Zuzenean
«Hau dena Atopia idatzi aurretik gertatu izan balitz, ez dakit zer egingo genukeen» Aiora Mujikaren hitzak, Atopiako lantalde zabalaren kide, berak dioenez, oraindik ez badaki ere ziur zertan aritu den. Elkarlana oinarri izan duen lan honetan, ideia zoroen emaria etengabea izan dela kontatu digu Xabier Landabideak, emaitzak bestelako itxura badu ere: 350orrialdetako liburu garbia, egitura argiarekin, inolako kaosaren oihartzunik atzematen zaila.
2018an Gerediaga Elkarteak eskainitako lehen Sormen Beka eskuratu zuen 'Etzi Portu Maritimoa' taldearen proiektuak, eta 54. Durangoko azokan aurkeztu zen jendaurrean. Euskaraz sortu eta argitaratuako lehen rol-jokoa da, Xabier Landabidearen hitzetan «baita txarrena ere! Ez dugu zalantzarik berriak eta hobeak etorriko direla».
Jokoa, egungo Euskal Herri surrealista batean oinarritzen da, eta bost fakzioren arteko talka du ardatz. Partida bat jokatzeko, ez da beharrezkoa liburu guztia goitik behera irakurtzea. Izaten da, maizter bat, jokoa gidatzen duena, eta honek ardatz nagusien berri izatearekin nahikoa da. Partaide bakoitzak bere pertsonaia sortu behar du, Atopiaren webgunean eskuragarri dauden fitxak betez. Tradizioz, mahaiaren buelan jokatu ohi da, baina garai hauetan, bakoitza bere etxetik, ordenagailua aurrean jarrita ere jokatu daiteke. Behin partida abian, edozein konspirazio teoria da posible, eta errepikaezina den errelato bat sortzen da partaide guztien ekarpenari esker.
Aiora Mujikak eta Xabier Landabideak azaldu digutenez, liburua bera ere deskargatu daiteke Atopiaren webgunetik, eta epe ertain batean, atopian oinarritutako bideo-joku bat ere izango da, hasiera batean Linux-erako bertsioan.