Zuzenean
«Tuteran eta Ablitasen egindako ekintzetatik gatoz. Ilusioz beteta gatoz eta jada txipa aldatu dugu azaroaren 5eko topaketari begira. Egun potente bat izatea nahi dugu, gogoeta eginez eta ondo pasaz» kontatu digu Ibai Sueskunek, Agerraldia ekimena azaltzeko.
Bete-beteko egitaraua prestatu dute azaroaren 5erako Azkoienen. Goizean aurkezpen ekitaldia egingo da eta eguerdira bitartean jarduera ezberdinak egingo dira. EHUk Agerreko euskal komunitatearen inguruan egindako ikerketa baten ondorioak azalduko dira eta ondoren ‘Agerraldiaren uzta’ izenburua izango duen hitzaldia eskainiko da. Goiza osatzeko, lan taldeetan banatu eta gogoeta saioak egingo dituzte, parte hartzaile bakoitzak bere ekarpenak egin ditzan.
Eguerditik aurrera jai giroa izango da nagusi. 14:30ean bazkaria izango da eta ondoren kantaldia ‘Ojos violetas’ekin. 17:30ean Pirritx eta Porrotxen emanaldia izango da eta 18:00etan pilota partida izango da pilotalekuan. Eguna borobiltzeko kontzertuak izango dira 20:00etatik aurrera polikiroldegian. Tatxers, Streetwise, Odolkian ordainetan, Neskatasuna eta Kiliki Frexko Dj Set taldeak ariko dira.
Goizeko ekintzetan izena emateko epea zabalik dago eta Agerraldiaren webgunearen bidez eman daiteke izena, topaketaren informazio guztia kontsultatzearekin batera. Sueskunek jendea ekintzetan parte hartzera animatu nahi izan du.
Azkoiengo topaketaren inguruan eta Agerraldia egiten ari den lanaz aritu da Ibai Sueskun Bigarren Kafean.