Zuzenean

Ainara Rodriguez - Peli Lekuona

«Utz diezaiotela behingoz biktimak eta sufrimendua helburu politiko elektoralekin erabiltzeari»

Miguel Angel Blancoren heriotzaren urteurrenaren baitan, biktimak «helburu politiko eta elektoralekin» baliatu izana gaitzetsi du Sortuko idazkari nagusiak. Errelato bakarra gainditu eta kontakizun «objektiboena, arrazoizkoena» eskatu du, elkarbizitza eta bakea eraikitzeko.

Audio_placeholder

«Utz diezaiotela behingoz biktimak eta sufrimendua helburu politiko elektoralekin erabiltzeari»

Loading player...
Sortuko idazkari nagusia, Arkaitz Rodriguez.
Sortuko idazkari nagusia, Arkaitz Rodriguez. (Jon URBE | FOKU)

Miguel Angel Blancoren erailketaz 25 urte betetzear direla, kexu da Arkaitz Rodriguez "garaileak eta garaituak" proposatzen dituen kontakizunaz. «Zerikusi gutxi du herri honetan izandako eta pairatutakoarekin. Ideia bakarra proiektatu nahi du: Herri honetan, soil-soilik ETAk erabili duela biolentzia eta soilik ETAren biktimak izan direla». Estatuak indarkeria baliatu zuela «ukaezina» da, Sortuko idazkari nagusiaren esanetan. Ondorioz, kontakizun «objektiboena, arrazoizkoena» eskatu du, elkarbizitza eta bakea eraikitzeko. 

Jose Antonio Ardanza lehendakariak esan bezala, Rodriguezek berretsi du «gobernuak bazuela beste zerbait egiterik». Lehendakari ohiak egin moduan, Sortuko ordezkariak galdegin du «zer gertatuko zatekeen bahitua beste norbait izan balitz». Ildo horretan, batzuentzat biktimak eta sufrimendua «gutxienekoa» izan direla zehaztu du, eta hauek «helburu politiko eta elektoralekin» baliatu izana gaitzetsi du. «PP eta Vox saiatu dira biktimak eta herri honetan izandako sufrimendu guztia helburu politikoekin baliatzen, Espainiako gobernua egurtzeko eta ahultzeko. Baina, zoritxarrez, ikusi dugu hemen ere nola PNVek antzeko zerbait egin duen, ezker independentismoaren eta ezker abertzalearen kontra».

Bingen Zupiriak, Lakuako gobernuaren izenean eskaturiko gogoetaren inguruan, Arkaitz Rodriguezek urriak 18ko adierazpena berretsi du. «Gure egin genuen ETAko biktimen mina eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen genuela hark ez zuela gertatu behar». Abiapuntu horretatik biktimak eta sufrimendua baliatzeari uztea eskatu du. «Utz diezaiotela behingoz biktimak eta sufrimendua helburu politiko elektoralekin erabiltzeari, ezker independentistaren posizio politikoa ahultzen saiatzeko erabiltzeari». Exekutiboari urriak 18ko adierazpen propioa egin dezatela eskatu die.«Herri honetan badago hitz horiek PNVko ordezkari ezberdinen ahotan entzuteak ikaragarri eskertuko lukeen lagunak». Adibidetzat jarri ditu Conchi Sanchís, Rosa Zarraren eta Iñigo Cabacasen senideak, Ertzaintzak torturatu dituen pertsonak edota dispertsioaren biktimak.

«Ez bazaie gustatzen, ona den seinale»

EH Bilduk Memoria Demokratikoaren Legearen baitan sinaturiko akordioaz, Sortuko idazkariari ez dio harridurarik sortzen Felipe Gonzalez eta Jose Maria Aznar kexu egoteaz, «1983. urte arteko Estatu krimenak ikertzeko aukera emango lukeelako». Beste behin, kontakizun bakarraren helburuan jarri du fokua Rodriguezek. «Errealitatea guztiz bestelakoa izan da. Herri honetan Estatuak ere erabili du biolentzia. ETAren biolentzia iraganekoa den bitartean, Estatuarenak presente jarraitzen du». Estatu indarkeriaren erantzuleek ez dutela inolako ordainik izan salatu du. «Zenbat urte eman dituzte espetxean frankismoko kriminalek? Gerra zikinaren kriminalek? Herri honetan izandako milaka tortura kasuen arduradunek? Zenbat? zero». Hala ere, espetxea baino «egia, justizia eta erreparazioa» eskatu du, elkarbizitza eta bakearen eraikuntzarako. «Ezinbestekoa da biktima guztiak aitortzea eta erreparatzea»

San Ferminetako atxiloketak, «atzera bidaia»

Curia kaleko hiru atxiloketez, Arkaitz Rodriguezek dio Enrique Mayak «UPNren garairi beltzenak» gogorarazten dituela. «Beste behin saiakera nabarmena egin dute herri jai batzuk eta San Fermin herrikoiak baztertzeko, kaleetatik ateratzeko». Ikurriña «kaleetatik ezabatzeko», kanpotik 2700 polizia ekarri dituela salatu du.

«Borrokak fruituak ematen ditu»

Mercedeseko lan gatazkaz, hiru hausnarketa egin ditu Sortuko Idazkari nagusiak. Lehena, langileriaren borroka zilegi dela. Mercedeseko 1200 milioi euroko inbertsioa baikortzat jo arren, ezin direla langileak «xantaiatu» zehaztu du. Azkenik, Eusko Jaurlaritza eta Urkullu Mercedesen zuzendaritzatik gertuago egotea salagarritzat jo du.

 

Jaurlaritza Logoa