Zuzenean

Uda eta hard rocka uztartu ditu Izkander Fernandezek urtaro berrian sartuta

Udaberrian askotan aipatu dugu uda sasoiko musika dela hard rocka Izkander Fernandezentzat MusikHaria saioan. Udan sartu eta eguzkia desagertu bazaigu ere, gisa horretako musika ekarri digu azken tartean.

Audio_placeholder

Uda eta hard rocka uztartu ditu Izkander Fernandezek urtaro berrian sartuta

Loading player...
Slash! eta Axl Rosen estetikak segituan gogorarazten digu Guns N'Roses taldea.
Slash! eta Axl Rosen estetikak segituan gogorarazten digu Guns N'Roses taldea.

Udari buruz hainbeste hitz egin eta gero, uda girorik ez sasoirako propio aukeratzen den musikaz hitz egiterako garaian. «Beti da polita beroa egiten duen unean, leihoak jaitsi, musika igo eta herritik kanpoko errepide batean musikaz gozatzea» Izkander Fernandezen ustez. Hartara, urtero hamar bat diskoko hautaketa egiten du eta haietatik lau ekarri dizkigu, denak ere hard rockaren bueltan, bere estilo kuttunena hura delako.

Black Sabbath talde mitikoarekin hasi du tartea eta ‘Neon Knights’ kantuarekin dagoeneko irudikatu dezakegu hard rocka dela bertan entzungo dena. «Nolabaiteko estandar bat da eta hura besarkatu zuten maitasun osoz. Gitarren riff gogor eta errepikakorrak egin zituzten eta hizkuntza berri bat sortu zuten musikaren baitan. Ozzy Osbournen garaiko Black Sabbath gogoratuko du jendeak, baina Ronny James Dioren garaian zentratuko gara, 1980an sartu zelako eta orduko kantu bat entzungo dugu. Ez da Ozzy Osbourne, baina berez askoz ere ahots hobea dauka, nahiz eta frontman bezala Ozzyren pare ezin zen jarri». Hard Rock eta heavyaren arteko zerbait dela esan daiteke, baina Izkanderrek ez du argi: «Heavyaren sorreran egon ziren, baina blues rocketik asko edaten duen taldea. Hartara, nik uste Judas Priest eta Iron Maiden bezalako taldeetan sortu zela heavya, baina pertsona beste bertsio entzungo dituzu teoria honen inguruan».

Bigarren erreferentzia 1992koa da. «Huelvan nintzen uda hartan oporretan eta Sevillan jo zuten Guns’n’roses, Faith No More eta Soundgardenek eta amak ez zidan joaten utzi, hortaz, urte ura ezin ahaztu», aipatu du MusikHariako kolaboratzaileak. Danzig taldearen abestia ordukoa da, «Misfits taldeko abeslariak sortutako taldea da eta Black Sabbathen riffen gotorlekua sortu zutela esan daiteke. Rick Rubin ekoizlearekin batu zen eta halako disko batzuk grabatu zituen. Gauza bera egin zuen Johnny Cashekin Rubin ekoizleak, iluntasunera bideratu zituen Cash eta Danzig. Evil Elvis deitu izan zaio Danzigi: komikien erreferentziak ditu, iluna da, zikina, sexuala… Baina hard rocka izaten jarraitzen duena», dio Fernandezek.

Hirugarren taldea ia aurkezpenik behar ez duen horietakoa da, ikonikoa izan den banda delako, itxurari dagokionez zer esanik ez. Guns N'Roses taldeko Axl Rose eta Slash!-en estetika denok dugu memorian iltzatuta, lehenengoaren zapi gorria eta bigarrenaren xistera. «Nire talde kutunena da, nahiz eta gaur egun defendatzeko ez den erraza. Talde guzti hauen artean azkenak izan ziren agertzen eta porrotetik oso gertu egon ziren. ‘Sweet child o'mine’ abestiak eztanda egin zuen eta horrek salbatu zituen. 80. hamarkadan Los Angelesen egiten zen hard rockaren eszenan kokatzen den taldea da. Zaletuentzat desastre hutsak izan dira eta tristeak, urte asko eta disko gutxi kaleratu dituztelako, 2008an azkena eta aurretik beste 17 urte jo behar dira atzera haien lan batekin topo egiteko. Baina egin dutena, oso ona da», nabarmendu du Izkanderrek. Lehenengo diskoko kantu bat, 1987ko ‘It's so easy’ da ekarri diguna.

Azken taldearekin berriz ere 1991ra eraman gaitu Izkander Fernandezek, urte sagaratua inondik ere rockaren maitaleentzat. «Parrandara letxe txarrean zoazeneko unea ekartzen dit gogora kantu honek. Duela bi aste bete zituen 30 urte Skid Row taldearen disko honek, ‘Slave to the Grind’ deitzen denak. Guns N'Rosesen unibertsoko taldea dela esan dezakegu, nahiz eta hard rocketik aldendu ziren disko honetan, asko salduko zutela jakinda. Hiru balada oso mitiko ditu diskoak, baina ez ziren batere ‘horterak’. Bitxikeria moduan, Gilmore Girls telesailean agertu zen talde honetako Sebastian Bach musikaria», gaineratu du Lemoako musika adituak.

Hauxe beraz azken zerrenda:

– Black Sabbath - Neon Knights

– Danzig - Dirty black summer

– Guns N'Roses - It's so easy

– Skid Row - Slave to the grind

Jaurlaritza Logoa