Zuzenean

Elkarrizketa
Pili Zabala
GALen biktima

«Sekretu ofizialen lege berriarekin ehunka biktimek babes juridikorik gabe segiko dute»

Espainiako Ministroen kontseiluak onartu duen Informazio Sailkatuaren lege-aurreproiektua gogor kritikatu du Pili Zabalak NAIZ Irratian. «Espainiar inpunitate eredua luzatzea» dakarrela uste du eta gogoratu du «NBEaren arabera giza eskubideen urraketen inguruko informazioa» ezin dela ezkutatu.

Audio_placeholder

«Sekretu ofizialen lege berriarekin ehunka biktimek babes juridikorik gabe segiko dute»

Loading player...
Pili Zabala GALek hil zituen Joxi Zabala anaiaren eta Joxean Lasaren argazkia ondoan duela
Pili Zabala GALek hil zituen Joxi Zabala anaiaren eta Joxean Lasaren argazkia ondoan duela

Francisco Franco espainiar diktadorea hil zenetik 47 urte igaro direnean osatu du Estatu espainiarreko Gobernuak Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko testua. Gaur gaurkoz, Estatuaren hainbat ekintzei buruzko informazioarako sarbidea 1968. urtean onarturiko lege batek arautzen du. GALek hil zuen Joxi Zabalaren arrebak, Pili Zabalak, NAIZ Irratian azpimarratu du indarrean dagoen legea «frankismoaren egile guztientzat erabateko inpunitatea ziurtatzeko» idatzi zela eta «demokrazian gobernatu duten alderdiek konplexurik gabe» erabili dutela iritzi publikoari oso garrantzitsua den informazioa ukatzeko.  

Zabalaren iritziz «Frankok idatzi zuen» legeak indarrean jarraitzen du «espainiar inpunitate ereduagatik». «Diktadura frankistaren jarraipen juridikoa baimendu dute gobernu ezberdinek. Legez kanpoko erregimen baten legeek osatzen dute demokrazia baten oinarria. Moralki gaitzesgarria da, filosofikoki bideraezina eta juridikoki nazioarteko zuzenbidean aditua den inork ezin du babestu», dio GALen biktima honek. Horren aurrean «aukera bakar» bezala ikusten du «espainiar inpunitate eredu hori apurtzea».

Gobernu espainiarrak goraipatu egin du Ministroen Kontseiluak onartu berri duen Informazio Sailkatuaren lege-aurreproiektua, herritarrei informazio garrantzitsua helaraziko zaiela baieztatuz. Bestelakoa da Zabalaren iritzia. Nabarmendu du egitasmoak ez dituela «Estatu espainiarrak sinatuta dituen giza eskubideen nazioarteko itunak errepetatzen». Argi dio, «Nazio Batuen Erakundearen arabera giza eskubideen urraketen inguruko informazioa ezin da ezkutatu erabakigarria izan daitekeenean gertatu ziren giza eskubideen urraketak argitzeko». 

Itxura guztien arabera, ordea, ezkutuan segiko dute dokumentu askok eta ondorioz lege berriarekin «eskubideen urraketa larrien Euskal Herriko ehunka biktimek babes juridikorik gabe segiko dute eta, larriena, gaizkileen inpunitate legala areagotzea bermatuko da». Hori dela-eta, Berridatzi elkarte gisa, helegitea jarri dute.

Sanchezen Gobernuaren proposamena dokumentuak luzaroan ezkutuan mantentzea da. Europako estandarrei begira, 10 eta 25 urte arteko epeak ezarri ohi dira sekretu gorenen kasuan. Lege proiektu honek, ordea, 65 urte potentzial finkatzen ditu. «Kezkagarria da oso hainbeste urtek dokumentazioa suntsitzeko denbora ematen dutelako», ohartarazi du Zabalak. Eta aurrekari bat gogoratu: «90. hamarkadan GAL auzia ikertzeko polizien erregistro liburuak eskatu ziren eta apurtuta zeuden». Guztiak «espainiar inpunitate ereduari» erantzuten diola berretsi eta «bi klausula» aipatu ditu: «Felipe Gonzalez klausula, GAL ez ikertzeko» eta Irakeko inbasioari lotuta, «Jose Mari Aznar klausula gerrara joatea erabaki zuenekoa ez ikertzeko, nahiz eta jakin suntsipen handiko armarik ez zegoela».

«Krimenak prebenitzeko beharrezkoa da egia jakitea»

Giza eskubideen urraketek «komunitate osoari» eta ez «familia bakar bati» eragiten diotela ohartarazi du, biktimen aitortza bermatzen ez duten legeak arriskutsutzat jotzearekin batera, «krimenak prebenitzeko beharrezkoa da egia jakitea, bere historia ezagutzen ez duen lurraldeak gertatu zena errepikatzeko arriskua duelako». Horregatik «iraganeko inpunitateak etorkizunean antzeko gertaerak errepikatzeari ateak ireki diezaizkioke eta hori ekidin behar dugu», aldarrikatu du. 

Zentzu honetan, 2020ean CIAk desklasifikatu zuen dokumentu batekin gertatu zena ekarri du gogora. ‘Gonzalezek mertzenario talde bat osatzea erabaki du legez kanpo terrioristen aurka egiteko’, zioen dokumentuetako batek. Gipuzkoako Auzitegira eraman zuen Zabalak, «nahiz-eta jakin Gonzalezek edozein epaile eros zezakeela». Bertatik Auzitegi Nazionalera bideratu zuten auzia eta honek artxibatu egin zuen delitua preskribatuta zegoela argudiatuz. «Berriro ikusi genuen justizia bilatzeko oztopoak ugariak direla».