Zuzenean

Arkaitzerreka errekara, erraustegiaren isurketak iristen diren lekura. Mendi martxa.
Arkaitzerreka errekara, erraustegiaren isurketak iristen diren lekura. Mendi martxa. (Jon Urbe | FOKU)
Eli Pagola

Erraustegia: ur kutsatuak nahasi eta ezkutatu

Pasa den larunbatean Errauketaren Aurkako Mugimenduak ibilaldi gidatua eskaini zuen Zubietako Arkaitzerrekan (Gipuzkoa). Bertan, gaiaren gaineko argitasun falta eta ezkutatu nahia salatu zituzten.

Audio_placeholder

Erraustegia: ur kutsatuak nahasi eta ezkutatu

Loading player...

Zubietako (Gipuzkoa) Artzabaleta baserritik 300 metro eskasera, erraustegiaren betelanaren sakoneran dago azken hilabetetan, isuri gorrixka dela eta, ezagun egin den tutua. Arkaitzerreka igarotzen da tutu horretatik, erraustegia egiteko lanek bailararen forma aldatu eta errekari bide eman beharrez. Emari gutxirekin dator oraingo honetan baina kolorea bizia eta kirats sarkorra dario.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak salatu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Ura Agentziari ponpaketa-sistema bat eraikitzeko baimena eskatu diola eta asmoa dela, sistema honen bidez, kutsaturiko ura Loiolako araztegira eta handik itsasora desbideratzea. Modu horretan, Zubietako erraustegiaren «biktima eta kutsadura adierazle nagusia» ezkutatuko dute.  Errausketaren Aurkako Mugimenduak adierazi du «oso kezkatuta» daudela, batetik, informazio faltarekin eta, bestetik, «kolore guztietako alderdi politikoen isiltasunarekin».

NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioan jaso ditugu Joxe Mari Irazustak ibilaldian irakurritako komunikatua eta emandako azalpenak. Arkaitzerreka, Zubietako erraustegiaren pozoien biktima dela salatu zuen. Ez da oraingo gauza baina, «2020ko maiatzean Zubietako herritarrak ohartu zirenetik, bi urte eta erdi hauetan kutsatuta datoz Arkaitzerrekako urak eta tartean harrapatu dituen arrain guztiak akabatu ditu» esan zuen Irazustak bertaratutakoen aurrean.

Bi urte eta erdiotan Zubietako jendeak eta erraustegiaren kontra eta hondakinentzako alternatiba hobeen alde ari diren gizarte mugimenduek eten gabe eskatu dute informazioa, salatu dute pozoiketaren arriskua etaeskatu dituzte erantzukizunak. Baina pareta batekin egin dute topo.

Irasustak emandako informazioaren arabera, erraustegiaren kudeatzaileek, instalazioen ardura duen GHK partzuergoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak hasieran ukatu egin dute Arkaitzerrekako kutsadurak erraustegiarekin zerikusirik bazuenik. «Geroztik, loturaren bat badagoela onartu dute baina herritarrei ez diete azaltzen zer gertatzen ari den». Eta hondakinak erretzeko prozesuan «berdin-berdin segitzen dute».

Gizarte mugimenduen lanari esker, eta Gipuzkoako fiskaltzak ikerketa bat abiarazi duelako, erraustegian gertatzen ari diren arazoen zantzu batzuk azaldu dira.  Baina Irazustak dio GHKko «arduradunak ahopetik hasi dira onartzen zenbait matxura dauzkatela, suteak gertatu zaizkiela instalazioetan, erraustegiak filtrazioak dauzkala» eta horregatik herritarrek segitzen dutela jakin gabe zer ari den gertatzen.

Azken albistea da erraustegiaren arduradunek erreka horretan, «justu kutsadura dakarren tutua lurpetik ateratzen den aho horretan, lau metro kuboko biltegi handi bat eraiki eta ur pozoitua erraustegiaren mailaraino igo nahi dutela, han saneamendu sarearekin lotzeko».  Alegia, erraustegian zer gertatzen ari den argitu gabe, pozoiak nondik alde egiten duen aitortu gabe eta ihesa konpondu gabe... «ur kutsatuak bidali nahi dituzte etxeetako komunetako ur zikinak balira bezala» Loiolako araztegira, azkenean Donostian itsasoratzeko.

Azalpen denak Errausketaren Aurkako Mugimendutik antolatutako bisita gidatuan eman ziren. Gertatzen dena azaltzeaz gain hainbat eskari egin zituzten. Agintariei axolagabekeria behingoz eten dezaten, jendeari esan diezaioten benetan zer ari den gertatzen eta erraustegia gelditu dezaten. Komunikabideei  ere eskaria:  kontatzeko Zubietan gertatzen ari den delitu larri honen egiak.

Jaurlaritza Logoa