Zuzenean

NAIZ IRRATIA

Gaur onartutako aurrekontuekin kritiko agertu dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartako eragileak

Gaur goizean Bilbon Lakuako Gobernuak duen egoitzaren parean protesta egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartan biltzen diren hamarnaka eragileak. Gasteizko Parlamentuak gaur onartu dituen aurrekontuekin kritiko agertu dira kartako eragileak. Edurne Larrañagarekin hitz egin dugu gaiaz. 

Audio_placeholder

Gaur onartutako aurrekontuekin kritiko agertu dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartako eragileak

Loading player...
Eskubideen karta
Eskubideen karta

Kritiko agertu dira gaur Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartan biltzen diren hamarnaka eragileak Bilbon, Lakuako Gobernuak duen egoitzaren parean, gaur Legebiltzarrak onartu dituen aurrekontuen harira. Edurne Larrañaga kartako kideetako batek azaldu digu aurrekontu neoliberal batzuen aurrean gaudela: «Eredu ez sostengarri, sexista, babes sistemaren eraistea sustatzen duten aurrekontu batzuen aurrean gaude. Ez daude nondik heldu». 

PNV eta PSE-EEk, Podemos eta Equo alderdien babesa jaso dute gaur Legebiltzarrean 2020ko aurrekontuak onartzeko garaian. Aurrekontu hauen aurkako jarrera erakusteko nahikoa motibo badaudela azaldu du Larrañagak. Esaterako, beste lehentasun batzuk izan beharko lituzketela: «beti esan dugu pertsonak, herritarrak eta bereziki, behar gehien dituzten sektore horiek beharko luketela erdigunean izan, betiere, naturaren zaintza kontutan izanik. Aldiz, ikusten duguna da, aurrekontu hauek neoliberalak izanik, honen guztiaren kontra doazela».

Aurrekontu hauen onarpenarekin interes ekonomiko oso konkretu batzuen alde egin dutela uste du Larrañagak: «RGI edo diru-sarrerak bermatzeko errenta bada momentu honetan kronifikatzen ari den pobrezia eta prekarietateari aurre egiteko tresna garrantzitsuenetako bat, aurrekontu hauen bitartez onartuko dena da legeak esaten duenaren %34ko murrizketa». Murrizketetan oinarritutako murrizketak egiten ari direla onartzen ziurtatu du Larrañagak, eta ez hori bakarrik; iraunkorra ez den eredu bat ere sustatzen dutela: «Naturaren zaintza erdigunean egin beharko lukeen honetan, AHTari 95,3 milioi eskaintzen dizkioten bitartean, Podemos eta Equorekin lortu duten akordio honekin, aurten 88,9 milioi bakarrik dira lekuz aldatu direnak. Beraz, AHTari diru gehiago eskainiko zaio bestelako politikak egiteko baliatu zezaketena baino».

Larrañagak dio, besteak beste, horregatik duela geroz eta zentzu handiagoa urtarrilaren 30ean grebara jotzea. Prestaketekin burubelarri dabiltzala ziurtatu du, herriz herri hainbat greba-batzorde osatzen ari direla, oro har, jendetsuak izaten ari direla, eta espero duela eguna gerturatu ahala «konfluentziarako tarte handiagoa izatea». Oraindik hilabete exkax falta bada ere, giroa berotzen doala ziurtatu du.  

 

 

 

 

 

Jaurlaritza Logoa