Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Mertxe Aizpurua
EH Bilduren bozeramailea espainiar Kongresuan

«Orain arte ahaztuta zeuden biktimak kontuan hartuko dira eta hori ez da gutxi»

Memoria Demokratikoaren Legea espainiar Gobernuarekin adostu ondotik, NAIZ Irratian izan da Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramailea. Zaila izango da, ordea, akordioa lortzea erabakitze eskubidearen inguruan. Eskoziak zabaldutakoa «une honetara egokitzen den bidea» dela dio.

Audio_placeholder

«Orain arte ahaztuta zeuden biktimak kontuan hartuko dira eta hori ez da gutxi»

Loading player...
Axun eta Migel Mari Lasa, La Cumbre atarian, EH Bilduko Juan Karlos Izagirre eta Mertxe Aizpuruarekin batera.
Axun eta Migel Mari Lasa, La Cumbre atarian, EH Bilduko Juan Karlos Izagirre eta Mertxe Aizpuruarekin batera. (Jon URBE | FOKU)

EH Bilduk espainiar Gobernuarekin lortutako akordioaren bidez, Ezkabako gotorlekua eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria espazio izatea jasoko du Memoria Demokratikoaren Legeak. Errepresiorako gune izatetik aitortza eta errekonozimendurako espazio izatera igaroko dira. «Lortutako akordioaren baitan, orain arte ahaztuta zeuden biktimak kontuan hartuko dira eta hori ez da gutxi», adierazi du EH Bilduk Madrilgo Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpuruak. Akordio sinbolikoa da, «baina sinbolismoaz harago doan zerbait ere bada» Aizpuruak dioenez, «krudelkeriaren ikur ziren bi gune memoria gune bihurtzeak berebiziko garrantzia duelako».

La Cumbre bezala, Ezkaba ere memoria gune izanik, egia eta aitortzarako espazio izango dira, baina baita ere, EH Bilduko ordezkariak dionez, ez errepikatzeko bermearentzat oinarri. «Memoria berreskuratu nahi duten ekimenek hori dute helburu, berriro gerta ez dadin. Orduan, berriro ez gertatzeko historia ezagutu behar da eta gizarteak jakin behar zer du zer gertatu zen».

Lege berberaren baitan, EH Bilduk eta Moncloak biktima izaera eskatzeko epea 1983ra zabaltzea ere adostu dute, izan ere, frankismoaren amaieraren data 1978an finkatzen den arren, eskubideen urraketak horren ostean ere sistematikoak izan zirela ekarri du gogora Aizpuruak. «Orain arte kontakizun bakarrak izan da, trantsizioa miragarria izan zela eta ez zen horrela izan. Uste dut hori kontuan hartu behar dela. Hainbat eta hainbat kasu daude 1983ra arte berrikusiak izan daitezkeenak». Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren kasua da Aizpuruak aipatzen duena, baina gehiago ere badira, esaterako Maria Jose Bravo del Valle gazte donostiarraren kasua 1980. urtean; «bortxatu zuten eta ondoren hil», Aizpuruak gogora ekarri duenez. Haren senideek ere ez dute ez justiziarik ez inolako erreparaziorik izan.

«Inoiz baino gertuago»

Bestalde, pasa den larunbatean Gure Eskuk Kataluniako hainbat eragilerekin antolatutako Pirinioetako Bidea goraipatu du Mertxe Aizpuruak, «lanketa izugarria» eskatu zuela nabarmenduz eta milaka lagunek parte hartu zutela gogora ekarriz. Baikorki adierazi du EH Bilduko kideak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eguna «inoiz baino gertuago» dagoela eta aldarrikapena «gero eta hedatuagoa». Bide hori kataluniarrekin batera egitea garrantzitsu deritzo, eta nabarmendu du bi herriek bi itsaso lotu dituztela, mendikate oso bat zeharkatu duen «olatu» baten bidez. «Menditik itsasoraino ez dakit zenbat denbora behar den joateko, baina bidea markatuta dagoenean eta helburua zein den jakinda errazago iristen zara».

Erabakitzeko eskubidearekin erabateko konpromisoa du koalizio abertzaleak, eta zaila dirudi zentzu horretan Memoria  Demokratikoaren Legearen baitan emandako adostasunak errepikatzea espainiar Gobernuarekin. Aizpuruak Eskozian jarri du begirada; bertan 2014ko independentzia galdeketa adostu zuten Edinburghek eta Londresek. Orain berriz, Boris Johnsonen exekutiboak ez du oraingoiz eskariari bide emateko asmorik baina Nicola Sturgeon lehen ministroak dagoeneko jakinarazi du galdeketa hori 2023ko udazkenean gauzatuko dela, Londresen onespenarekin ala gabe. Txalotu egin du Aizpuruak Eskoziako Gobernuaren jarrera. «Eskoziako bidea da une honetan egokitzen den bidea. Eskoziak erakutsi du posible dela eta erabakitzeko eskubidea demokraziaren muinean dagoela».

Jaurlaritza Logoa