Zuzenean

NAIZ Irratia

«Ez nuke esango Marmoladan ikusi dugun irudirik topatuko dugunik Aneton»

Dolomitetan bezala, Pirinioetan ere goi-mendiak bizi duen «zaurgarritasuna» aipatu du Eñaut Izagirre glaziologoak, kopuru ezberdinetan bada ere, bi mendikateek galdu dutelako euren glaziarren azaleraren «%90 gutxi gora-behera». Egungo baldintza zailetan, mendira zuhurtziaz joatea eskatu du.

Audio_placeholder

«Ez nuke esango Marmoladan ikusi dugun irudirik topatuko dugunik Aneton»

Loading player...
Iragan ekaineko tenperatura altuen eraginez, Anetoko glaziarra oso baldintza eskasetan dago.
Iragan ekaineko tenperatura altuen eraginez, Anetoko glaziarra oso baldintza eskasetan dago. (Joaquin VELEZ)

Glaziarren azalera etengabe txikitzen ari dela ez da albiste berria, baina Dolomitetako Marmoladan izandako hondamendiak, prozesu hori muturrekoa dela, akaso geldiezina dela ulertzeko balio du. Joan zen igandean (uztailak 3) Marmoladako glaziarrean izan zen serac baten ondorioz izandako 10 heriotz baieztatu dituzte dagoeneko; bi egun lehenago (uztailak 6) beste bi lagunen gorputzak atzeman zituzten, nahiz eta aurreratu duten hemendik aurrera zaila izango dela gorpu gehiago aurkitzea. Beste hilagun batek desagertuta jarraitzen du, eta bere bila ari dira airez erreskate taldeak.

Dolomitetako egoerak piztu du kezka kasik Aneto mendiak pizten duenaren parekoa. Iragan ekaineko tenperatura altuek Pirinioetako mendi garaienaren glaziarra baldintza oso eskasetan utzi dutela ohartarazi baitute. Kezka piztu da beraz, baina Marmoladako hondamendiaren parekorik ez dute espero adituek, baldintza ezberdinetan baitaude bi glaziarrak. «Ez nuke esango Marmoladan ikusi dugun irudirik topatuko dugunik Aneton. Ez da emango horrelako serac baten erorketarik ez dagoelako serac bat emateko izotz bolumenik», azaldu du Eñaut Izagirre glaziologoak.

Hortaz, egoera eta arriskuak ez dira berberak Pirinioetan eta Alpeetan; «Pirinioetako glaziarrak dira Europan hegoalderago dauden glaziarrak, azaleran askoz ere txikiagoak direnak», glazioalogoak gogorarazi duenez eta gaur gaurkoz «200-250 hektarea» baino ez direla gelditzen zehaztu du. Baina izan Pirinioetan zein Alpeetan goi-mendiaren «zaurgarritasuna» antzekoa dela dio Izagirrek, «orain dela 200-300 urteetatik txikitzen joan den tasa hori oso antzekoa delako, azaleraren %90 gutxi gora-behera».

Zuhurtzia mendietan

Marmolada eta Anetoko glaziarren uneko egoera, ekaineko beroaldiarekin daude zuzenean lotuta. Glaziarra bertan behera etorri zen egunean esaterako, 10 graduko tenperatura neurtu zen Marmoladaren gailurrean; inoizko altuena. Aneton berriz, muturreko beroak eta lehorteek, elurrik gabe utzi dute glaziarraren goiko zatia. «Beroaldi horrek eragin duena da» Izagirrek dionez «glaziarra elurrez estalita egotetik beraien babesa galdu eta izotza agerian gelditzea», urtze prozesua bizkortuz. Eta gaineratu du «aldaketa klimatikoaren joera zein den ikusita» gero eta zaurgarriago izango direla goi-mendiak.

Gustuko izan ala ez, hauxe da egungo egoera Pirinio ala Dolomitetako glaziarretan. Aldaketa klimatikoa gizakiak sortutako zerbait den bezala, gizakiaren ardura da ere, espedizio bat antolatu aurretik mendiaren arriskuak neurtzea. Marmoladako hondamendiaz hauxe dio glaziologoak «hondamendiak behar izaten ditugu ikasketa bat ateratzeko eta nahiko tristea da». Prebentzioz antolatzera deitu du, besteak beste, zaurgarri izan daitezkeen eremu horiek saihestuz urteko hilabete beroenetan.

Jaurlaritza Logoa