Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Aiora Solozabal
Tolosaldeako patroia

«Gorengo mailan aritzea zer den probatzeko gogoa daukagu»

Pasa den asteburuan denboraldia ederki biribildu zuen Tolosaldeak. Igoera faseko bi estropadetan nagusi izan zen eta Euskotren ligarako txartela merezimendu osoz irabazi zuten. Orain, hilabete eta erdiko atsedena hartuko dute, Aiora Solozabal patroiak NAIZ Irratian adierazi bezala. 

Audio_placeholder

Aiora Solozabal, Tolosaldea taldeko patroia, oso harro agertu da bere arraunlarietaz

Loading player...
Tolosaldea taldeko arraunlariak hunkituta igoera lortu berritan. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Tolosaldea taldeko arraunlariak hunkituta igoera lortu berritan. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Azken denboraldietan, Hondarribiak ondo eutsi du maila igoera fasea jokatzea egokitu zaion bakoitzero. Aurten, baina, gauzak aldatu egin dira eta Tolosaldeak erakutsi du –denboraldi osoan egin legez– gorengo mailara igotzeko kandidatu aproposa zela. 

Datorren urtean gorengo mailan izango zarete, Euskotren Ligan. Pozik egongo zarete, ezta?

Bai, erresaka emozional pixka bat daukagu; erdi sinestuta, erdi sinestu gabe. Momentu honetaz gozatzen ari gara eta negutik aurrera joango gara pixka bat gure burua kokatzen eta benetan non gauden sinestarazten. 

Argi utzi duzue laukoteko indartsuenak zinetela. Azkenean igoera lortuta, merezitako denboraldi amaiera izan da?

Egia esan denboraldia oso ondo baloratzen dugu baina bukaera hau oraindik eta hobea izan da. Kontxan lehenengo igandean ez genuen lortu nahi genuen helburua, baina bigarrenean gustorago geratu ginen. Eta igoera fase hau ere oso borobila izan da, bi egunetan oso estropada onak atera zaizkigu eta oso gustora nago egin dugun lanarekin. 

Kontxan laugarren postuan amaitu zenuten. Helburua hori zen?

Bai, hori da. Azken batean, gure helburua zen ohorezko txandan sartzea, baina ez genuen lortu. Bigarren igandean, tanda bakoitza nolakoa izango zen aurreikusita, beste helburu batzuetara jo genuen. Bigarren igandekoa ondo atera zen, aurretik jarri ginen eta oso gustora. 

Patroi gisara, zein ondorio atera dituzu?

Nire begiekin ikusten ditut arraunlariak. Beti ikusten dituzu estropada bat bukatzen dutenean dena emanda bukatzen dutela, arnasa hartu ere ezinda. Ni beraietaz oso harro nago, egia esan. Estropada bakoitzean ahal duten guztia eman dute eta askotan arraunketari eustea ez da hain erraza. Eta nik esaten nienean arraunketa aldatu behar zela edo, denek jarri dute beraien partetik eta aurreko urtean baino errazago aritu gara. Nik uste dut urrats bat eman dugula urte batetik bestera. Momentu txar batean estropadan. zehar buelta ematen ikasi dugu. Gozatzen ikusten ditut eta orduan, baita nik ere. 

Ondo erantzun dute, beraz. 

Bai, oso ondo. Eta azken igandean ere bai. Nahiz eta ikusi aurretik geundela, ez zuten momentu batean ere palada bat emateari utzi. Geroz eta gehiagora joan nahi zuten eta oso ondo. 

Hurrengo urtean maila gorenean arituko zaretela kontuan hartuta, zuen lan saioetan eragina izango du?

Nik uste dut bestela ere dezenteko ardura jartzen diogula gure buruari arraunarekiko, bai estropadatan eta baita entrenamenduetan ere. Denboraldi osoan zehar, ilusioarekin gauzak ondo egiten aritzen gara. Filosofia berdinari helduko diogula pentsatzen dut. 

Dagoeneko buruan izango duzue hurrengo denboraldia.

Bai. Oraintxe bukatu dugu denboraldia eta orain buruan daukagun irudia da hurrengo udaran goikoekin egongo garela. Hilabete eta erdi bat deskantsua hartzeko daukagu, gure buruari arnasa pixka bat emateko. Gorengo mailan aritzea zer den probatzeko gogoa dago. 

Jaurlaritza Logoa