Zuzenean

Garazi Lasa
Elkarrizketa
Ander Álvarez

«Hiru hilabetetan erabilera bakarreko 3.000 edalontzi aurreztu dira»

Pentsatu al duzu zenbat zabor sortzen den 'take away' zerbitzuarekin? Ander Álvarezek bai, eta horregatik erabili, itzuli eta berrerabiltzeko Irri Sarri edalontziak diseinatu ditu. Bi euroko fidantza baten truke kalean lasai asko har dezakezu kafea zaborrik sortu gabe.

Audio_placeholder

«Hiru hilabetetan erabilera bakarreko 3.000 edalontzi aurreztu dira»

Loading player...
Irri Sarri edalontziak
Irri Sarri edalontziak

Diseinatzailea da Ander Álvarez eta beti egon da interesatuta jasangarritasun gaietan. Orain, bere proiektu propioa jarri du martxan, Irri Sarri edalontziak. Pandemiaren ondorioz, tabernak itxi eta izugarri handitu da 'eramateko' eskaera, baita kafearena ere. Irri Sarri edalontziena sistema erreza da eta zaborrik ez du sortzen. Tabernan kafea eskatu eta 2 euroko fidantza baten truke Irri Sarri ontzi batean eraman, gero taberna horretan bertan itzul dezakezu edo sareko beste taberna batean, jada 35 tabernetan ematen dute zerbitzua.

Nola hasi zinen Irri Sarri edalontziekin?
Gurean aspalditik dagoen arazo bati irtenbide bat aurkitzeko proposamenarekin aspalditik aritu naiz lanean. Ez nekien oso ondo nondik heldu, eta azkenean, produktu edo zerbitzu jakin bati heldu diot, ekintza txikiekin emaitza handi bat lortzeko asmoarekin. 

Erabilera bakarreko plastikoen inguruan arazo handia dugu gure gizartean, edozein arlotan gainera, hondakin asko sortzen baitu. Nik eramateko kafeari heldu diot. Azkenean, erabilera bakarreko edalontzi horiek ez dute alternatiba askorik gaur egungo sisteman eta alternatiba bat eskaini nahi izan dut.

Irri Sarri edalontzi batekin, erabilera bakarreko zenbat  aurreztu daitezke?
Edalontziak, berez, 500 erabilera onartzen ditu. Duela hiru hilabete hasi ginen eta  erabilera bakarreko 3.000 edalontzi aurreztu dira. Alegia, sarean ditugun edalontziak berrerabiliz, gutxienez, 3.000 kartoizko aurreztu ditugu.

Hasierako ideia errealitate bihurtzeko prozesua nolakoa izan da?
Lanketa sakona dago atzetik. Alde batetik, ni diseinatzailea naiz, baina ekonomia zirkularraren inguruan ikasketak egin ditut azken urte honetan. Gero, hainbat aditurekin hitz egi dut materiala aztertzeko eta  aukera  egokiena zein zen erabakitzeko. Komunikazio aldetik ere lanketa bat dago...Ibilbide luze samarra da baina merezi izan duena. Orain arteko lanak merezi izan du, bai.

Martxan jarri eta egun gutxira  Donostiako  Gros auzoko OhBaBa kafetegira gerturatu nintzen, ez nituen ezagutzen baina antzeko sentsibilitatea zutenez proiektua onartu zidaten proba egiteko asmoarekin. Handik hiru-lau egunetara tabernak itxi zituzten Covid19aren ondorioz. Hor ikusi genuen lehen arrakasta, beharra begi-bistakoa zen. Astebetera, ikusi genuen proiektua martxan hasi zela, jendeak erabiltzen zuela edalontzia eta gainera, ondoko tabernak ere interesa zutela.

Eta beste kafetegiekin nola egin duzu  kontaktua?
Ni ez naiz komertzial ona, baina, zorionez,  ahoz-ahozkoari esker kafetegi asko gerturatu zaizkit. Oraintxe, sarean 25 kafetegi daude. Donostian bertan 15 daude eta pixkanaka ondoko herrietan zabaltzen hasi gara. Hondarribia, Orio, Zarautz, Zumaia, Lasarte-Oriara zabaldu gara eta Bizkaian, Durangon eta Iurretan.

www.irrisarri.eu webgunean informazio guztia daukagu, mapa bat dugu eta bertan sareko kafetegi guztiak azaltzen dira. Gurekin harremanetan jartzeko telefono zenbaki bat ere badago eta sare sozialetako perfilak martxan ditugu, Instagramen eta Facebooken edukia egunero berritzen dugu.

Zein material erabili duzue edalontziak egiteko?
Edalontzien materiala aukeratzea, segur aski, neketsuena izan da. Teknikoki ezaugarri jakin batzuk bete behar dituelako eta azkenean aukeratutakoa polipropilenoa izan da. Material honek erabilera asko onartzeaz gain, bere bizitza luzatzeko erraztasunak ematen dizkigu, ostalaritzan asko erabiltzen den materiala da, segurua eta garbitzeko erraza delako.

Kafesnerako tamaina da duzuena, besteren bat ateratzea pentsatu duzue?
Hasierako hilabete hauetan kafesnerako pentsatutako edalontziarekin ari gara, ebakiak ere erraz sartzen diren edalontziak dira, eta udaberrirako pixka bat altuagoak diren edalontziak ekartzeko planetan gaude. Eguraldia pixka bat epeltzen hasten denerako kafesneari izotza ipintzeko edo infusio bat hartzeko.

Kuriositate moduan,zergatik 'Irri Sarri' izena?
Irri Sarri, pertsona ezberdinen artean egindako ekintzek emaitza onak ekartzen dituztela goraipatzeko. Inguruan bizi dugun arazoa nabarmena da eta zorionez agente eta eragile desberdinek asko laguntzen digute prebentzio kontu horretan. Irri Sarriren helburua ondo egiten dena goraipatzea da. Eta azkenean, elkarlanari esker ari gara 3000 edalontzi aurrezten. Ea pixkanaka denen artean egoera hau hobetzen dugun.

Jaurlaritza Logoa