Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Gorka Urbizu Ruiz
Musikaria

«Funtzio bat ikusten diozu musikari garai ziniko eta ilun hauetan»

Aleka aterako zituela kantu batzuk, hori izan zen ‘Bakan I’ lana atera zuenean kontatu ziguna. Orain, ‘Hasiera bat’ diskoaren aurkezpen bira amaieran, Londresera egindako bidaiatik ekarritako bi harribitxi, ‘Zilarra’ eta ‘Diamantea’ kaleratu ditu ‘Bakan II’ diskoan Gorka Urbizu Ruizek.

Audio_placeholder

«Funtzio bat ikusten diozu musikari garai ziniko eta ilun hauetan»

Loading player...
Jordi Matas zutik eta Gorka Urbizu gitarrarekin ‘Bakan II’ diskoaren grabaketan Londresko Abbey Road estudioan.
Jordi Matas zutik eta Gorka Urbizu gitarrarekin ‘Bakan II’ diskoaren grabaketan Londresko Abbey Road estudioan. (Ibai ARRIETA)

Uztailean joan ziren Londresko Abbey Road estudiora Jordi Matas, Joan Pons (‘Hasiera bat’ diskoko ekoizle eta ingeniariak), Karlos Arancegui (bateria-jotzailea) eta Gorka Urbizu abentura labur bezain intentso hau bizitzera. Egindakoa aurkeztera etorri zaigu Lekunberriko musikaria NAIZ Irratiko estudiora.

Kaixo Gorka, zer moduz? Beste giro batean elkartu ginen udan, kanpoan, gaur barruan gaude…

Ondo eta zuek? Eta gaur jatekorik gabe, gainera.

Lekunberriko kroketa ez dugu ahazteko.

Eta ez gaude barkatzeko! Kroketekin, tontakeria gutxi.

Banaka edo binaka?

Banaka, baina bat gehi bat normalean. Jaurtiketa libreak bezala.

Edota kantu hauek bezala, ezta? Bi A alde dituen lan batekin zatozelako.

Betidanik egin dudan gauza bat da baina orain esplizituki adierazten dudana eta da disko bateko kantuei maila bera esleitzea, edo behintzat niretzako maila berean daude. Gero irratietarako eta abar kantu bat aukeratu behar izaten da eta hemen debatea izan genuen. Nik uste nuen bata zela eta, gero, grabatu ostean, lan-taldekoek eta lagunek esan zidaten bestea zela argi eta garbi, ‘Zilarra’ zela singlea. Hartara, aprobetxatuz The Beatles izan zela lehenengo aldiz bi A alde zituen binilo bat kaleratu zuen taldea, keinu hori aprobetxatuz, horrela egin dugu. Bi kantu, bi bideoklip eta gastua ere bikoitza. Baina, behintzat, ez dugu aukeratu behar izan zein den singlea.

Goazean ‘Diamantea’ kantuari heltzera. Sarrerako gitarra pasarte hori, riff hori, soinuz desberdin dator. Argazkian gitarra bat ikusi dugu, aurrez ere erabili izan duzuna, baina bideoklipean John Lennonek erabili izan zuen Rickenbacker etxeko gitarra bat ikusi ahal izan dugu, John Lennonek erabili izan zuen gisakoa.

Bada Gibson 330 horrekin jota dago, ‘Payola’ diskoaren garaian Chicagon erosi nuen gitarra bat da. Abbey Roaden dagoen materiala, backlinea, ez dago instituzioaren mailan. Alokatzeko daukaten materiala berria da, espero genuen gutxienez garai hartako zerbait topatuko genuela, baina ez. Gitarra hau eta Höfner baxua baino ez genituen eraman hegazkinez, baina erabiltzen ari ginen gisako materialik ez genuen topatu bertan. Rickenbackerra, berriz, nirea da, ez dut propio bideokliperako hartu. Ez dut zuzenean sekulan ere erabili, etxean erabiltzen dut eta nahiko bihurria da soinu aldetik. ‘Hasiera bat’ diskorako eraman nuen estudiora niri ilusioa egiten zidalako, baina oraingoz ez dut lortu.

Halako keinu txikiak badaude eta gero beldurra ere ematen dit, hemen bagabiltzalako The Beatles gora eta behera eta ni ez naiz batere aditua gaian. Ez naiz kolekzionista obsesibo horietakoa, diskoak baditut eta entzun ditut ‘Hasiera bat’ konposatzen ari nintzela, ariketa hori egiten nuen, paseora irten eta haien disko bat entzutearena egunero. Zerbait geratuko zen behar bada hortik, baina mitomaniatik datorren zerbait da gehiago. Musika popularraren epizentro historiko batean izan gara eta zer eta grabatzen, gaur egun… ordaindu ezin den esperientzia bat da.

‘Diamantea’ kantuaren bideoklipak badu halako zerbait futuristatik edo distopikotik. Harrobi batean, mineralak agertzen dira, fosilak ere bai… Arrigurikoekin aritu zara piezak lantzen eta hori ere ez zait kasualitate bat iruditu.

«Ze ostia da hau?», ezta? Agendan nuen haiekin lan egitea eta iruditzen zait euskal eta ez euskal bideoklipgintzan jarri dutela halako marka bat eta sekulako maila daukatela. Kantu hauei euskarri bisuala ematea buruan nuen eta bi egitearen bururatu zitzaigun, A alde bikoitza zuenez. Bi bideoklipak konektatuta daude, ez narratiboki baina bai estetikoki edota mineralen asuntoarekin. Lukiekeko baxu-jotzaileak, Antton Goikoetxeak, eskultura batzuk ere egiten ditu eta eskerrak eman nahi dizkiot bideokliperako uztearren. Misterio puntu bat badute, badago hor zerbait bilaketarena, sorkuntzaren prozesu hori islatzen da. Eta kontzeptua, batez ere, bizi dugun mundu krudel, saturatu, azeleratu, ero, txoro… amildegirantz doan mundu itsusi honetan, irtenbide edo oraleku bat izan daitekeela edertasuna edota gauza txikien zera hori. Harribitxien kontzeptua lotuz eta bilaketa horretan, ni fase horretan nago, samurtasuna kasik arma politiko gisa erabiltzen krudelkeriaren edota nagusitu den zinismo honen aurrean. Uste dut hori izan daitekeela gure ekarpen bat.

‘Zilarra’ kantua entzuten hasi, eta lehendabiziko elementua biolina da, danba! Hau ez zenigun kontatu.

Hau gaubela batean etorri zitzaidan konponketa bat da. Maria Pererak grabatu duen zatia izan da. Abbey Roaden ginela abanikoa zabaldu egin genuen eta pianoarena ere ez zegoen aurretik prestatua. Hiru piano zeuden bertan eta haien soinua sekulakoa zen, batez ere modu agerikoan erabili dugunarena, oso perkusiboa. Hori, adibidez, lokalean ez genuen landu eta han ginela aukera ikusi eta sartzea erabaki genuen. Azkenaldian halako gauzak egiten ditugu, tamainako musikariak ditugulako. Jordi Matas alboan edukita halako gauzak inprobisatzea errazagoa da, hain denbora gutxian. Bi egun egon ginen, besterik ez. Erdi presaka ibili ginen, zortzietarako bukatu behar genuen bai ala bai, ordu gehigarri bakoitza seiehun libera kostatzen zelako. Baina kasu honetan, biolinarena itzuli ginenean grabatu genuen. Recording bat izan zen, Jordik ezagutzen zuen Maria eta horrela izan zen. Han saiatu ginen bestelako instrumentuekin egiten, baina biolinarekin egitea nahi nuen. Zuzenekoetan ea zer martxa izaten duen.

Ahotsak entzunda, bertako erreberberazio naturalarekin dago lortuta efektua?

Baietz esango nuke, bertan grabatzeak aukera hori ematen zuelako.

Eta goiko ahotsak zureak dira? Oso altu iristen zarete.

Bai, bai. Nik egin nituen ahots denak. Beno, Jordik egin zuen baten bat bueltan. Azkenean, arratsalde bat pasa genuen halako txorakeriak bukatzeko. Perkusioko elementu txikiren bat, biolinaren asuntoa eta koro txiki batzuk sartzeko aprobetxatu genuen. Hor bai Jordik sartu zuela ahotsen bat.

Koroa potentea da.

Kantuak eskatzen zuen, ezta? Eta nik uste baduela zerbait. ‘Zilarra’ abesti pop konbentzional bat da, nahiz eta gauza asko pasatzen diren azkenean. Pasarte asko ditu eta zalantzetako bat hortik etorri zen single moduan hautatzerako garaian. Abesti honetan pasarte gehiago daude, The Beatlesen ukitua du, eta ‘Diamantea’ abestiak bloke moduan beste indar bat du. Horregatik uste dut elkar hartzen dutela hain ondo. Batek riff garrantzitsu bat du eta tren bat bezala doa, aurrera eta aurrera; eta, aldiz, bestea, jostariagoa da, xehetasun txikiz beteta.

Pianoko zatian ‘Ob-La-Di, Ob-La-Da’ The Beatles taldearen abesti ezaguna etorriko zaio askori, baina niri ‘Here comes the sun’ abestia ere etortzen zait pasarte horren bukaeran. Diskoaren koloreak ez dakit horrekin zerikusirik ba ote duen.

[Barre egiten du]. Bai, beno, ‘Hasiera bat’ diskoan ere badago ‘Here comes the sun’ bat, e? Jakina, kantu puska hori… Tira, esaten dizut, propio-propio pianoaren zati hau izan da eta gure artean ere barre egiten genuen. Hemen gaude, mozorrorik gabe eta pixka bat jolasetik ere badu. Niri iruditzen zait kantuak baduela zerbait argitsua kantuak eta gustatzen zait hori, bai. Sekulako gogoa dut zuzenekoetan jotzeko eta uste dut errepertorioari emango diola halako freskura bat. Ari gara prestatzen eta forma hartzen ari da.

Bira amaiera Bartzelonako ‘La Paloma’ aretoan hasi duzue eta gainerakoetarako sarrerarik ez da geratzen.

Bartzelonakoa oso berezia zen, 1903ko areto dotore bat, itxita egon zena eta berriz ere martxan jarri dena. Eta bai, gainerakoetarako ez da sarrerarik geratzen. Ez dakit nola esan, oso eskertuta nago. Azkenean bira amaiera honetako kontzertu guztiak batuta 10.000 etorriko dira, halako proiektu bat ikusteko… ez dakit… Zuzenekoetan pila bat gozatzen nabil. Iruditzen zait musika lasaia egiten nabilela eta historikoki euskaldunok hori goibeltasunarekin lotu dugula, eta nik neuk ere aldarrikatu ditut kanta goibelak. Baina niretzako ez da disko goibel bat eta zuzenekoetan argia dago, zerbait argitsua da. Jendea kontzertuetatik, normalean, irribarre batekin doala ikusten dut eta hori astakeria bat da. Baliagarria zaien zerbaitekin beteta joango balira bezala da, eta hori sari bat da eta ia-ia erabilgarri sentitzen dut nire burua. Funtzio bat ikusten diozu musikari, zerbait sendagarria, helduleku moduko bat garai ziniko eta ilun hauetan.

Eta %10ak soilik izango du diskoa eskuratzeko aukera, 1.000 ale baino ez dituzu kaleratuko.

Denek ez dute erosiko eta ez dakit fabrikatik iritsiko ote diren kontzertuetarako. Aurresalmenta martxan da eta ale batzuk gordeko ditugu. Biniloak iristea kosta egiten da eta zazpi hazbeteko hauek are eta gehiago, jende gutxik egiten dituelako. Gure burua konplikatzen beste behin ere.

Jaurlaritza Logoa