«Ondo irteten bazen NAIZ Kontzertu gehiago izango zirela esan genuen, eta hemen gaude»

NAIZ Kontzertuen lehen bost emanaldietako azkena izango da ostiral honetan Bilboko Santana 27 aretotik En Tol Sarmiento taldeak eskainiko duena. Bigarren txanda ere prest da dagoeneko, ordea. Hori bai, aldaketekin dator, «eredu mistoa» izango dute. Orain arteko balantzea eta aurrera begirako asmoez aritu da Musikharian Asier Iñigo, NAIZeko marketin arduraduna.

Loading player...
Iker GURRUTXAGA|2020/07/02
Gat_10
Gatibu taldekoak izan ziren 'NAIZ Kontzertuak' zikloa irekitzen lehenak. (Gaizka PEÑAFIEL)

Harrera ona izan du 'NAIZ Kontzertuak' ekimenak, baina atzetik ikusten ez den lan handia egin behar izan da. «Esan genuen esperimentu moduko hau ondo irteten bazen, kontzertu gehiago izango zirela eta hemen gaude» esanez hasi du elkarrizketa Asier Iñigok, NAIZeko marketin arduradunak.

Lehenengo zuzenekoaren aurretik tentsio handia bizi izan zuten, besteak beste, ez zekitelako zenbaterainoko hedapena izango zuten. Hartara, plan bat baino gehiago zuten prest zerbaitek huts egiten bazuen ere. «Azpiegitura guztia bikoiztuta geneukan, hala eskatu nuen, hegazkinetan egoten den bezala», kontatu digu Asier Iñigok.

Fase aldaketa izango da orain, eta, kontzertuak etxean ikusteaz gainera, emanaldiak zuzenean, aretoetan, ikusteko aukera eskainiko da Naiz Kontzertuak ekimenaren barruan. «Planteatzen ari garen eredu mistoa, etorkizunera begira, gu bezalako hedabide batentzat aukera polita izan daiteke. Aretoa urrun geratzen zaionari kontzertua etxera eramateko aukera mantenduko diogulako eta zuzenekoak, nahiz eta pantailaren bestaldetik izan, xarma hori mantentzen du».

Dena dela, batzuk aurretik ere kontzertuak zuzenean ikusteko aukera izan dute, beste modu batean izan bada ere. Horren inguruan, bitxikeria moduan honakoa aipatu du Asier Iñigok: «Gatiburen kontzertuan hain ondo pasatzen ari ziren batzuk, pantailaren bestaldetik ikusita aktoreak ziruditela. Baina ez, hiru hilabete eta gero lehenengoz kontzertu bat bizitzeko aukera izan zuten, eta hori da ikusi zena».

Sanagustin, Plateruena, Santana 27... 

Aretoz areto dabiltza Naiz Kontzertuak. Azpeitiko Sanagustinen eta Durangoko Plateruenan egon eta gero, Bilboko Santana 27 aretoan izango da ostiral honetan En Tol Sarmientoren emanaldia. Aurrera begirakoak lotzen dabiltza, ahalik eta areto gehienetara iristeko asmoz, «baina denek ezin dute gure zain egon eta batzuk beren programazioa martxan jarri dute berriz ere, eta ulertzen dugu. Beste batzuk, ordea, gurekin elkarlanean jarraitzeko gogoz daude. Laster joango gara guztia argitzen».

Zuzenekoak bertatik bertara ikusteko sarrerak salduko direnez, sarean ikusi ahal izateko prezioa merkatzeko erabakia hartu du NAIZek. «Sarean mikro-ordainketak egiteko ohitura dago hainbat harpidetza eta alokairuren inguruan, esaterako. Oraingoan, zuzeneko sarrerak salduko direnez, etxetik ikusteko aukera merkeago jartzeko aukera izan dugu. Hartara, edonork ordaintzeko moduko prezioan jarriko ditugu bigarren faseko kontzertuak, 2,5€ren trukean», aurreratu du Asier Iñigok.

«Musikak guri eman diguna itzultzeko garaia» dela azpimarratu zuen Iñaki Soto Garako zuzendariak Naiz Kontzertuak aurkeztu zirenean. Helburu horretan lanean jarraitzeko asmoz daudela aipatu du Asier Iñigok.

Badakizue, sarrerak eskuratzeko naiz.eus/naizkontzertuak orrialdean daukazuela aukera eta laster jakingo dira datozen kontzertuak non eta noiz izango diren. Momentuz, ETS eta Belakoren sarrerak eskuratzeko moduan izango dira, eta, aurrerago etorriko da Esne Beltza, Liher eta Skabidean taldeen emanaldietako sarrerak erosteko aukera ere. Aretoan edo etxetik, baina gure musikaren alde.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia