Zuzenean
Zenbakiak beldurgarriak dira: pertsonako 50 kilo plastiko kontsumitzen dira bataz beste eta 10 urtean ia 100 milioi tona plastiko gehiago kontsumitzen da munduan. Plastiko hori tratatu beharra dago, baina %60 baino ez da jasotzen. Noski plastiko guztientzat ezin da erabili birziklapen tratamendu bera, plastiko bakoitzak bere ezaugarriak dituela kontuan hartu behar da. Plastikoaren birziklapenean garatu dute haien tesia Eider Mendiburu eta Gurutz Mondragonek. Mendiburuk PET materialen birziklapenean garatzen ari da doktoretza, Mondragonek poliamidetan, arrantza sareen birziklapenean.
PET plastikoaren birziklapena ikertzen du Eider Mendiburuk. PET, polietileno tereftalatoa, oso ohikoa da jakien eta edarien ontzietan. Merkea da, arina eta birziklagarria. Plastikozko ur botilak PET plastikoz daude eginda, adibidez. Gaur egun, edukiontzi horira botatzen da PET plastikoa eta termomekanikoki birziklatzen da. Itsasoan biltzen den plastiko asko ere, PET plastikoa da, baina hura birziklatzea ez da hain erreza, itsasoan beste degradazio bat jasotzen baitute eta ez da komeni beste PET plastikoekin nahastea.
Plastikoarena familia zabala da, PETekin egiten du lan Eider Menbiruruk, eta aldiz, Gurutz Mondragonek poliamidak aztertu ditu, zehazki, nylonarekin egindako arrantza sareak. Urtero, gutxi gorabehera, 5 eta 13 milioi tona zabor artean itsasoratzen dira. Hondakin horietako gehienak lehorreko jardueretatik datoz, baina kalkuluen arabera, hondakinen %20ek itsas jardueretan du jatorria, hala nola arrantzan. PETak ez bezala oso gutxi degradatzen dira arrantza sareak itsasoan.
Eta plastikoa birziklatzean, zertan bihurtzen da? Balorea galtzen du plastiko horrek? «ez da asoziatu behar birziklapena kalitate gutxiagoko produktuekin, hori ez da horrela» erantzun du argi Mendiburuk. Hala ere, garrantzitsuena zera da: «plastiko gutxiago erabili, berrerabili eta gero, birziklatu». Askotan erabiltzen dugu plastikoa «beharrik gabe» dio Mondragonek, «zergatik erabili behar dugu hainbeste plastiko erosketetan, erosi dugun hori estaltzeko, adibidez?». Eta ohartarazpena ere egin ditu ez dezagun plastikoa etsaitzat hartu, «plastikoek ere propietate onak dituzte, arinak dira, moldagarriak...ez da dena txarra, eh? ». Beraz, arazoa ez da plastikoa, baizik eta plastikoaren kontsumo masiboa.
Azken aldian, asko entzun dugu uharte plastikoen inguruan, «korronte gutxi dagoen lekuan plastikoak metatu egiten dira eta azkenean manta gisako uharteak sortzen dira» dio Eider Mendiburuk, «badago bat, Euskal Herria baino 17 aldiz handiagoa dena» dio. Arazoa larria dela diote biak, eta faktore garrantzitsu bat bat gehitu behar dela: itsasoaren bizitza aldatzen ari da. Gurutz Mondragonek argi du «txip aldaketa bat egin behar dugu, ez da erreza izango plastikoaren industriak botere handia duelako. Baina bakoitzaren lana da aldatzea, lehendabizi indibidualki hasi eta gero kolektiboki».