Zuzenean

Bigarren Kafea

Imanol Agirre: «Helduek ez badugu bidea egiten liburu-dendara, txikiek ez dute egingo»

'Paperezkoa' ekimena sortu dute Zarauzko Garoa liburu-dendan, gaztetxoenengan irakurzaletasuna sustatzeko. Harpidedunek hilabetero kaxa bat jasoko dute, liburu, opari eta irakurketa-gida batekin. 

Audio_placeholder

Imanol Agirre: «Helduek ez badugu bidea egiten liburu-dendara, txikiek ez dute egingo»

Loading player...

Garoa liburu-dendan 'Paperezkoak’ ekimena jarri dute abian. Bi eta zazpi urte bitarteko haurrei dago zuzendua: hilabetero kutxa bat jasoko dute liburu batekin. Imanol Agirre Illarramendi liburu-dendako arduraduna da eta gurean izan da proiektuaren xehetasunak azaltzen: «barru-barrutik ateratako gauzatxo bat da egitasmo hau». Guraso izatearen esperientziatik gaztetxoenentzat euskaraz irakurzaletasuna sustatzeko proiektu bat sortzeko grina jaio zen. 

Kaxa jasotzeko harpidetu edo kaxa oparitu dezake interesa duen edonork. Ilustratutako liburu bat, liburuarekin zerikusia duen opari bat eta gehien bat guraso edo helduenei zuzendutako irakurketa-gida bat, «azaltzeko zergatik liburu hori, zein den autorea, zein diren baloreak», horiek izango dira kaxarekin batera jasoko dituztenak. Gainera, liburuari lotutako podcast bat sortuko dute hilero, gaia eta esperientzia aberasteko.

Proiektu honetan irakurzaletasuna bermatzeaz gain, ezinbestekoa da euskara, euskarazko literatura sustatu eta zabaltzeko sortu baitute: «euskaraz lan zoragarriak egiten dira, parekorik gabeko ilustratazaile eta idazleak ditugu» azaldu digu, eta hori gaztetxoengana ekartzeko aukera sortu dute. Euskal literaturak eta euskaraz irakurtzeak zabaltzen dituen bideak txikienei erakutsiz irakurzaletasuna handitu nahi ditu 'Paperezkoak' proiektuak.

Zubi hauek eraikitzeko helduen jarreraren garrantzia azpimarratu digu Agirrek, bakoitzak ahal eta nahi duen moduan, baina haurrei leiho hauek zabaltzea lehentasuna izan behar da: «hainbat herritan ez dago liburu-dendarik, helduek ez badugu bidea egiten liburu-dendara, txikiek ez dute jakingo egiten», kontatu digu.

'Paperezkoak' proiektuari buruz, Garoa liburu-dendari buruz eta askoz gehiagori buruz aritu gara Imanol Agirre Illarramendirekin Bigarren Kafean. 

Jaurlaritza Logoa