Zuzenean

Eli Pagola
Elkarrizketa
Leire Urkiri
Ekopol Ikerketa Taldeko kidea

«Ekonomia lokalagoa egin behar da zor ekologikoa txikitzeko»

«Euskal Herria menpeko herrialdea da» esan digu argi eta garbi Ekopol ikerketa taldeko Leire Urkirik. EAEko industriarako lehengai asko inportatzen da, Boliviatik, Perutik eta Brasiletik dator eta erauzketa horrek zor ekologiko bat sortzen du, noski. Nola kitatzen da zor hori baina? 

Audio_placeholder

«Ekonomia lokalagoa egin behar da zor ekologikoa txikitzeko»

Loading player...
Gaur8.2015/12/05.meategiak
Gaur8.2015/12/05.meategiak

Giza jarduerak inpaktua eragiten du, aztarna kontzeptua ere atera da hizketaldietan, eta maila bereko arreta merezi duen bati erreparatu diogu Gelditu Makinak saioko seigarren atalean: zor energetikoa eta ekologikoa. Leire Urkiri EKOPOL ikerketa taldeko kidearekin landu dugu gaia.

Zor kontzeptua, alor ekonomiko monetarioaren testuinguruan aski ezaguna da, baina nola ulertu kontzeptu hau ekologia edo energian?
Zor ekologikoa kanpo zorraren kontzeptutik dator, baina, apur bat ezberdina da. Nolabait, zor ekologiko kontzeptua erabiltzen denean, ikasle askok pentsatzen dute naturarekin orokorrean dugun zorra dela. Izan daiteke horrela, baina zor ekologikoaren kontzeptuak beste zentzu bat dauka. Zor ekologikoa da iparraldeko herrialdeek hegoaldekoekin dugun zorra naturaren erabileragatik. Bi adibiderekin argiago ikusten da hori: Iparraldean kontsumitzen ditugu aldaketa klimatikoa eragiten duten erregaiak. Baina eraginak, gure hondakinek sortutako eraginak, guztiok pairatzen ditugu, eta are gehiago herrialde tropikaletan, hegoaldea.

Hegoalde/iparralde guk erabiltzen dugun kontzeptua da. Ez da kontzeptu erreza eta baditu bere koskak, baina, gure ustez, erabilgarria da mundu mailako dinamika batzuk azaltzeko. Kapitalismoa oinarritzen da hegoaldeko baliabideak oso merke erauztean eta aberastasuna iparraldeko herriak aberastean, eta orokorrean dinamika hori mantendu egiten da. Europa, Ipar Amerika, Australia...baina zer dira gainontzekoak? Txina hegoaldea da? Brasil hegoaldea da? Makroekonomiak hartu behar dira kontuan, hala ere, hegoaldean badira iparraldeko herriak, eta iparraldean badira hegoaldeko herriak. Baina iparraldea/hegoaldea balio digu mundu mailako desoreka ulertzeko. Desoreka ekonomikoa zein ekologikoa.

'Euskal zor ekologikoa: Ondorio Sozial eta Ekologikoak Hegoaldean' ikerketa kaleratu zenuten dela urte batzuk. Ikerketa hori egiteko zein prozedura jarraitu zenuten?
Euskal Herri osora zabaldu nahi genuen ikerketa, baina datuen erabilgarritasunagatik, EAEko azterketa egin genuen. Nolabait bi bide landu genituen: lehendabizi nahi genuen ikusi gure inportazioak zeintzuk ziren. Zeintzuk diren gure ekonomiak erabiltzen dituen material denak eta nondik datozen, eta inportatzen diren material horiek zein kalte eragiten duten. Beste dimentsio batzuk ere badaude: enpresa multinazional edo transnazional batzuk egoitza soziala EAEn dute, Iberdrola eta BBVA, adibidez. Guk aztertu nahi genuen horrelako enpresek Hegoaldeko herrialdeetan aurrera eramaten dituzten jarduerek nolako kalte ekologikoa sortzen duen.

Zein da Euskal Herriko egoera. Herrialde burujabea gara edo mendekoa?
Oso mendekoa. Gure eskaera materiala oso altua da, 110 tona per kapita.  Datu honek ez digu asko esaten, baina bai konparatzen badugu: Txina 40 tona, Alemania 77... gure eskaera materiala oso altua da beste herrialde batzuekin alderatua. Zergatik? Ba lurralde txiki bat garelako eta kontsumoa altua delako. Horretaz gain, gure ekonomian industriak pisu handia du. Ikerketan gure inportazioa aztertu genuen baita fluxu ezkutua ere. Hau da, nolako kaltea eragin du material hori erauzteak jatorrizko lekuan? Eta nola tasatu hori tonetan? Errazena da mineralekin ikustea. Eztainuaren kasuan,  tona bat erauzteko 7.000 tona lur eta haitz mugitu behar dira. Gure industria motagatik gure material eskaera oso altua da, erabiltzen ditugun materialen %88 inportatua da, kanpotik datoz. Mineralak eta erregai fosilak ez ditugu bertan erauzten, eta horrek guztiak gure zor ekologikoa handitu egiten du.

Zerekiko gara menpeko?
Gure eskaera materiala aztertzen dugunean, erdia mineralak dira, metalak batez ere. Horrek hartzen du gure eskera materialaren erdia, eta beste parte handi bat erregai fosilak eta biomasa dira.

Nondik ekartzen ditugu?
Parte handi bat Espainiatik dator. Baina kanpotik datoz, adibidez, eztainua eta erregai fosilak. Eztainua Peru, Bolivia, Brasil eta Indonesiatik dator. Petrolioa, guk ikerketa egin genuen garaian behintzat, Errusiatik eta Iranetik. (Kontuan hartu behar da petrolio inportazioak urtetik urtera aldatzen direla). Gasa, Norvegiatik, Nigeriatik eta Trinidad eta Tobagotik. Menpekotasun handia dugu Hegoaldeko herriekiko, eta ez hori bakarrik. Zer nolako harremana sortzen da? Hori garrantzitsua da, ez da bakarrik materiala Boliviatik ekartzea... ordaindu egiten ditugu han sortutako kalteak? Kasu honetan ez, kasu gehienetan ez da ingurua berreskuratzen, ez da konpentsatzen kalte ekologikoa, guretzako hor dago gakoa.

Hari horretatik tira egin nahiko nuke. Eraginak ekonomikoki ez direla ordaintzen diozu, baina nolakoak dira eragiten diren eragin ekologikoak?
Material guzti honen erauzketak kalte ekologiko handia sortzen du. Oso argia da ur edangarriarekin gertatzen dena. Munduko biztanleriaren laurden batek ez du ur edangarririk.  Meatzaritza bezalako jarduerak ur edangarriaren kutsadura eragiten du maiz, istripuak daudelako, edo jardueraren ondorioz hondakinak zuzenean doazelako ingurugirora. Euskal Herrira hainbeste eztainu zergatik inportatzen ote den ikertu genuen, eta ardo botilen kapsulengatik da. Hemen pare bat enpresa daude hori egiten dutenak.

Eztainu hori Boliviatik dator, Huanuni meategitik. Eztainua ustiatzeko meatze handiena da baina ez du azken dikerik. Dike horiek dira meategi ondoan sortzen diren igerileku gisakoak, hondakinak biltzeko balio dutenak. Huanunun igerilekurik ez dagonez zuzenean hondakinak errekara eta ingurunera isurtzen dira.  Petrolio eta gas ustiaketetan ere kalteak handiak izaten dira, istripuengatik edota ohiko praktikengatik. 95 milioiko isuna ordaintzera zigortua izan da Shell petrolera herbeheretarra Niger deltako nekazariei bertan egindako isuri erraldoi batengatik. 60 futbol zelai adina azalerako isuri batengatik. Baina eragindako kalteak gehienetan ez dira ez konpentsatzen ez berrekuratzen.

Eta nola kitatu dezakegu zor ekologikoa?
Ba ez da erreza. Alde batetik, lehenengo kontua da kalteak ordaintzea. Eragindako kalteak berreskuratzeko, lehen zegoen egoerara itzuli behar da eta hori ezinezkoa da. Bestetik, konpentsazioa dago. Alegia, ezin bada egoera berreskatu ba kaltetutako komunitateari konpentsazio ekonomiko bat eman. Eta hori nola kudeatu daiteke?  Saiakera ezberdinak egon dira lege batzuk ezartzeko, espainiar Estatuan saiakera bat egin da non hemengo transnazionalak kanonak ordaintzera behartuak dauden. Horrela, nolabait sistema bat egongo litzateke kaltetutako komunitateak salaketa bat jartzen duenean epaiketa argiagoa izan dadin... Baina garrantzitsuena da zor ekologiko gehiago ez sortzea. Helburu nagusia hori da. Ekonomia lokalagoa egin behar da zor ekologikoa txikitzeko, gure kontsumoa eta bizitza eredua guztiz aldatu behar dugu.

Jaurlaritza Logoa