Zuzenean

1991n mundu mailan urte garrantzitsua izan zen musikarentzat, eta Euskal Herrian?

Erreferentziazko urtea da ezbairik gabe 1991 musikaren industrian eta horren adierazle da MusikHaria saioan askotan aipatu den urtea dela. Izkander Fernandezek Euskal Herrian egiten zen garai hartako musika ekarri digu gogora.

Audio_placeholder

1991n mundu mailan urte garrantzitsua izan zen musikarentzat, eta Euskal Herrian?

Loading player...
30 urte beranduago, Su Ta Gar taldearen abestiek bizi-bizirik jarraitzen dute.
30 urte beranduago, Su Ta Gar taldearen abestiek bizi-bizirik jarraitzen dute.

Lau kantutan laburbildu du nolabait ere 1991k musikan Euskal Herrira ekarri zuena Izkander Fernandez Lemoako musika adituak. Urte horren bueltan askotan aritu zaigu hizketan, baina etxera begira jarri da oraingoan.

Danba gazteleraz eta RRV mugimenduaren bueltan sortu zen talde bat izan zen, baina 1991n bigarren diskoarekin estilo aldaketa bat eman zuten ‘Esamesaka’ diskoarekin. «Rock erradikal harren soinua eta produkzioaren zantzuak baziren baina erreferentziak guztiz desberdinak izan ziren. Amerikarragoa zen estiloa eta gainera euskaraz abestera pasa ziren. Garai hartako Estatu Batuetako hardcore-punk taldeen bidera egin zuten salto, aldaketa handia izan zen eta gainera eboluzio horretan jarraitu zuten beren ibilbidea bukatu zuten arte», aipatu digu Izkanderrek.

Julio Kageta izan da Fernandezek ekarri digun bigarren erreferentzia: «Mainstreama ez zegoen garaian mainstream modukoa bihurtu zen Julio Kageta. Ermuan ez dut gogoan beste talderik ba ote zen orduan eta hauek, gainera, kantuarekin bete-betean asmatu zuten. Mestizaje ukitua bazuen ordurako abesti honek, reggaea bazuelako eta gero ‘Mestizu’ diskoa ere kaleratu zuten. ‘Crossover’ horrekin nolabait ere Danba taldearekin paralelismo bat izan zutela esan daiteke».

Danba eta Julio Kagetak musika egiteko beste modu bat proposatzen zuten bitartean, Su Ta Garrek aldaketa bat ekarri zuen Izkander Fernandezen ustez: «Gazteleraz ordurako heavy taldeak baziren Euskal Herrian, baina euskaraz haiek agertu arte ez dut besterik gogoan. Eztanda bat izan zen Su Ta Gar agertzea eta beren arazoa produkzioan egon zen. Beren soinua ez zuten ulertzen akaso hemengo estudioetan eta hiru disko behar izan zituzten soinu hori disko batetara eramateko. Gainera, kalitatearen langa oso altu jarri zuten eta atzetik etorri zirenentzat erreferentzia argi bat bihurtu ziren. Heavyarekin hasi, trashera pasa eta beren estilo propioa jorratzen bukatu duen taldea da Eibarkoa».

Negu Gorriak berriz 1991ko eztanda horren beste protagonista nagusiak izan ziren. «‘Gure Jarrera’ diskoarekin eta Esan Ozenki diskoetxearen agertzearekin, gauzak egiteko beste modu bat posible zela erakutsi zuten. Musikalki ere nahi zutena egin zuten, ideologikoki ere sekulako lana egin zuten eta horrek guztiak belaunaldi batean eragina izan zuen», nabarmendu du Fernándezek.

Hauxe osatu digun zerrenda:

– Danba - Zeru gorria

– Julio Kageta - Mea kulpa

– Su Ta Gar - David eta Goliath

– Negu Gorriak - Ez dezagun sal

Jaurlaritza Logoa