Zuzenean

NAIZ Irratia

«Gure herrian tradizioa bada, sakratua da. Ezin dugu ezer esan. Ez da eztabaidatzen»

San Ferminek "madrina" edo ama-bitxi figura izan zuten 1980 arte. Emakumeek ezin zuten peñetan parte hartu, baina bakoitzak emakume bat zuen. 1978an dozena erdi emakumek egindako protestari esker desagertu zen emakumeari "loreontzi" papera ematen zion figura hau. Los de Bronce peñak omendu ditu.

Audio_placeholder

«Gure herrian tradizioa bada, sakratua da. Ezin dugu ezer esan. Ez da eztabaidatzen»

Loading player...
Iruñeko ama bitxiak.
Iruñeko amabitxiak zezen plazan. (Iruñeko peñak.)
Iruñeko ama bitxiak.
Iruñeko amabitxiak. (Iruñeko peñak.)
Amabitxi bat peñetako gizonekin
Amabitxi bat peñetako gizonekin (Iruñeko peñak.)
Iruñeko ama bitxiak.
Iruñeko amabitxiak. (Iruñeko peñak.)

Azken urteetan berdintasunaren aldeko aldarria indartuz joan da San Ferminetan. Indarkeriaren aurkako mezua da nagusitu da, Nagorre Laffageren hilketak nahiz Manada auziak bultzatuta. Baina aldarria ez da berria, eta ez da bakarra: 1978. urteko San Ferminetan emakume talde batek pankarta bat zabaldu zuen Iruñeako zezen plazan, «Madrinarik ez. Parte hartze handiagoa. Erasorik ez San Ferminetan» lelopean.

1930. urtean sortutako figurak peñetako ordezkarien ondoan joaten ziren ekitaldi ezberdinetara. Peñetako ordezkariek eta zezenketen zirkuluan mugitzen zirenek aukeratzen zituzten emakumeak. Nerea Hualde, Los del Bronce peñako kideak dio amabitxiek «lorontzi» papera zutela. «Soilik gizon garrantzitsuak ekitaldietan laguntzeko egoten ziren». 1968. urtean, Udaletxeak ofizial bilakatu zituen madrinak, eta guztien artean bat hautatuz ohorezko amabitxiaren figura finkatu zuen.

Nerea Hualdek 1978. urtean berdintasun aldarria zezen plazara eraman zutenei eskerrak eman dizkie. «Miresten diet egindako lanagatik, garrantzitsua izan delako. Zein botere eta zein indarra izan zuten San Fermin horietan pankarta batekin zezen plazara ateratzeko. Haiei esker aurrerapausoak eman dira». 

«Gizonezkoen monopolio bat zegoen festan»

Ohituraren aurka protesta egin zuen emakumeetako Mirenjo Larrainzar da. Hogei urte zituela, EAM talde feministak emakumeen rolari buruzko hausnarketa egin zuen, festen protagonismo guztia gizonezkoen eskuetan zegoela ondorioztatuz. Egoerari aurre egiteko, «Madrinarik ez. Parte hartze handiagoa. Erasorik ez San Ferminetan» zioen pankarta prestatu, eta zezen plazara joan ziren. 10.000 pertsonarekin parez pare jarri ziren protestalariak. «Erantzuna denetarikoa zen. Batzuk gurekin egon ziren, eta beste batzuk ez. Esaten zuten oso tradizio polita zela. Badakizu, gure herrian tradizioa bada, sakratua da. Ezin dugu ezer esan. Ez da eztabaidatzen».

Protestaren ostean, bi urteetara ezabatu zen ama bitxiaren figura. Peñek hasia zuten emakumearen rolari buruzko eztabaida. Larrainzarrek uste du protesta eta eztabaidaren arteko «sinergia» egon zela. 1979an, ama bitxien aurkezpena Gaztelu plazan egin zen. «Askoz diskretuagoa izan zen. Gu ere han egon ginen txistu egiten, eta bukatu egin zen. 1979an desagertu ziren».

 

Jaurlaritza Logoa