Zuzenean

Bigarren Kafea

Etxahun Urkizu: «Asgarth ez da itzuli bi kontzertu ematera»

Hamabost urte oholtzetatik kanpo geratu ostean iragan larunbatean eman zuen Asgarth taldeak itzulera kontzertua, Añorgan. Etxahun Urkizu Arsuagak ibilbide berri honen ingurukoak kontatu dizkigu Bigarren Kafean.

Audio_placeholder

Etxahun Urkizu: «Asgarth ez da itzuli bi kontzertu ematera»

Loading player...
Asgarth taldea
Asgarth taldea (Asgarth taldea )

Taldea sortu zen lekuan, Añorgan eman zuen itzulera kontzertua Asgarth taldeak, eta egun oso berezia izan zela esan digu Etxahun Urkizu Arsuagak, taldeko bateriak. «Aje emozionalarekin gaude. Ezagunek larunbatean grabatutako bideoak jasotzen eta ikusten ari gara pixkanaka eta une ederra izan zen».

2020ko urtarrilaren 1ean zabaldu zuten sare sozialetan formazio berriaren argazkia eta handik egun gutxira taldearen itzulera baieztatu zuten. Pandemiaren eraginez ordea, itzulera hori bertan behera utzi behar izan zuten eta denbora tarte hori ez dela erraza izan aitortu du Urkizuk. «Neurriak etengabe aldatzen joan dira pandemian zehar eta ez zen baldintza egokirik ematen kontzertuak egiteko. Gainera, jendea zutik eta garagardoarekin egon ahal izatea zen gure nahia eta itxaron behar izan bada ere, azkenean horrela egitea lortu dugu».

Dena den, lanerako ere aprobetxatu dute pandemia. «Historian gehien entsaiatuta eman den kontzertua izango da gurea akaso» adierazi du Urkizuk barrezka. Zuzenekoak prestatzeaz gain, kantu berriak sortu eta grabatzeko ere baliatu dute denbora tarte hori eta diskoa argitaratzeko datarik jarri ez duten arren, pixkanaka diskoa ixten ari direla gaineratu du eta zuzeneko gehiago ere iragarriko dituztela.

Asgarthen deia jaso zuenenean ez zuela bi aldiz pentsatu esan du Urkizuk. «Mikel Yarza eta biok Hilotz taldean jotzen genuen elkarrekin eta berari deitu zioten baxua jotzen hasteko. Bateria ere behar zutela esan ziotenean, niri proposatu zidan eta berehala eman nuen baiezkoa. Ilusio handia egin zidan niretzat erreferente izan den talde baten jotzeko aukera izatea».

Datorren larunbatean, ekainaren 4an, Bilboko Bilborock aretoan eskainiko dute bigarren kontzertua. «Añorgakoari bueltaka gabiltza oraindik eta kolpean iritsiko zaigu bigarren kontzertua baino prest gaude».

Asgarthen itzuleraren ingurukoak kontatu dizkigu Etxahun Urkizuk Bigarren Kafean.

Jaurlaritza Logoa