Zuzenean

NAIZ irratia

Zineak eta telesailek lekua izango dute NAIZ irratiko ‘Bideokluba‘ saioan

Klandestinoki, bezeroen arteko isilpeko paktu bat mantezduz hasi du bere ibilbidea ‘Bideoklubak’. Film eta telesailen apaletan galtzeko eguna izango dira ostegunak (19:00) NAIZ irratian. Isilpeko paktuak alde batera utzita, NAIZ irratiko webgunean eta podcast plataformetan daude orain arteko saioak.

Naiz Irratiako BideoKluba saioa, Maite Bidarterekin
Naiz Irratiako BideoKluba saioa, Maite Bidarterekin (NAIZ irratia )

Zinea eta telesailak maite badituzu hitzordua duzu NAIZ irratian. Ostegunero, arratsaldeko 19:00etan,  Maite Bidartek ‘Bideokluba’ -ko ateak irekiko dizkizu. Asteroko zine estreinaldiak errepasatuko dira noski, eta pantaila aurrean, egun dagoen eskaintza erraldoiaren aurrean ez kokiltzeko proposamenak egingo dituzte 'Bideokluba' saioko kolaboratzaileek. Maite Bidarterekin batera, bideoklubeko mostradore atzean prest dira bezeroen eskari eta zalantzak asetzeko prest: Aimar Erkiaga, Zigor Etxebeste, Pello Gutierrez, Itziar Lamarka eta Nekane Madariaga.

Bideoklubeko apalei hautsa kentzen arituko da Zigor Etxebeste donostiarra. Hilabetean behin klasiko bat ekarriko du esku artean. Etxebeste Valladolideko Unibertsitateko Zine Katedran Zinematografiaren Historian eta Estetikan Espezialista da eta zinemagintza alorrean hainbat artikulu eta aldizkaritan hartu du parte, baita Julio Medem zuzendari donostiarraren inguruko liburua idatzi ere (Ediciones Cátedra, 2010). Zine zale amorratua, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko jaialdian sekula hutsik egiten ez duen horietako bat da, ez da kasualitatea bere lehen kolaborazioan genero beltzeko film bat ekartzea: Rosemary's Baby (Roman Polansky, 1968). ‘Zergatik dago Rosemary`s Baby filma klasikoen apalean?’

‘Zine forentsea’ ezizen hori du Pello Gutierrezek Bideoklubean. Ekoizle eta zinemagilea, 2007tik bidelagun ditu Zazpi T'erdi kolektiboan David Aguilar, Juanmi Gutierrez eta Iñaki Sagastume. Haien lanek arreta berezia jartzen diote filmaketa prozesuari eta errealitatearekin duten harremanari; ez-fikzioa eta zinema esperimentala lantzen duten filmak dira. Filmeetako forentse onenek bezala, eszena bat hautatu eta kanpoko itsura atzertuko du lehenik, laginak atera ondoren eta bukatzeko analisia egingo du geruzaz geruza. Wes Andersen zuzendariaren ‘Fantastic Mr. Fox’ filmaren amaierako eszena da aztertutako lehendabizikoa.

Gidoigintzaz arituko da tarteka Itziar Lamarka. Egun SGAE fundazioak emandako beka bati esker bere lehen film luze baterako gidoia idazten ari da Sara Martoranarekin batera:  ‘Ez Da Lurrik’. Gidoigintza metodo, trikimailu eta tendentzien inguruan arituko da. Lehen bisitan,  Syd Field-en paradigma landu zuen, gidoiak idazteko klasiko bat. Lamarka gehiagotan bisitatuko du Bideokluba, Nekane Madariagarekin batera telesail hautaketa bat egingo baitu hilabetero. Kontaezinak dira hilabetero plataformetan estreinatzen diren telesailak, hautaketa lana erraztuko du bikote honek, beraiei utziko diegu lan zikina.

Bideoklubeko bezerorik fidelena Aimar Erkiaga da. Zinema karteldegia errepasatu eta hautaketa bat egingo du, tarteka plataformetan estreinatuko diren filmak ere ekarriko ditu. Ikus-entzunezko ikasketak amaitu berri doktoratuari ekin dio Lekeitiarrak orain. Bere ikerketa gaia: amaren figura Hego Korear zinema olatu berrian.

Bideokluba saioa ostegunero izango da arratsaldeko 19:00etan. NAIZ irratiko webgunean eta Podcast plataformetan entzungai izango dituzue saio denak.

 

 

Jaurlaritza Logoa