Zuzenean

Transkripzioa:
Ioar:
Kezkatuta sumatzen zaitut, Ander.
Ander:
Arratsalde on, Ioar. Badut, bai, kezka bat baino gehiago.
Ioar:
Zer duzu ba?
Ander:
Zentsuraren gaiak arduratuta nauka.
Ioar:
Zentsura? Nola liteke, demokrazian bizi bagara?
Ander:
Horregatik hain zuzen. Diktadura erregimen batean normaltzat jotzen da zentsura egotea. Baina, ustez demokrazian bizi garen sasoian, onartezina da zentsura niretzat.
Ioar:
Zerbait larria gertatu da? Zerbait entzun duzu?
Ander:
Beharbada, hori bera da larriena. Gertatzen ari da, baina ez gara ohartu ere egiten.
Ioar:
Kasu konkreturen bati buruz ari zara, edo oro har zaude kezkatuta?
Ander:
Disko bat entzun dut: Isilik daude harriak, Estitxu Pinatxo abeslari beratarrarena. Eta horixe du gaia, zentsura.
Ioar:
Baina diskoa aditu baduzu, zentsuratu ez duten seinale da, ezta? Bestela, nola lortu duzu entzutea?
Ander:
Estitxu Pinatxok XX. mendean zentsuratutako hamar kanta grabatu ditu. Harkaitz Cano idazleak euskaratu dizkio. Kontu horrek gogoeta egitera eraman nau.
Ioar:
Kantari bakarlaria da Pinatxo?
Ander:
Bi disko plazaratu ditu. Haize gorri batek izenekoa argitaratu zuen 2019an. Ondoren atera du Isilik daude harriak. Azken hori entzuten ari naiz egunotan.
Ioar:
Eta zer moduz?
Ander:
Kanta gehienak ez nituen ezagutzen, zentsuratu egin baitzituzten. Interesgarria iruditu zait diskoa.
AUDIOA-1 | ESTITXU PINATXO
Ioar:
Isilik daude harriak. Polita du izenburu, iradokitzailea.
Ander:
Tituluan bertan dago zentsuraren metafora. Harriak isilik badaude, ezin dute minik egin. Ez dute kristala hautsiko. Ez dira mugituko. Abestu ezinaren adierazlea da isiltasuna.
Ioar:
Poetiko zaude gaur, Ander.
Ander:
Esan dizut lehen, Harkaitz Canok euskaratu ditu letrak; idazle aparta da, eta testuek edertasun berezia dute.
Ioar:
Zer diote zentsuratutako abestiek?
Ander:
Denetarik. Berez, ez dira gauza ikaragarri larriak. XX. mendean kanta askok ez dute zentsuraren froga ezagutzera eman. Ezberdinak izaten dira motiboak.
Ioar:
Arrazoi politikoak dira agian?
Ander:
Ez dute zertan zuzenean politikoak izan. Kontu erlijiosoak ere izan litezke, edo sozialak, edo moralak. Zentsuratzen duenak bere pentsamendua inposatu nahi izaten du.
Ioar:
Besteen pentsamenduak zokoratu, oztopatu edo tapatu.
Ander:
Aldaketa bat eskatzen duen iritzi ororen gainean botereak berea ezartzen du.
Ioar:
Bi mundu gerra, deskolonizazio prozesuak, armen erabilera masiboa... Alde horretatik XX. mendea gauza anker askoren garaia izan zen.
Ander:
Gaur egun ere boteredunek eta indartsuek ez dute zanpaketan atsedenik hartzen. Gerran ari dira han eta hemen.
AUDIOA-2 | ESTITXU PINATXO
Ander:
Kontuan izan behar duzu, gaur egun zentsura ez dela irrati batean abesti bat debekatzea soilik. Inoiz baino artista gehiago dago kartzelan.
Ioar:
Horrek esan nahi du, irizpide politikoak eta moralak mundu osoan arrazoiaren eta artearen gainetik daudela.
Ander:
Euskal musikariek bizi izan dituzte halakoak. Eta ez bakarrik frankismo garaian. Gero ere, makina bat talde eta bakarlari eraman dituzte auzibideetara.
Ioar:
Bai, bai. Soziedad Alkoholika, Negu Gorriak edo Berri Txarrak taldeek boikotak sufritu dituzte.
Ander:
Haien kontzertuak debekatu ere egin dira. Eta epaitegietan auzi batzuk izan dituzte.
Ioar:
Baina kantatzeagatik inor preso eraman al dute?
Ander:
Pablo Hasel rap kantari kataluniarrak urtebete baino gehiago darama kartzelan. Valtonic kantaria Belgikan erbesteratuta dago. Han, behintzat, epaileek arrazoia ematen diote.
Ioar:
Musikariak presondegian! Benetan, oso gogorra da egoera.
Ander:
Uste dugun baino jende gehiagok sufritu du zentsura.
Ioar:
Eta gu ohartu ere ez.
Epilogoa - Beti Ikasten
Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Denbora adierazteko formula berezi bat dugu euskaraz.
Anderrek esan du:
—«Pablo Hasel rap kantari kataluniarrak urtebete baino gehiago darama kartzelan».
Ander:
Euskaraz BETE hitzarekin BAT adierazten dugu denborari dagokionean:
Ez dugu esaten aste bat, astebete baizik.
Ez dugu esaten ordu bat, ordubete baizik.
—Urtebete daramat tabakorik erre gabe.
—Hilabete igaroko duzue oporretan?
Ioar:
—Astebete daukagu lan hau bukatzeko.
—Ordubeteko atsedenaldiak mesede egingo digu.
Hemen entzun dezakezu Estitxu Pinatxori egindako elkarrizketa.


