

Zuzenean 08:00h - 10:00h
Bigarren Kafea
10:00h - 10:15h
Haria 2 aurrerapena
10:15h - 11:00h
MusikHaria
«Aldaketek bertigoa ematen dute, baina hobetzeko aukerak ere badira»
EP berria kaleratu du urteko astelehenik tristeena omen den honetan Gorka Urbizuk, ‘Bakan (I)’ deituriko lana. Bi kantuz osatzen da eta biak ere zuzenekoetan entzun ahal izan ditugu orain artean. Gorka Urbizuren webgunean aurresalmentan dago zazpi hazbeteko biniloa.

«Aldaketek bertigoa ematen dute, baina hobetzeko aukerak ere badira»

‘Herri txiki’ izeneko kantu berria eta ‘Etorkizuna ginenean’ kantuek osatzen dute Gorka Urbizuren lan labur berria, ‘Bakan (I)’. Titulua ere ez da ausaz hautatua, 2025eko «‘Bakan’ serieko lehendabizikoa» dela esan baitigu Urbizuk. Single kontzeptuaren euskarazko itzulpena litzateke ‘bakan’, alajaina.
Zer moduz zaude, Gorka?
Madrilgo kontzertuaren oihartzunarekin nabil oraindik, oso oso pozik itzuli garelako bertatik. Ahaztuko ez dugun gau horietako bat izan zen La Rivierakoa eta orain atseden hartzen eta gozatzen banabil. Baita kantu berrien zalaparta txiki honekin ere, baina pozik.
Oso isilik eraman duzu oraingoan ere kaleratze hau.
Sekretismoarekin batzuetan pasa egiten naiz eta jende askok ez zekien hau. Kantu hauek udan Menorcan jo eta handik bueltan Lleidako Guissonan egin genuen sesio batean grabatu genituen, Cal Erileko antzokian. Hor neuzkan kajoian sartuta eta EP bat ateratzea zen nire asmoa, 2025ean. Gero etorri zitzaidan berriz ere ‘blue monday’ delakoaren hori burura, eta hori nik berez ez dudala halakoetan sinisten, baina grazia egiten dit urteko egunik tristeena omen den honetan oparitxo bat egiteak.
Astelehen tristea eta Washington bezalako hiri handi batetara begira jartzen bagara are gehiago 2025eko urtarrilaren 20a. ‘Herri txiki’ kantuan, ordea, halako toki batean jaiotzearen harrotasuna agerikoa da eta akaso jazotzen ari denaren aurrean zentzu gehiago ere hartu dezake.
Gu pozik bizi gara kapitaletatik aldenduta eta bizi osoa daramat Lekunberrin, bertako ‘Herrizaingo Sailean’ esaten dudan moduan, kar-kar. Hirietara oso pozik joaten naiz, baina bisitan joateko. Halaber, herrian irauten dut dezente bidaiatzen dudalako eta oreka horretan nabil ondo. Uste dut bertatik ez banintzateke irtengo, ito egingo nintzatekeela.
«Ezin bada ez dugu eginen, baina guk esanda» dio kantuak. Euskaldunoi mezua?
Beno, apur bat bai. Mezu irekia da eta aplikatu daiteke diozun horretan, eta hortik ere badu zerbait. Kantuak beti bezala galdera ikur sorta bat eskaintzen du eta badago irakurrialdi bat baino gehiago egiteko bidea. Geroz eta gehiago gustatzen zait itxi gabeko mezuak eskaintzearena, neronek ere ez dudalako argi gauza asko, zalantza dezente aldarrikatzen dudan zerbait da. Hori izaten da askotan sortzailearen akuilu edo abiapuntua, galdera bat.
Jordi Matas eta Joan Pons izan dira lana grabatu duten musikariak, ‘Hasiera bat’ diskoan izan ziren biak eta birako musikariak. Orain, ordea, aldaketak datoz azken kontzertuan ikusi dugunez.
Sekulako bihotzeko minarekin baina aldaketak datoz. Jordi eta Joanekin sortu da halako magia bat gu boston artean baina haiek beren proiektuak dituzte, ekoizleak dira ez musikariak bere horretan, eta karanbola baten ondorioz egon dira gaur arte gurekin. Diskoa grabatzera joan nintzenean ez nekien diskoa nola eramango nuen zuzenean eta haiek prest agertu ziren behin lana bukatu genuenean. Bira txiki bat izan behar zuena luzatu egin zen eta nik 2025a ere biran eman nahi nuela esan nienean, naturalki eta modu ulerkorrean aurrera ezin zutela jarraitu esan zidaten. Negar asko egin eta besarkada asko eman ostean, Andoainen izan zen haien azken emanaldia gurekin. Haien agurraren pena soinean dudala, poza ere badut ordea, Karlos Arancegui eta Fernando ‘Nando’ Neira batuko direlako taldera orain. Beste toki batean nahi nuen haien lehenengoa izatea, baina agenda kontuengatik, La Riviera bezalako areto batean jotzeko erronkarekin hasi dute bidea eta oso pozik geratu gara denok. Halako musikari puskekin kontatu ahal izatea sekulakoa da. Ez da batere erreza hartu duten lana eta publikoki eskertu nahi diet.
Bulego aldaketa ere egin duzu.
Ni normalean musikara egoten naiz eta ez dakit jendeari gauza hauek ere interesatzen ote zaizkion. Urte bukaera nahiko zoroa izan da, musikari aldaketak, management aldaketak… La M.O.D.A. taldekoengatik ezagutzen nituen Black Izarrekoak eta Iruñean bertan daudenez, bada aldaketa eman da. Bide luzean aldaketa batzuk, 2.0 bat, eraberritze bat. Bertigoa ematen dute, baina aukerak ere badira hobera aldaketa bat eman ahal izateko. Itxura polita hartzen ari da 2025a. Bira non amaituko den, nola eta gero zer egingo ote dudan ere jakingo da.