Zuzenean
Agintaldi honetako herri akordio handienetakoa izan liteke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baldin eta, euren premisak aztertu eta akordio batetara heltzea erdiesten badute. Eusko Legebiltzarreko hiru alderdi politiko nagusiek, EAJk, EH Bilduk eta PSEk begi onez ikusi dute EAEko Hezkuntza Lege berriaren zirriborroa. Zirriborroa osatu duen ponentzian parte hartu du Ikoitz Arrese, EH Bilduko parlamentariak Gasteizko Parlamentuan. «Abiapuntu gisa, iruditzen zait baleko testu baten aurrean egon gaitezkeela. Horrek ez du esan nahi bestelako ekarpenik edo zuzenketarik egiteko paradarik ez dugunik izango» azaldu du Arresek Naiz Irratian.
Babes gehien duen laugarren alderdiak berriz, Elkarrekin Podemos-IU, kritikoago agertu da zirriborroarekin, zehaztasun falta argudiatuz, besteak beste, segregazioari aurre egiteko neurriei dagokienez. Bat egiten du Arresek, segregaziori galga jartzearen beharrarekin. Zentzu horretan, sexu araberako bereizketarekin amaitzea, «berehala» egin beharrekoen artean kokatu du EH Bilduko parlamentariak, «sexu bereizketa bermatzen duten ikastetxeen finantzaketa publikoa eten beharko litzateke». Sei dira oraindik ere, mutikoak eta neskatoak «modu binarioan» banatzen dituzten ikastetxeak EAEn Arresek dionez. Koalizio abertzalean dituzten datuen arabera, «13 milioi euro inguru» jasotzen dute urtero sei ikastetxeok.
Oro har, zirriborroan akordioetara heltzeko «aukera on bat» ikusten duen arren, bat egiten du Arresek segregazioari aurre egiteko «neurri zehatzak» falta direla esaterakoan. Ziurtatu duenez, zehaztasun horiek emateko modurik onena Euskal Eskola Publikoa indartzea da, «akordio honek jauzi bat ekarri behar du, non Euskal Eskola Publikoa ardatza izatetik harago, kalitatea irabaziko duen. Eta horretarako ezin duguna egin da, gaur egun dugunarekin jarraitu». Ikastetxe eredu publiko eta itunpekoen arteko «dikotomia gainditzera» deitu du EH Bilduko parlamentariak.
Hizkuntza ereduaz
EAEko hezkuntza sisteman, euskarak joka behar duen paperaren inguruan, EH Bilduren ikuspegia oso argia da; legeak diona bermatu dadila. «Legeak dio derrigorrezko eskolaldia amaitzean, edozein ikaslek ofizialak diren gure bi hizkuntzetan nahikoa gaitasun lortu behar duela. Demokraziaz hitz egiten ari gara, legea betetzeaz».