IRRATIA
Entrevista
Gorka Urbizu
Musikaria

«Abbey Roaden grabatzea bizitzak emandako opari bat izan da»

«Haluzinantea». Hitz bakarra aski zaio Gorka Urbizuri Abbey Road estudio mitikoetan grabatzeak eragin dion zirrara adierazteko. ‘Hasiera Bat’ diskoaren biran murgilduta dabilen bitartean egin du bi eguneko sartu-irtena Londreseko estudioetan, bi kantu berri grabatzeko.

Gorka Urbizu eta taldekideak, Abbey Roaden. (Ibai Arrieta Del Pico / Only In Dreams)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Londresetik etorri berri zara, Abbey Road estudio mitikoetan grabatzetik. Nolakoa izan da bidaia hori?

Haluzinantea. Grabaketa aurretiko une horiek beti izaten dira gorabeheratsuak baina oraingoan nire buruari jarritako presio erantsiagatik edo, oso aste gogorrak izan dira: kantuak ezin bukatu… Eta zalantzak ere banituen, gaur egun Abbey Road estudio bat da baina baita gizateriaren ondare moduko bat ere, leku turistikoa eta museo bat aldi berean, eta badu ukitu korporatibo bat ere. Zalantza estudio bat baino gehiago ez ote zen parke tematiko bat.

Sartu orduko uxatu genituen zalantzak. Guk 2. estudioa alokatu genuen, estudio mitikoa alegia. Nik ez nekien baina aretoa 60ko hamarkadan bezalatsu dago, ekipamentu aldetik gauza batzuk berritu dituzte baina lurra, sabaia, hormak, panelak, argiteria... lehen bezala daude, eta McCartneyren pianoa ere hortxe dago. Denboran zeharreko bidaia bat zirudien eta halako olatu emozional batek hartu ninduen, negar batean jarri nintzen, nahiko erridikula izan zen sarrera (barreak). Ni ez naiz berez horrelakoa, baina zaplazteko emozional bat izan zen, ‘hemen gaude, begira hau, eta ez gara turista moduan etorri, etorri gara sortzera eta gure kantuak grabatzera’... Bizitzak emandako opari bat izan da. Bueltan, Loiun lurrartu zen hegazkina baina gu oraindik guztiz lurrartu gabe gaude. Musikariontzat esanguratsuak diren lekuetan izana naiz, baina hau sekula ahaztuko ez dugun esperientzia horietako bat izan da.

Mitifikatuta dauden disko asko grabatu dira bertan. Espazioa irudietan ikusi izan dugun bezain handia da?

Handia da bai, nik uste nuena baino handixeagoa. Estudio One da soinu bandak eta grabatzeko, eta nik uste gaur egun Abbey Roaden diru-iturri nagusia horixe dela. Ikaragarria zen pasilloetan ikusten genuena, hasi Lord of the Rings-etik eta Indiana Jones edo Star Wars-era... John Williams [musikagilea, bost Oscar sari ditu] bertatik pasa da! Munduko estudio onena da soinu bandak grabatzeko, bai eraikinagatik eta baita daukan mikrofoneriagatik ere; mikrofono zaharrak eta denak martxan, hori oso gauza zaila da. Pentsatzen dut Hollywooden edukiko dituztela tamaina horretako estudioak, baina baliabide horiek dituztenak oso gutxi. Eta hor dagoen historia duena, bat ere ez.

«Denboran zeharreko bidaia bat zirudien eta halako olatu emozional batek hartu ninduen, negar batean jarri nintzen. Zaplazteko emozional bat izan zen» 

Bat-a izugarri handia da, baina Bi-a ere handia eta altua da, eta hori aprobetxatu dugu: gu ‘Hasiera Bat’ diskotik gatoz, eta ‘Bakan (I)’-ek ere oso planteamendu soniko berezi eta zehatza du, bateriak oso idorrak dira etabar, baina hemen aprobetxatu dugu room hori eta bertako akustika eta pixka bat aldatu egin dugu gure musika bertan grabatzeko.

Zergatik Abbey Road? Soinu bat bilatu duzu edo gehiago esperientzia bera?

Gehien bat esperientzia. Gogoratzen naiz Berri-n [Txarrak] ginela nik ja begiratuta neuzkala Abbey Road-eko prezioak etabar, baina bere garaian ez zen posible izan. Aldiz, orain baldintzak eman dira bi egunez bertan egoteko (barreak), larri-larri, pentsatuko duzuen bezala ez baita toki merkea. Disko defizitario bat egitera etorri naiz, eta hala izango da, baina hor bizitzakoak betirako balioko du, beste maila bateko esperientzia izan da.

Eskailera mitiko batzuk daude kontrol aretora igotzeko. Bertara sartzen ginen tomak entzutera eta batzuetan ahaztu egiten zitzaigun bertan geundela, diskoa grabatzen ari ginelako, baina buelta eman eta leihotik Estudio Two ikusten genuen, 60. hamarkadan bezalaxe, eta ‘‘ostia, hemen gaudela!’’ esaten genuen. Eta berriro etortzen zitzaizun emozio hori. Musikaz gaindiko zerbait bizi izan dugu hor. Badakit topiko bat dela, baina niretzat han bada bibra edo zerbait mistikoa.

Aura bat edo?

Bai, eske izen oso handiak pasa dira bertatik. Ez dut spoiler handirik egin nahi, baina justu joan aurretik liburu batzuk irakurri ditut eta dokumentatu naiz, eta eman zen garai bat adibidez Beatles-ak ‘Sgt. Pepper’s [Lonely Hearts Club Band]’ grabatzen ari zirela eta Hirugarren estudioan Pink Floyd lehen diskoa, aldi berean... Eta gu pasillo horretan geunden, McCartneyren pianoa erabili dugu diskoan… Badago keinuren bat Beatlesen musikari, ez da parodia bat baina agian pasa egin gara (barreak), zati beatleiano bat sartu dugu. Utzi dugu gure azken grabaketetako estilo eta estetika hori, oso inportantea izan dena nire ustez kantuak janzteko, baina Abbey Roaden egonda merezi zuen, jolasetik ere badu diskoak.

Gorka Urbizu, Abbey Road estudioetan. (Ibai Arrieta Del Pico / Only In Dreams)

Jolas egin behar da. Lau joan zaretela esan duzu, laurak grabatzera?

Kasu honetan Joan Pons ingeniari lanak egiteko etorri da, ze logistika aldetik bi egunetan oso estu ibili behar ginela bagenekien, eta denak behean jotzen egon eta denak gora igo tomak entzutera… komeni zitzaigun gure ekipoko bat egotea ingeniari lanetan eta Joanek oso belarri fina du Musikariak Jordi Matas, Karlos Arancegui eta ni neu izan gara.

Zenbateraino eramaten dituzu kantuak itxita eta zenbateraino uzten zara bertakoaz bustitzen?

Berrirekin konparatuta, esango dizut orain askoz ere irekiago eramaten dugula eta bilatzen dugula joko hori, unean uneko sentipen hori musikara eramatea. Ez da erraza izaten, batez ere terra incognitara zoazelako. Ekoizle on batek hori egiten du, zure kantua hartu eta eraman agian zuk aurreikusten ez zenuen toki baterantz, eta hori galdera ikur izugarria da. Ni zorioneko sentitzen naiz Jordi Matasekin eta baita Joanekin ere sortu dudan ekipoarekin. Oso jende musikala, teknikoki ere abila, kristoren belarria duena. Elkar ulertze bat ere badago eta orduan horrek asko errazten du dena. Sintonia berean gaude.

Grabaketa iragarri zenuenean esan zenuen: «Orain kantuak egon behar du».

Bai, pixka bat teilatutik hasi gara. Urtarrila-otsailan, bidaia batean nengoela, hasi nintzen idazten Abbey Roadera, tanteatzeko posible zen edo ez. Kanturik gabe. Otsailean egonda, uztailerako bi kantu egitea espero nuen, baina kosta da.

‘Hasiera Bat’ birako soinu frogetako riff pare bat hartu eta hasierako bulkadari eusten saiatu naiz, nahiz eta gero milaka buelta eman. Hortik abiatu dira kantuak. Niri gertatzen zait soinu frogetan gitarra probatzeko dituzun bost minutu horietan ateratzen dela zerbait, agian burua duzulako soinuan edo, eta zerebeloak edo bihotzak edo ez dakit zerk aterarazten duela zerbait ia automatikoa eta oso purua dena. Gogoan dut adibidez, Peiremansekin, ‘Send flowers’ soinu frogetan atera zela, eta grabatuta daukat gainera.

Urte asko daramatzazu abestiak egiten, orain gehiago kostatzen zaizu abestiak amaitutzat ematea?

Niri gertatzen zaidana da orain entzuten dudala ‘Jaio. Musika. Hil’ eta esaten dudala: nola ostia egin nuen hori? Hori gertatzen zait. Ez daukat akorduan momentu horretan horrenbeste sufritzen nuenik edo buelta gehiegirik ematen nionik. Pentsatzen dut baietz, baina ahaztua dut, badakizue memoria selektiboa dela. Gertatzen zait baita ere kantu solteak grabatzearen mobida hau ez dela nire terrenoa. Ez da nire habitat naturala. Disko oso bat egiteak eskatzen dizu kontzeptu bat, lan handia da, eta oraintxe bertan biran egonda ez nuen hor ikusten nire burua, baina aldi berean hamar kantu bakarrik nituen proiektu honetakoak eta sentitzen nuen behar nituela beste hamar kantu, edo behintzat bost edo sei, eta pentsatu nuen bina kantuko serieak egitea. Orain konturatzen naiz horrek presioa gehitzen diola eltzeari, ze ematen du orain eskaintzen dituzun bi kantu horietan laburbildu behar duzula nola sentitzen zaren musikalkli, ze puntutan zauden.

«McCartneyren pianoa erabili dugu diskoan, badago keinuren bat Beatlesen musikari. Abbey Roaden egonda merezi zuen, jolasetik ere badu diskoak» 

Horrelako toki batera joanda, instrumentazioan zer eraman duzue? Edo dena bertakoarekin egin duzue?

Ba joan aurreko estres honen arrazoietako bat hori ere izan da, eskaini ziguten backlinea nahiko erdipurdikoa zela. Hor zalantzak sortu zitzaizkidan: Abbey Road batean ez dago hau baino backline hoberik? Bateria bakarra dago alokatzeko, ez dago anpli zaharrik… Eraman ditugu gitarra eta baxua, eta bateriarentzat platera eta kaxa batzuk. Hor ere ariketa egin genuen, eta geneukana erabili genuen. Pedalik ere ez dugu erabili.

Organiko totala.

Organiko absolutua. Eta mikrofoniari dagokionez, dokumental batean Paul McCartneyk esaten zuen: ‘Mikrofono guztiek funtzionatzen dute’. Badirudi tontakeria bat dela, baina estudio askotan agian mikro zahar bakarra dago eta ez askotan ez du funtzionatzen, mantenua oso garestia delako.  Aldiz, hemen mikrofonoen zerrenda osoa hortxe zegoen eskura, oso onak. Material zahar piloa dago eskura, eta tailer bat ere badute estudioan bertan.

Eta grabaketa analogikoan edo digitalean izan da?

Gerra dezente izan dugu hor ere. Esaten ziguten zintan ez duela jende askok grabatzen eta hori martxan jartzeko prestaketetan egun erdia galdu behar genuela; bi egun izanda, ezin genuen egun erdia erabili horretarako. Azkenean lortu genuen bezperan martxan jartzea eta zintan grabatu ditugu gauza asko, bai. Eta reel hori ekarri dut etxera, ‘Abbey Road, Gorka Urbizu’. Pila bat pisatzen du (barreak)…

Fakturatzerakoan nabarituko zen hori...

Motxilan eraman nuen, Vuelingekoak ez ziren ohartu (barreak). Baina pisuz pasatzen ginen, seguru.

Itzuliko zinake Abbey Roadera?

Bihar bertan, eta ahal balitz disko bat egitera, baina hori ezinezkoa da. Ezingo nuke. Egia esan oso gustura egon gara, oso gauza berezia izan da eta errepikatuko nuke.