Zuzenean
Rallyak ere guztiz geldirik daude konfinamendu egunotan. Txapelketa andanak bertan behera daude eta pilotuak etxean ezin autoa hartu. Gurean izan dira Gorka Eizmendi pilotu oriotarra eta Iñaki Alberdi pilotu azpeitiarra, beraiek eman digute azken informazioaren berri.
Eizmendiren kasuan, Espainiako lur gaineko txapelketan ibiltzen da lehian eta azaldu du «dena geldirik» dagoela. «Lehendabiziko karrera egin eta hurrengo astean etorri zen hau dena» dio oriotarrak. Nabarmendu nahi izan du txapelketak berriro hastekotan, «urte bukaeran» beharko dutela izan. «Argi dago txapelketak hastekotan irailetik aurrera izan beharko duela, baina ikusi beharko da ea babesleek eta antolatzaileek diru nahikoa duten hau posible izateko. Nire iritziz aurtengoa pasatzen utzi beharko litzateke eta 2021etara begira jarri» gaineratu du Eizmendik.
Alberdiri dagokionez, hainbat urtetan Euskal Herriko lasterketetan ibilitakoa da, eta oraindik ere karrera solteetan hartzen du parte. Orain, ordea, berak aipatu bezala, Euskal Herrian ere «dena geldirik dago». «Hemen karreraren bat edo beste egitea aipatzen da, baina izatekotan urte amaieran behar luke. Nik ez dut uste aurten ezer egingo denik» esan du azpeitiarrak.
Bestetik, Eizmendik nazioartean «egoera zaila» izango dela dio. «Arazo ekonomikoak ez ezik, mobilitate arazoak ere badaude. Esaterako, hemen Urrakiko igoera egingo balitz, hemengo jendeak soilik hartuko luke parte, Gipuzkoan dagoeneko baimenduta legoke mugimendu hori. Baina, Australiako rallya egingo balitz adibidez, ez dut uste bertako gobernuak nazioartetik jendea bertara joatea nahiko lukeenik» ohartarazi du oriotarrak. Gehitu du, bere ustez hobea dela, lehenengo Euskal Herriko karrerak hastea, ondoren nazio barrukoak eta azkenik nazioartekoak.
Afiziorik gabe korritzearen alternatiba ere badago noski, baina Alberdiren esanetan: «hemen zaila da aforoa neurtzea, zirkuitu batean balitz agian bai, baina rallyetan oso zaila da jende kopurua neurtzea». Bestetik, azaldu dute ez duela zentzurik afiziorik gabe korritzeak. Batetik, hauxe aipatu du Eizmendik: «guk azkenean marka bat saltzen dugu, eta zaleturik gabe produktu hori ez da iristen. Publikorik gabe festa hauek ez dute zentzurik». Bestetik, Alberdik hauxe dio: «publikorik gabe ez du xarmarik. Asko eskertzen da jendeak transmititzen duena, nola bizi duten. Karrera agian ordubetekoa da, baina ondoren inguru horretan izaten dugun giroa kentzea gogorra litzateke».
Generoaren inguruan, Eizmendik pentsatzen du rallyetan ezezberdintasunik dagoenik. «Gure kirolean, nire ustez, ez dago ezberdintasunik. Kopilotu ugari daude emakumeak direnak eta oso onak. Eta pilotuak ere badaude, gero eta gehiago» nabarmendu du oriotarrak. Gaineratu du bere ustez normalitaterik onena «honetaz ez hitz egitea» dela.
Alberdik, bere aldetik esan du haiek hasi zirenetik ona asko aldatu dela kontua. «Gure garaian emakumeak ikustea oso arraroa zen, denak gizonezkoak ziren. Orain, aldiz, gero eta gehiago daude eta sekulako poza ematen du» dio azpeitiarrak.
Etorkizunari begira, Eizmendik ohartarazi du «zaila» ikusten duela. «Nire ustez, bai oraina, bai etorkizuna zaila dago rallyentzat. Garai batean ekipo ofizialekin lehiatzen zen, markak zeuden... Gaur egun, gauza horiek ez dira posible. Espainia mailan, Dani Sordo kenduta, inor ez da bizi marka batetik» kontatu du. Hala ere, biek nabarmendu nahi izan dute Euskal Herrian sekulako maila dagoela. «Jende asko ibiltzen da eta pilotu oso onak ditugu hemen» adierazi du Alberdik.
Eizmendik dio ez dakiela zergatik ari diren publikoa galtzen. «Baten batek pixka bat pentsatu beharko luke zergatik ari den hau pasatzen» argi dute biak, «ikusleak berriro ere «gure karreretara ekartzea bilatu behar da» diote.