Shangaien ikasten hasi eta 4 musika eskola zabaltzen bukatu

Enpresaren inguruko ikasketak egiten hasi eta Txinan bizitzen geratu zen duela urte batzuk Eñaut Martí (Orio, 1991). Musika zuen Euskal Herrian pasio eta han ogibide bihurtu zaio 'MusicLab' proiektuari esker. Ekintzaileentzako sari bat eskuratu berritan eta bakarkako lehen EPa eginda bisitatu du MusikHaria saioa.

Loading player...
Iker GURRUTXAGA|2020/06/26
En%cc%83aut2
Eñaut Martí eskuratu berri duen saria eskuetan duela

Shanghain bizi da duela 4 urte ingurutik Eñaut Martí oriotarra. Musikak txiki-txikitatik asko eman dio eta Leinn ikasketak egiten ari zela, hara joan eta musika-eskolak zabaltzen dabil azkenaldian 'MusicLab' proiektuarekin. Tira, irekitzen baino ixten, «krisialdiaren aurretik 4 musika eskola genituen eta orain hori guztia mantendu ezinda gaudenez, hiru itxi behar izan ditugu» kontatu digu Martík.

Dena dela, berriki 'Shanghai Top Startup' izeneko saria eman diote beren proiektuari, elkarrizketa egin eta hurrengo egunean jakin genuen albsitea. «Lehiaketaren antolakuntzak inguruko hamar startup onenen artean sartu zuen gure enpresa, eta gero, publikoak erabaki du garaile gu izatea. Egia esan, normalean ez dugu halako ekimenetan parte hartzen; nahikoa izaten dugu enpresaren eguneroko martxari eustearekin. Ez dakit gure izena nork eman zien antolakuntzakoei» aipatu zigun elkarrizketa eman biharamunean oriotarrak.

'Shanghai Quitian' musika taldearekin dabil Txina aldean egun. Aurretik Euskal Herrian 'Citizen Kane', 'Arrautz Ustelak' edota 'Giranice' taldeetan aritu zen. «Abentura polita bizi izan genuen 'Citizen Kane' taldekoekin. Aurrekoan topatu nuen taldekide baten gurasoek hark hegazkinez bidaia zezan sinatutako baimena. Oso gazteak ginen eta ni taldeko helduena, atera kontuak», gogoratu du Martík.

'Shanghai Quitian' taldearekin diskoa prestatzen dabil egun eta «Euskal Herriko artista batekin edo besterekin harremanetan» dabiltza diskoan parte hartu dezan. Dena dela, disko hori egin bitartean, bakarkako bi pistako EPa atera du 'The guy of the third floor' izenaren azpian. «Musika eskolez gain hotel bat ere bageneukan zabalik. Hotela, ordea, negozio izatetik bizitoki izatera pasa da halabeharrez. Hirugarren pisuan estudio txiki bat egin dugu taldekideok, pisukide ere bagarenez. Bada, gela horretan sortutako kantuekin osatu dut 'Songs of the Seaside' EPa», esan digu oriotarrak.

Euskal Herritik Txinara joan, baina pasioz bizi duen musikarekin jarraitzen du aurrera, beraz, Eñaut Martík. Disko berriaren zain, 'Songs of the Seaside' lana uzten dizuegu hemen.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia