Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

Iritzi banaketa eragin du Gipuzkoako Foru Aldundiak proposaturiko C2 proiektuak

Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 eta A-15 errepideentzat proposaturiko lotuneak zalaparta eragin du Andoaingo alderdi politikoen artean. C2 izeneko proiektuaren aurka daude EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta udal gobernuaren parte den PSE-EE. Albo batean gelditu da EAJ.

Audio_placeholder

Iritzi banaketa eragin du Gipuzkoako Foru Aldundiak proposaturiko C2 proiektuak

Loading player...
Auto pilaketak Andoaingo N-1 eta A-15 errepideen lotunean.
Auto pilaketak Andoaingo N-1 eta A-15 errepideen lotunean. (Gotzon Aranburu | FOKU)

C2 proiektuaren aurkakotasuna adierazi dute EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko hautetsiek. Andoni Alvarez, koalizio abertzaleko kideak uste du «Gipuzkoako ikuspegitik egina» dagoela proiektua baina «Andoaingo herriaren ezaugarriak kontuan hartu gabe».

Elkarrekin Podemoseko Pepe Iparragirrek «oso gaizki» ikusten du proiektua. «Kalte gehiago egiten dio Andoaingo herriari, onura baino», baieztatu du. Antzeko iritzia du, Maider Lainez, herriko alkate sozialistak. Proiektuak Andoaingo beharrei ez diela erantzuten uste du.

Aldundiak proposaturiko lotuneari babesa adierazi dion bakarra EAJ izan da. Jeltzaleek C2 proiektuaren eta aurkezturiko helegiteen «alde» egin dute.

Bestelako aukerak

C2 proiektua garatu beharrean, EH Bildu eta PSE-EEko zinegotziek nahiago dute 2011. urtean burutu zen proposamena berriro aztertzea. Hala ere, Andoni Alvarezek zehaztu du saihesbidea «egokitu» behar dela. Subiranistak «gehiegizkotzat» jo du duela hamaika urte proposaturiko errei kopurua.

Elkarrekin Podemosentzat soluzioa nazioarteko trafikoa desbideratzea da. «AP-8 edo AP-1 bidesariak hobaritu edo kentzea», proposatu du.

Legegintzaldiaren bukaera

Kalapitak hurrengo hilabeteetan izan ditzakeen ondorioez, EH Bilduko Andoni Alvarezek azaldu du «proiektu garrantzitsua» dela herriarentzat. Ondorioz, legegintzaldiaren bukaera eta hurrengoan ere eragina izango duela uste du.

Elkarrekin Podemosekoek ez dute eraginik ikusten legegintzaldiaren bukaeran. «Ez dut uste haustura bat egongo denik Andoaingo Udaletxean nahiz eta ika-mika dezente sortzen ari den», adierazi du Iparragirrek.

Udal Gobernua osatzen duten jeltzale eta sozialistek ez dute uste C2 proiektuak legegintzaldiaren bukaera baldintzatuko duenik. Maider Lainez alkateak «ez du zertan» baieztatu du, eta Mari Jose Izagirre jeltzaleak bateragarri ikusten du gobernuaren barnean iritzi ezberdinak izatea. «Bakoitzak bere postura dauka eta ez du zertan baldintzatu beharrik».

Jaurlaritza Logoa