Zuzenean

Naiz Irratia

Gaur abiatuko da Zinegoak jaialdiaren 17.edizioa

Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia gaur arratsaldean abiatuko da, Bilboko Arriaga antzokian. Antolatzaileen esanetan, prestatutako programazioak ondo islatzen du aurtengo ediziorako hautatu duten leloa: «Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko». Julen Nafarrate Komunikazio arduradunarekin hitz egin dugu Naiz Irratian.

Audio_placeholder

Gaur abiatuko da Zinegoak jaialdiaren 17.edizioa

Loading player...
Zinegoak-en programazioa Bilborocken aurkeztu dute. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Zinegoak-en programazioa Bilborocken aurkeztu dute. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Arratsalderako dena prest, azken ikutuak emanez ari direla azaldu du Julen Nafarrate Zinegoak jaialdiaren Komunikazio arduradunak, lehenik eta behin. Arratsaldean abiatuko da jaialdi honen 17.edizioa, eta, besteak beste, Ohorezko Saria emanez hasiko dute; Pepa San Martin zuzendari txiletarrak eramango du aurtengo ohorea. «Aitortu gura izan dugu, berak egindako lanari esker, zernolako ikusgarritasuna eman izan zaien emakume lesbianei Txilen», azaldu du Nafarratek. Proiektu berri batekin datorrela argitu du, Berlinaletik zuzen-zuzenean, "La Felicidad" filmarekin; hau ere emakume lesbianak ditu protagonista eta Nafarratek dionez, «ohorea da Pepa San Martin jaialdian egotea».

Inaugurazio ekitaldi horretan, gainera, 'Mi pequeño gran samurai' film laburra proiektatuko dute; bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi gazte ondarrutar transexualaren istorioa kontatzen du film labur honek. Nafarratek esplikatu du «suizidioa» aurtengo jaialdiaren gai zentraletako bat izango dela, eta «gai gordina, edo grisa» iruditu daitekeen arren, antolatzaileek uste dute «ikusgarritasuna eman behar zaiola» gaiari. Ziurtatu du Nafarratek «LGTBI komunitatean kasu asko eta asko» gertatzen direla, «ez direnak ikusten eta ez direnak lantzen», eta Ekairen gurasoek dioten moduan, «helburua da horrelako gehiagorik ez gertatzea». Hau ez ezik, suizidioaten gaia lantzen duten bestelako proiekzio batzuk ere izango dituztela gaineratu du.

Bihartik aurrera Sail Ofizialean 22 film luze proiektatuko dituzte, hiru kategoria ezberdinetan: FIK kategorian nazioarteko jaialdietatik iritsitako filmak proiektatuko dituzte; DOK sailean, hots, film luze dokumenten kasuan, trans errealitateek hartuko dute protagonismoa, eta, KRAK sailean proposamen narratibo ausartagoak eta berritzaileagoak. Hortaz gain, 45 film labur ere proiektatuko dituzte, «ziklo bereziekin, adibidez, gorputz errebeldeekin lotuta edota indarkeria patriarkalak».

Nazioarteko filmak ez ezik, Euskal Herrian sortzen diren proiekzioak lortzen ere saiatzen direla azpimarratu du Nafarratek. Azaldu du 'Erroak' deitzen den sail berezi bat dutela eta azken urteetan sexu aniztasunarekin lotutako filmak batzen dituztela bertan. Deialdia ere egin die sortzaileei filmak euskaraz egitera animatu daitezen, izan ere, «urtero zailtasunak» dituzte euskarazko sorkuntzak topatzeko. 

Aurten ere nobedadeak badituzte; esaterako 'Bilgune Vermuta'. Nafarratek esplikatu du badagoela publikoaren zati bat «zineaz goizez disfrutatu nahi duena»; horri lotuta jarri diote izena. Azken finean, larunbat eta igande honetan eguerdiko 12:00etan egingo dituzten bi proiekzio dira, bata «ginekologia autodefentsaren inguruan» eta «trans erresistentziaren inguruan» bestea.

Ez da nobedade bakarra, ordea. Aurten lehen aldiz Zinegoak Sari Nagusia ere banatuko dute. Epaimahaiak eta publikoak izango dute horretarako ardura: Zinegoak jaialdiaren film onena aukeratzearena, alegia.

Proiekzioen gehiengoa hiru guunetan emango dituzte -Bilborock, BilbaoArte eta Golem-Alondigan-, baina euren helburua Bilbo osoan proiekzioak eskaini ahal izatea da. Egitaraua kontsultatu ahal izateko www.zinegoak.eus atarian dituzte eskuragarri.

 

Jaurlaritza Logoa