Zuzenean
Gipuzkoako Aldundiak aurkeztu duen proposamenak bete-betean kaltetzen du Aitor Aizpurua andoaindarra. Egungo errepidetik 80 metrora bizi da eta jada pairatzen ditu «bai soinu kutsadura baita aire kutsadura ere». Proposamen berriarekin 40 metrora izango luke errepide berria, egungoa baino handiagoa litzatekeena gainera.
Errepide berriak herritar ezberdinengan zuzeneko kalteak eragingo lituzkeela azaldu du, hainbat lan jarduera ezinezko egingo lituzkeela, baina, oro har, herriari eragingo liokeela nabarmendu du. Gogoratu du hiru hamarkada daramatzala Andoainek errepidea herrigunetik ateratzea eskatuz eta kritikatu du Gipuzkoako Aldundiaren eskeintza errepide are eta handiagoa eraikitzea dela.
Berriki Batzar Nagusietan eskeinitako agerraldian Aintzane Oiarbide bide azpiegituretako foru diputatuak C2aren aurka daudenak «mespretxatu» ditu Aizpuruaren iritziz. Egitasmoaren aurka daudenak kritikatzea, herria bera kritikatzea dela baieztatu du, Udala bera ere aurka dagoela gogoraraziz, Irailean onartu zuten mozioak erakusten duen moduan.
C2a baztertu eta alternatiba bat diseinatu behar dela defendatu du Aizpuruak, lan hori herri osoari dagokiola baieztatuz. 2011. urtean diseinatu zen Hirigintza Plan Orokorra beteko duen egitasmo bat eskatu du.