Zuzenean

Eli Pagola
Elkarrizketa
Nerea Mandaluniz
Neiker ikerketa taldeko kidea

«Lurzoruak karbono gehiago xurgatzen du abereen bazkatze erregeneratiboaz»

Neiker ikerketa taldeak kasik hamarkada bat darama larratze edo bazkatze erregeneratibo edo berreratzailea ikertzen eta dagoeneko heldu da zenbait ondorio interesgarritara. Ganaduak era horretan bazkatzeak, esaterako, lurraren emankortasuna hobetzen du eta klima aldaketa arindu dezake.

Audio_placeholder

«Lurzoruak karbono gehiago xurgatzen du abereen bazkatze erregeneratiboaz»

Loading player...
 Beizamako (Gipuzkoa) Arreta baserria. Idiazabal jatorri-deiturako ardi latxaren gaztak egiten ditu, eta 2007ko Munduko Gazta Onenaren saria jaso dute.
Beizamako (Gipuzkoa) Arreta baserria. Idiazabal jatorri-deiturako ardi latxaren gaztak egiten ditu, eta 2007ko Munduko Gazta Onenaren saria jaso dute. (Jon Urbe | FOKU)

Neiker zentroa bost sailetan banatua dago eta, bostak elkar lotuta eta koordinatuta dauden arren, abere ekoizpenari eta natur baliabideen kontserbazioari dagozkienak arduratu dira larratze erregeneratiboaren gaineko ikerketa honetaz. Mandaluniz NAIZ Irratiko ‘Gelditu makinak’ saioan izan da eta lanaren nondik norakoen berri eman du.

Nola ekin zenioten artzaintza erregeneratiboa ikertzeari?

Abeltzaintza sistemak ikertzen ditugu eta, bigilantzia teknologikoa egiten dugunez, ikusi genuen larratze erregeneratiboa edo berreratzailea emaitza interesgarriak ematen ari zela Hego Amerikan eta beste zenbait lekutan. Antzeko emaitzak lor ote zitezkeen ikertzeko, zenbait proiektu eskatu genituen gurean ditugun baldintzetan eta bertako arrazekin. Izan ere, bazkatze erregeneratiboak hiru gako ditu: hasteko, zelaia zati txikietan banatzea; jarraian, animaliak egunero zatiz aldatzea (zelai bakoitzean karga altuan eta momentu laburrean ibilarazi); eta, ondoren, animaliak behin bertatik aterata, nahikoa atseden-denbora ematea belardiari berriz abereak sartu aurretik.

Zein hipotesi zenituzten abiapuntutzat?

Gure hipotesi garrantzitsuena zen bazkatze mota hau erabilita benetan lurraren osasuna hobetzen zela. Proiektua Life deialdira aurkeztu genuen, zehazki, lurzoruaren osasunaren blokera. Beraz, ildo horretako galderak planteatu genituen: sistema honek karbono gehiago xurgatzen du? Ura gordetzeko ahalmen handiagoa du? Belarrean badu eraginik? Eta animaliengan? Erantzunak, betiere, jasangarrita- sunaren ikuspegitik bilatu ditugu, izan tekniko-ekonomikoa, ekologikoa eta soziala.

Nola antolatu duzue hauspo luzeko ikerketa hau?

Hiru mailatan egin dugu lan: batetik, lurzoruari begira; bestetik, landarediari begira; eta, hirugarrenik, artaldeari begira. Lortutako proiektu eta dirulaguntzen arabera joan gara lan-egiturak antolatzen eta egokitzen. Gure artaldea bi talde homogeneotan banatu dugu eta lursailak ere erdibitu egin ditugu. Batean artzaintza konbentzionala egiten segi dugu eta, bestean, sistema berreratzailea aplikatu dugu. Modu horretan, kontroleko artalde bat eta ikerketaren laginak lortzeko bestea ditugu.

Klima larrialdia arintzeko zein faktore antzeman dituzue?

Emaitza oso interesgarriak dira, erakusten dutelako karbono gehiago xurgatzen duela lurzoruak honelako larratzearekin. Prozesu horretan garrantzi handia dauka zelaiari ematen zaion atsedenak. Bestalde, materia organiko gehiago dagoenez, ur gehiago dago eta bioaniztasun handiko lurzoruak osatu dira. Aldaketa klimatikoari begira, zuzeneko eragina dute bi gertakariok.

Sistema erregeneratiboan belar gehiago ekoitzi da eta, gainera, aipatzekoak dira aldaketarik pairatu ez duten arloak ere, zeren eta esne produkzioa ez dela aldatu ikusi dugu, ezta kalitatea ere; koipeari eta proteinei begirako konposizioa mantendu egin da. Gantz azidoen profilari erreparatutakoan, berriz, espero baino aldaketa gutxiago erregistratu dugu. Beraz, ondoriozta daiteke aldagai honetan garrantzi handiagoa duela larratzeak larratzeko moduak baino.

Abeltzaintza klima aldaketan eragina duten zenbait isuriren erantzulea da. Zuek, aldiz, larrialdia arintzen lagun dezakeela diozue.

Sistema guztiek dituzte alde onak eta hobetu beharrekoak, baita honek ere. Egia da metano isuriak daudela, baina sistemaren araberakoak dira eta lurzoruari lotuta dauden metodoek beste zerbitzu ekosistemiko asko dituzte eta hor balantza bat jarri behar da.

Jaurlaritza Logoa