Zuzenean
Aldarte baikorrez begiratzen diote Ikastolen Elkarteek orain arte hezkuntza proposamenaren zirriborroari. Hutsune eta zehaztasun falta batzuk identifikatzen dituzten arren, dokumentua, oro har, «norabide egokian» doala uste du Koldo Tellitu lehendakariak.
Badago findu beharra, noski; esaterako, zentroek %100eko finantziazioa jasotzeko bete beharko lituzkeen «betebeharrak» zehaztea falta dela eta horiek «lehenbailehen argitzea» eskatu du Tellituk. Segregazioari aurre egiteko neurriak hartzea da ezartzen den betebehar bakanetakoa, eta hau bai, norabide egokian doala dio; egoki ikusten dute «maila sozio-ekonomiko eta jatorri ezberdinetako ikasleak modu orekatuan zentroetan banatzeko» matrikulazioan udalei garrantzia «gehiago» ematea.
Kritikei erantzunez
Tellituk uste du proposamen honekin hautsi egiten dela publiko-pribatuaren dikotomia, eta «egokia» iruditzen zaio hori. Beste eragile batzuek, ordea, kontrakoa diote; horren aurrean dio gure herria «anomalia» batean aurkitzen dela, «sektorearen erdia besterik ez baita legez arautzen»; Europan ez dela halakorik gertatzen azpimarratu du eta hori konpondu beharra dagoela. Zentzu horretan, orain artekoa baino «dualizazio» handiagorik ez duela ikusten esan du Tellituk.
Hizkuntza ereduei dagokionez, norabide egokian egon daitekeen arren, konkrezio gehiago eskatzen dio proposamenean jasotzen den euskara ardatz izango duen eredu eleaniztunari; eskolak, ezinbestean, ikasleen «erabateko euskalduntzea» ekarri behar duela dio.
Ekarpenak egiteko denbora luzatu egin denez, Tellituk uste du aukera paregabea dela «adostasun sozial berri bat eraikitzeko».