Zuzenean

NAIZ IRRATIA

ETS: «Jendeak flipatu egingo du, lehena izango da argiekin ere espektakulu bat egingo duguna»

NAIZ Kontzertuen lehen fasea istera dator ETS ostiral honetan. Iñigo Etxezarreta da taldearen arima eta NAIZ Irratian aritu da En Tol Sarmientok izan duen garapenaz eta ostiralean espero dezakegunaz. Musika ez ezik, ikuskizuna bera ere erabat aldatuta datoz arabarrak.

ETSren kontzertu bat orain bi urte, La Bastidan. (entolsarmiento.com)
ETSren kontzertu bat orain bi urte, La Bastidan. (entolsarmiento.com)

«Konfinamenduan pasa ditut bizpahiru hilabete lantzen nola nahi dugun antolatu aurrera begira gure show guztia eta ostiralean daukagun guztia eraman nahi dugu», hala aurreratu du Iñigo Etxezarreta ETSren arimak NAIZ Irratiko Bigarren Kafean. Berezia izango da, beraz, NAIZ Kontzertuen lehen txanpa honetako azken kontzertua ere. En Tol Sarmientok hartu duen izaera berriaren abiapuntua jarriko baitu ostiral honetan 22.00etatik aurrera.

Argiak izango dira protagonista, «jendeak flipatu egingo du, musikan 'tak' egiten badugu argietan 'tak' hori ere izango baitugu, lehen kontzertua izango da argiekin ere espektakulu bat egingo duguna». Entzungo denaz harago, ikusmenari eta gainerako zentzuei ohikoan baino arreta handiagoa jartzeko kontzertua izango da, beraz.

Kolpe gogorra izan da koronabirusaren krisia talde honen garapenean ere. «Orain bi urte lana utzi nuen, 'Ametsetan' grabatu eta gero hori izan zen nire apustua; beraz ez da soilik eskatzen dizun denbora inbertsioa, ekonomikoa ere bazen... 'ikusiko dugu ia funtzionatzen duen' nioen orduan, eta funtzionatu zuen, baina justu errekuperatzen hasi behar ginen urte honetan 'zaska'... ». Konfinamendu garai honetan bizitakoak azaltzeko baliatu du taldeak 'Zurekin batera' lana, arrakasta dezenterekin.

Ostiraleko set-listeko kantuetako bat izango da, noski.

Sarrerak eta txanda berria: Belako, Esne Beltza, Liher eta Skabidean

ETSrako sarrerak naiz.eus/naizkontzertuak webgunean daude salgai.

Ostegun honetatik aurrera NAIZ Kontzertuen hurrengo txanpako lehenak ere bertan izango dira salgai. Belakok abiatuko du uztailaren 10ean streaminaz gain aurrez aurrekoak ere izango diren kontzertu hauen aldi berria. Bere ostean datoz Esne Beltza, Liher eta Skabidean.

Ostiral honetan itxiko den lehen fase arrakastatsuaren emaitza da bigarren hau. Izan ere; Gatibu, Nøgen, Zetak eta Huntzaren orain arteko kontzertuek jarraipen handia izan dute. Lehen 24 ordutan 1.000 sarrera eta bonu saldu ziren eta kontzertu guztietan 3.000tik gora ikusle izan dira, Gatibu ia 4.000ra iritsi zen.

Jaurlaritza Logoa