Zuzenean
Maribel Tellaetxe Portugaleteko emakumea 2019an hil zen gaixotasun luze baten ostean. Eutanasiaren alde aritu zen lanean eta hil zenean bere familiak borrokan jarrraitu zuen, SOS Amatxu izenpean. David Lorente semeak pozez jaso du legearen onarpena, baina berandu iritsi delako baita tristuraz ere. «Giza eskubideak beti iristen dira berandu», gaineratu du.
Legea onartu aurreko egunean, agerraldia eskeini zuen Lorente-Tellaetxe familiak baieztatuz euren ama pozarren izango zela legearen onarpenarekin. Hala dela berretsi du semeak, «oso pozik eta oso harro egongo zen». Eutanasiaren legea onartu ahal izateko jende askoren lana ezinbestekoa izan dela baieztatu du, tartean, Ramon San Pedro aipatuz.
Kongresuko atarian zegoela hitz egin dugu Lorenterekin, parean Abokatu Kristauak deituriko taldea elkarretaratzea egiten ari zela, «beraien gorrotoa erakusten». Legearen aurka daudenei, kongresu atarian bildu direnei zer esango liekeen galdetuta, Lorentek erantzun du ez direla kristauak esango liekeela, laguna edo hurkoa ez dutelako errespetatzen. Kristau gehienak legearen alde daudela baieztatu du, inkestek hori erakusten dutela esanaz. Eta legea onartu egin da, beraz, «tolerantziak irabazi du fundamentalismoaren aurrean», Maribel Tellaetxe zenaren semearen hitzetan.