek badute malenkonia hori eta tristura puntu hori, hortaz, gustatu zait the blue of pop hori. Idazterakoan ez nekien zer jarri eta badut hor estilo bat.

Kantuak zabalak dira musikalki.

Horren bila nenbilen, erritmo sinpleak eta elementu minimalistak dituzte abestiek. Gero proiektuak mila forma hartu ditzake, pentsa, txelo eta marimba batzuekin ere defenda daitekeela esango nuke diskoa.

Oinarri sendoa ematen dio guztiari baxuak.

Germanek sekulako lana egin du hor. Nik nahikoa sinple egin nuen demoetan eta berak efektu eta jotzeko moduarekin pertsonalitatea eman dio diskoari.

Post rock ukituak, berriz, Eric Dezaren gitarrak ematen die kantuei.

Eskertzen da, bide hori ere jorratu nahi nuelako eta askok akaso ez duela nabarituko uste dudalako. Zuzenekoak ematen ez gara hasi eta falta zaigu bukle batean sartu eta minutuak eta minutuak jotzen ibiltzea gauza berdinekin bueltaka.

‘Darwin’ kantuan handinahikeriaz ari zara, baina kapitalismoari kritika ere badagoela iruditu zait.

Bai, hortik doa pixkat. Lehenak izatea, onenak izatea da denok nahi dugu eta horren atzean zer dagoen norberak bere buruari galdetzea da nahia.

Gaur egun zein da zure ustez gizartearen opioa?

Sare sozialak izan daitezke, adibidez.

‘Felicidad’ kantuan aipatzen duzu hori, kantu poperoenean.

Singlea izan zen eta aspaldiko partez lehengoan entzun nuen eta konturatu nintzen beste mundu batean dagoelako kantu hau, erritmo kutxagatik-edo.

León Benavente ekarri dit burura.

Gainera bideoklipak badu estetika hori ere, asko gustatzen zaidan taldea da León Benavente.

Kantu denak minorretan, blue hori ere hor badago.

Bai, hala da. Maiorretan ez dut gutxieneko maila duen abesti bat egiteko gaitasunik izan, baina ez da gogo faltagatik izango. Ez zaizkit kantu alaiak irteten.

Proiektu hau martxan jartzeak apustu serioa eskatzen du, zalantzarik izan zenuen?

Momentuero nabil zalantzetan, eman beharreko pausu bakoitzean. Gorabehera asko izaten ditut, batzuetan behean nago eta besteetan goian. Baina kantuak grabatu egin behar nituela sinistuta nintzen, demoak taldekideei bidali, estudioko data batzuk hartu, entseatzeko beste batzuk eta horrela sortu dira guztiak. Estudioan lan asko egin dugu, astebetez izan ginen bertan.

‘El silencio’ kantuaren introa oso berezia da.

Nik demoa egin nuen eta Ericek sartu zituen gitarraren efektu horiek. Gero, aipatu sintea Hansen estudioko moog zahar bat dela. Nik ez nekien ea balio ote zuen ere, eta Hansek probatzeko esan zidan eta oso soinu berezi eta goxoa ateratzen du, horregatik geratu da bertan.

Frontman bat sintea jotzen ez dakit Euskal Herrian sekula ikusi dugun. Diot, bideoklipetan formazio horretan ikusi zaitugulako. Horrela ibiliko zara zuzenekoetan?

Abestea eta sinteen pisua eramatea ez da erraza izango. Gitarra eskuan dudala abestu dut beti eta ezkutu moduan erabili izan dut. Bideokliparen grabaketara ere eraman nuen badaezpada eta hartualdi batzuk ere egin genituen. Baina Hannot Mintegiak kentzeko esan zidan eta mikroarekin soilik agertu naiz eta horrela behar zuela esan zuen, bada horrela geratu da.

Barne bakeari buruz ari zara abesti honetan. Errazagoa da dena barne bake horrekin topo egiten denean?

Pandemian etxean bakarrik ginenetan oso gustura ginen, bake horretan idatzita dago, etxean eta gustura.

Gero berriz momentu horiek topatzea kosta egin da.

Saiatzen zara eta ez duzu lortzen, ia ezinezkoa da. Eta inspirazioaren bila ere momentu horien bila aritzen gara, baina ez bat ez bestea ez dituzu lortzen normalean. Bakarrik etortzen dira, edo ez dira etortzen bake momentu horiek.

Segidan dator ‘No te atreves’ kantua. Itzulera kosta egin zen?

Iruñean ondo nengoela uste nuen baina ez nengoen ondo, Arrasaten asteburuak pasatzen hasi nintzen gero, eta hiru lau urteren bueltan kosta zitzaidan baina itzuli nintzen eta zorioneko erabakia izan zen.

Testurekin jolastu duzue pixka bat, baina klaketa edo gabe egin duzue lan?

Entseatzerakoan klaketa gabe, baina zuzenekoetan ezin bestekoa da klaketarekin joatea, delay asko dagoelako eta galdu egin gaitezkeelako, eta bateriak ere badituelako bere isiltasunak.

Perfekzionista zara?

Gehiegi. Gustatuko litzaidake ongi irten den lehen aukerarekin geratuko banintz, baina atzetik beste 10 buelta ere ematen dizkiot nahiz eta lehenarekin geratu gero.

Kontserbatorioaren ajeak?

Bai, zorrotza da eta psikologikoki gogorra. Gero Jam sesioak terapia moduan etortzen ziren, denarekin apurtu eta kanporatzeko barruko guztia.

‘Si no hablo’ diskoko kantu konplexuena iruditu zait, ez dakit ados ote zauden.

Ez dakit esaten konplexuena den edo ez, baina ni emaitzarekin ez naiz guztiz gustora geratu. Asko kostatu zitzaigun abesti honek bidea egin zezan, norabait eramate hori. Gero badu efektu polit bat tono aldaketarena eta baditu gauza politak, jolas egin dugulako, baina ez naiz erabat asebeteta geratu kantu honekin.

Iragan gogorra pasa duen pertsona ikusten dut abestian.

Ni naiz. Iragan gogorra ez dakit, baina momentu gogorrak pasa dituena bai, burua ezin isilduta eduki dudana. Kanpora gauzak ateratzen ez dut jakin eta musikak asko lagundu dit bide horretan. Gainera ni bezala akaso jende gehiago ere izango da eta hori elkarbanatzeak ere asko laguntzen du.

Bideoklipetan dantzari bat ere ikusi dugu.

Zoe Martikorenaren erabakia izan da hori, berarekin egin baititu bideoak. Miti konpainiarekin jarri ginen harremanetan eta bilera batzuren ostean hau izan da lortu dugun emaitza. Abesti bakoitzaren emozioa eta nondik norakoak aipatu nizkien eta dantzariek hori guztia gorpuztu dute. Beraz, oso eskertuta nago bai Zoeri eta baita Mitikoei ere.

‘Todo brilla’, kantu ilunena da. Errepikako klimaxa hustasunean dago hemen, tendentzia berrietan horrela izaten omen da.

Ez zaizkit leherketa duten errepikak gustatzen, beste bide batetik topatzen saiatzen naiz nire musikan hori. Erabaki estetikoa da eta nire burua ez dut errepika dantzagarri edota futboleroak amesten ikusten.

Baina hitzetan aipatzen den pertsonetan akaso bai. Itxurakeriaren aroan bizi gara?

Bai eta zentzu denetan. Denak berria izan behar du, izan erropak, kotxeak, gure gorputzak, gimnasioara joan beharrak… Eta, gainera, gaizki begiratzen diegu horrela bizi ez direnei.

Disko fisikorik bada?

Ez, ez delako askorik erabiltzen eta zuzenekoetan saltzen direlako. Ez gara zuzenekoekin hasi, zazpi abesti grabatu ditugulako eta gehiago behar direlako kontzertu bat eskaintzeko. Kantu berriak badira, hizkuntza aldaketa ere izango da, euskaraz ere abestuko dudalako. Bada horiek landu, grabatu eta zuzenekoak prestatzen hasiko gara. Datorren neguan edo beranduago etorriko da guztia.

Etorkizunean, ‘blue’ izaten segiko dute kantuek?

Bai, nire izaerarekin bat doa. Ez dakit noraino helduko garen, momenturen batean ez nuela kontzerturik emango uste nuelako. Aparat taldekoei entzun nien denbora asko pasa zela kantuak sortzetik kontzertuak eman arte, eta nire burua ere akaso horrela ikusten dut. Baina su baxuan egosten joango gara proiektua.

Jaurlaritza Logoa