Zuzenean

Ainara Rodriguez-Hegoi Belategi
Elkarrizketa
Iratxe Aurre
ELA sindikatuko ordezkaria ITP Aeroko enpresa batzordean

«Ez dugu operazioaren informaziorik. Dakiguna prentsaren bidez jakin dugu»

ITP Aeroren salmenta adostu dute Rolls Roycek eta Bain Capital inbertsio funtsak. Operazioak zuzenean eragiten badie ere, langileek oraingoz ez dute honen inguruko xehetasunik. Uda honetan zuzendaritzak eta langileek adostutako hitzarmena errespetatu dadila espero du ELAko ordezkari Iratxe Aurrek.

Audio_placeholder

«Ez dugu operazioaren informaziorik. Dakiguna prentsaren bidez jakin dugu»

Loading player...
ITP Aero enpresak Zamudion duen egoitza. (NAIZ).
ITP Aero enpresak Zamudion duen egoitza. (NAIZ).

Lakuako eta espainiar Gobernuen oniritziarekin, ITP Aero 1.700 milioi eurogatik saltzea adostu dute Rolls-Roycek eta Bain Capital buru duen inbertsio funtsak. Oraingoz hori da langileek duten informazio eskasa. «Ez dugu operazioaren informaziorik. Dakiguna prentsatik jakin dugu», azaldu dio Iratxe Aurre enpresa batzordeko buru eta ELA sindikatuko ordezkariak NAIZ Irratiari. Izan ere, informazioa argitaratu baino 5-10 minutu lehenago eman zieten abisua. Dagoeneko premiazko bilera eskatu diote zuzendaritzari.

«Lanpostuak errespetatzea» da Aurrek dionez, jabe berriei egingo dioten eskari nagusia, eta ondorioz, uda honetan ITP Aeroko enpresa batzordeak eta zuzendaritzak adostutako lan hitzarmena bermatu dadila. Horretaz gain, salmenta nola burutu den ere ezagutu nahi dute. «Agian ez dago dena adostua. Ez dakigu», berretsi du.

Datorren urterako aurreikusten den produkzioaren beherakada aintzat hartuta, hitzarmena onena ez den arren, ziurtasuna ematen diela azaldu du ELAko ordezkariak, «guretzat garrantzitsuena lanpostuak mantendu eta baldintza berdinak izatea da. Hobe da hitzarmen hau ezer ez edukitzea baino». Muturreneko egoeran, hitzarmen berriak Aldi Baterako Lan Erregulazio Espediente bat onartuko luke, behin-betiko kaleratzeen ordez.

«Pentsatzen dugu hori errespetatu egingo dela eta bilera eskatu dugu ITPko zuzendaritzarekin. Ez dugu erantzunik oraingoz», azpimarratu du Aurrek. Ezjakintasuna ez da hor amaitzen. Izan ere, ez dakite zehazki zeinek erosi duen lantegia. «Inbertsio funts bat bai, baina nortzuk diren ez». Horrek «ezinegona» sortzen die langileei. Gainera, funtsak ez omen du erlazio zuzenik orain arteko haien jardunarekin. «Prentsan ikusten duzu eta beste norbaiten bila omen dabiltza, baina dena da espekulazioa», gaineratu du. 

Lakuaren papera airean

Ikusteko dago zein paper jokatuko lukeen, baina Lakuako Gobernua operazioan sartzeko prest agertu da. Kopuru ofizialik ez badago ere, prest legoke funtsaren bitartez 60 milioi inbertitzeko ITP Aeron, eta horrek akzioen %3 eta 4 bitarte emango lizkioke.

Alde batetik, Jaurlaritzaren parte hartzeak «segurtasuna» ematen diela azaldu du Aurrek, baina bestetik, zalantzak dituzte enpresan izango duen eragin gaitasunaren inguruan. «Basamortuan granotxo bat izango da, zein puntura arte baldintzatu ahalko du hemen lana mantentzea?», galdera bota du Aurrek.

Jaurlaritza Logoa