Zuzenean
Ane Gorosabel da nekazarietako bat. Duela 9 urtetik du ortua Bergaran eta barazki ekologikoak ekoizten ditu bertan. Dioenez, ortu txikiarekin hasi zen eta pixkanaka joan da handitzen bere neurriko lekura heldu arte.
Iker Yurrebaso da bigarrena. 10 urte daramatza Igorren duen ortua lantzen eta ekoizpen nagusi ditu barazki ekologikoak, frutak, zukuak eta mermeladak.
Bata zein bestea, poliki-poliki joan dira euren proiektuak egonkortzen. Esaterako, bergararrak dio 4. urtean lortu zuela % 100-ean baratzatik bizibidea osatzea, ordurarte, kanpoko lanekin konbinatzen zuen, argi zuelako «honetara dedikatu nahi zuela» eta, esperientziarik izan ez arren, «oso burugogor» ekin zion.
Bi nekazariek aipatzen dutenez, lanaldia ez da sektorera hurbiltzeko zailtasun bakarra, lurrerako sarbidea izatea ere ez da batere erraza. Lursailen prezioen gorakada eta errentagarritasuna medio, inbertsio handia da partzela bat lortzea. Horrela, ia ezinbestekoa bilakatzen da zer landua etxetik jasotzea. Duina ikerketan parte hartu duten bi nekazari hauen kasua da hori, biek ere etxeko lurrak lantzeko aukera izan baitute. Yurrebasok esan du «etxean beti ekoiztu izan dutela fruta» eta hórrela sartu ahal izan zela sektorean. Beste lursail txiki bat du alokatuta baina gehienak «familiako lurrak» dira. Gorosabelen kasuan, gurasoak nekazariak ez izan arren, aiton-amonak artzainak ziren eta, beraz, «suertea» izan duelakoan dago, hasteko «zelaia eta traktore txiki bat» bazuelako, «ez jabegoan baina bai
familian».
Gorosabelek azpimarratu du Biolurreko kide izatea oso lagungarri zaiola nekazal ibilbidean eta elkar osagarriak zirelako erabaki zuela Duina ikerketan parte hartzea, alegia, berak zer ikasia izateaz gain, ofizio bizigarria izan dadin badagoelako zer indartua. Yurrebaso, berriz, ez da elkarteko kide. Batzar ireki batean eskaini zioten baratzeen bideragarritasuna oinarri duen ikerketan parte hartzea eta hortik sortu du elkartearekin harremana.
Ikerketak iraun artean, 2021ean, nekazariei egokitu zitzaien egunero datu bilketa egitea, ondoren, erregistro horietatik, datu-azterketa egin zedin. Kontabilizatu dutena da zenbat lan-ordu eta zertan sartu dituzten, Gorosabelen arabera, «oso desglosatuta» jaso ere. Horrez gain, plangintza ere erregistratu dute; zenbat produktu landatu den, bakoitzari emandako azalera, kiloka zenbat saldu den, etab. Bergararrak aitortu du, antolakuntzak erramintanguztiak eskura jarri badizkie ere, «pixka bat zoramena» izan dela. Paraleloki, beste talde bat jardun da datu guzti horiek desglosatzen eta irakurketari forma ematen.
Ikerketan zehar arreta piztu dien agerpenik izan ote den galdetuta, Gorosabelek dio harrigarria izan dela ikustea produktuak jaso eta saltzeari zenbat denbora eskaintzen dioten eta, aldiz, belarra kentzeari edo jorratzeari nola eskaintzen dioten uste baino gutxiago. Yurrebaso, berriz, ez du ezustean harrapatu ikusteak zenbait produkturen salmenta prezioa ekoizpen kostuen azpitik dagoela, esaterako, lekena, ilarrena eta piperrena. Era berean, ez du harritu jakiteak «estipulatutakoak baino ordu gehiago» sartzen dituztela.
Gazitik ere izan badu, erreparorik gabeko «gardentasun ariketa» bat izan dela nabarmendu du Gorosabelek, inork ez duela arazorik izan datu laboral intimioenak mahaigaineratzeko arazorik eta ederra izan dela berrestea «elkaren konpetentzia beharrean, aliatu, lagun eta konfidente» direla. Prozesu horren ondoren, nekazariek ere atera dituzte euren ondorioak, izan ere, bakoitzak txosten propioa jaso du. Hein batean, lehen jakina zena baieztatu da, alegia, lan-karga ikaragarria dela «bai fisikoki, bai ardura aldetik» eta egunerokoan nekazaritzaz aparteko beste hamaika lan daudela egiteko. Yurrebaso ohartu da precio batzuk igo egin behar direla «inongo konplexurik gabe» eta teknikoki ere badagoela zer hobetua, besteak beste, dentsitateari dagokionez eta tratamenduei arreta gehiago jarri dakiekela. Alde negatiborik ere atera du arratiarrak, egoera prekarioa dela eta, «bideragarritasuna nahiko kolokan» dagoela antzeman baitu. Bide horretatik, Yurrebasok ez du «etorkizun samurra» ikusten.
Kontuak kontu, nekazariek hautatutako bideari segi nahi diote, bertan bizi nahi dute eta, gainera, uste dute jende gehiago gehitu daitekeela bizibidera. Horretarako, baina, erabaki eta neurriak hartzeke daudela uste du Gorosabelek (egun, prezio kostua altuagoa da salmenta prezioa baino eta hori nekazarien soldata eta lan-orduen bizkar orekatzen da) eta ikerketa honekin galdera zabaldu nahi dute; «Nork jarriko ditu baldintzak mahai gainean?»