Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Behin eta berriz entzunda, gauza berriak azaltzen dira diskoan»

2024an dator Gorka Urbizu Ruizen (Lekunberri, 1977) bakarkako lehena, ‘Hasiera bat’. Jordi Matas eta Joan Pons izan ditu bidelagun eta hamar kantu ondu dituzte Herrialde Katalanetako Guissona herrian eta horiek aurkeztu zizkigun Urbizuk Donostiako GARAren erredakzioan izandako solasaldi akustikoan.

GARAren 25. urteurren ekitaldien barruan Gorka Urbizurekin ‘solasaldi bat’ izan genuen.
GARAren 25. urteurren ekitaldien barruan Gorka Urbizurekin ‘solasaldi bat’ izan genuen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arratsalde on Gorka, zer moduz zaude?

Ongi, oso ongi, urduri samar, elkarrizketa emateko prest. Eskerrik asko gonbidatzeagatik eta zorionak GARAri 25 urte hauengatik eta beste asko etor daitezela.

‘Hasiera bat’ diskoaz hitz egiteko etorri zara eta ‘Maitasun bat’ kantuarekin hasten da. Nahikoa soul ukitua duen abestia.

Souleroa bai, badu puntu hori. Nik esaten dut kea duela kantu horrek, hasierako akorde horiek eta… Irakurri dut nonbait ukitu jazzy bat ere ba ote duen. Jordi Matas ekoizlea bada jazz mundutik datorren gitarra-jotzaile bat eta bere ukitua badago hor, ez? Hasiera misteriotsu samarra da eta letrak ere eramaten zaitu halako bide batetik, moskeante samarra, diskoa irekitzeko sarrera enigmatikoa iruditzen zitzaidan.

Hasieratik intentzioa garbi, baxuaren eta bateriaren garrantzia, lehortasun hori…

Gauza gutxi neuzkan argi baina bat bazen halako baxu bat nahi nuela, oso presente eta jostari egongo zena eta ez hainbeste oinarri musikala edo erritmo oinarriari hain lotua egongo zena. Beste baxu mota bat nahi nuen. Nik uste dut sekulakoa izan dela Jordiren ekarpena disko honetan bai ekoizle gisara baina baita baxu-jotzaile bezala ere.

Ahots geruza batzuk badaude, koro batzuk ere bai… Denok abestu duzue?

Joan Ponsek eta Jordi Matasek bai, baina, beno, ahots gehienak nik sartu ditut. Baina justu lehen abesti honetan denok abesten dugu. Erdi jostaketan hasi ginen, bazkal aurretik, proba batzuk egiten bakoitzak nahi zuen nota hartu eta horren gainean inprobisatzen. Ez dakit zenbat hartualdi egin genituen eta esan genion geure buruari, «beno, hau landu egin behar da». Baina, bazkaldu eta grabatutakoa entzuten hasi eta bata bestearen gainean jarri genituen eta halako nebulosa eder bat sortu zela ikusi genuen. Iluntasun puntu bat ematen zion zati horri, ni mantra hori, «itsuaren eskuaren pareko izan», errepikatuz ari bainaiz atzetik. Hortaz, proba bat zena, horrela geratu zen.

Mantra horri erreparatuz, sentitzeaz ari zara, ezta?

Ari naiz eta ari naiz bilatzeaz ere bai. Urteak ibili naiz haztamuka bilatzen, hemendik eta handik probatzen, kontzertuak ikusten, irakurtzen, bidaiatzen… ibili naiz halako bilaketa batean honaino iristeko, ezta? Sentsazioa badut ez direla lau urte izan, baizik eta ibilbide osoa behar izan dudala horrelako biluzte ariketa bati aurre egiteko, ausardia hori edukitzeko kantuak soiltasun horretara eramateko. Kantuak hustu eta hustu ibili gara, apustu estetikoa hori izan da disko honetan, biluztea eta biluztea. Baina badute arima kantuek.

2008an galdera bat luzatu nizun ‘Isiltzen banaiz’ kantuaren inguruan eta zera esan zenidan: «Asmatu egin behar da noiz isildu eta noiz ez, denok daukagulako zerbait esateko. Baina asmatu behar da noiz esan, nola esan eta horretan dago joko hori». Hortik ulertu daiteke zure isiltasun aro guztia ere.

Letrekin gertatzen da egiten dizkidatela halako galdera batzuk zer erantzun ere ez dakidala geratzen naizenak. Disko honetan ari naiz lilura bat babesten saiatzen, dena sekretupean eraman dut eta jendea diskora eta zuzenekoetara halako purutasun batekin iristea nahi dut, informazio askorik eduki gabe. Baldintzatu gabe. Hortaz, letretan badaude metaforak, badaude figurak, badaude gauza argiak eta gauza ez hain argiak, ezta? Nik zerbait erabat ulertzen dudanean edo dena argi dudanean, interesa galtzen dut eta uste dut inportantea dela enigma hori mantentzea zenbaitetan, ez? Beno, ez da enigma. Ez da interesantearena egitea. Zuk kantu bat sentitu duzu modu batez, eta akaso eguzkia aipatu duzu une horretan. Nik akaso kontatu dezaket eguzki hori zein unetakoa den, baina entzulea baldintzatu egiten dut eta nire eguzkian pentsatuko du eta ez berean. Eta, akaso, niretzat askoz garrantzitsuagoa da norberak ikusi duen edo imaginatzen duen eguzki hori. Hortaz, letrak nondik datozen azaltzeko prest nago, baina batzuetan uste dut magoari trikimailua erakusteko eskatzea bezala izaten dela, eta hari ez zaio halakorik eskatzen.

Hala ere, ‘Teoria bat’ kantuan mezu nahiko esplizitu bat badago: «Utzi gazteak bakarrik, libre».

Bai, belaunaldi arteko talka hori ez? Beti eman dena eta guk ere izan duguna gure aurrekoekin. Batzuetan zeinen errez kritikatzen dugun edota gutxiesten dugun gazteria ezta? Pandemian ere ikusi da hori. Utzi ekibokatzen ere gazteei, ezta? Uste dut batzuetan tranpa horretan erortzen garela eta beharrezkoa da ideia berriak etortzea eta haiek entzutea. Uste dut inportantea dela.

El Petit de Ca L’Eril taldekoekin elkartzen zara, haien etxean, antzoki berezi horretan. Tokia bera, nolakoa zen? Uda sasoian egiten zuen berotik babesten zineten bertan?

Lleidako Guissona herrian dago, La Segarra bailaran. Haiek diote Katalunian inork bizi nahi ez duen toki batean dagoela, ez dago ez errekarik ez mendirik, azarotik martxora halako laino baten azpian bizi dira. Herriko plazan dagoen masia moduko etxe bat da antzokia dagoena, 16. mendekoa, sartzen zara eta bertan patio eder bat dago. Barrura iritsi eta 1904ko antzoki zahar bat dago bertan. Ez da estudio bat, antzoki bat da, eta ez ginen eszenatokian jarri, baizik eta publikoa kokatzen den tokian, manpara batzuekin eta set bat muntatu genuen. Kontrola koroan dago, hau da, bigarren soilaruan eta hori ez da oso egokia izaten. Gero, ez dago intsonorizatuta, beraz, kaleko jendea entzuten da, entzuten dira ezkilak orduro, txakurrak… eta hori dena diskoan dago. Guissonan, gainera, ez dakit zenbat hizkuntza entzuten diren, eta horiek guztiak ere badaude hor.

Haiek diote Katalunian inork bizi nahi ez duen toki batean dagoela, ez dago ez errekarik ez mendirik, azarotik martxora halako laino baten azpian bizi dira

Esan duzu Katalunian beste maila batean ekoizten dela, edo hori dela behintzat zure irudipena.

Nire inpresioa da halako beste maila batean daudela, baina inor gutxietsi gabe. Oso soinu berezi bat ateratzen ari dira.

Hau diot batzuk ‘Denbora Da Poligrafo Bakarra’ disko hirukoitzeko bigarrenarekin alderatuz ibili direlako ‘Hasiera bat’, eta horren ekoizlea ere kataluniarra delako, Ricky Falkner.

Bai, baina dagoeneko erdi madrildarra da, kar-kar. Berri Txarrakekin eta ekoizle pila batekin egin dugu lan, baina nire ibilbidean, behar bada hau da ekoizpena gakoa izan den nire diskoetako bat. Uste dut kantu hauek bide desberdinetatik joan zitezkeela, baina jantzi edo biluztu ditugun moduan, beste zerbait atera da, disko desberdin bat.

‘Tren bat’ jo berri diguzu. Ekar dezagun tren bat gogora, Plazolakoa, zure lehen diskoa ere Nahi ta Nahiez taldearen ‘Plazaolako martxa’ izan zelako.

Bai, disko luzea bai.

Egun, paseoan Plazaola aldera zoaz edota Aralar ingurura?

Bada, ez batera eta ez bestera, Albiasu aldera joaten naiz. Txikitan bizi nintzen etxe pareko bide bat da eta hara joaten naiz.

Txakurra lagun?

Txakurra gurasoek edukitzen dute, kar-kar.

Azaldu duzu paseatzen Beatles lehendabizi, gero zerbait modernoa entzuten zenuela… mugikorrarekin?

Kaskoekin, baina bai, mugikorra zen gailua.

Mugikorra ispilu bat da, «pantaila ispilu bat da» diozu, benetan uste duzu pantailan agertzen zaigun hori gure ispilu dela?

Bueno, uste dut hein batean baietz. Hor esan nahi nuen baita ere nola agertzen garen gu pantailen bitartez, ze proiektatu nahi dugun, zer gure irudi proiektatzen dugun. Badago beste esaldi bat disko honetan baita ere diona «koherente izan sortutako pertsonaiarekin», eta, beno, denok daukagu zer pentsatua ez? Baina ez da lehen aldia hausnarketa hau egiten duguna, Katamalo bere ere honen inguruan zen ezta? Katamalo delako maskara eta publikoki nola agertzen garen gero beste gauza bat delako, Gorka baten eta beste Gorka baten arteko aldea.

Zu, hala ere, sareetan erakusten duzun irudia kontrolatzen saiatzen zara?

Begira, beti eduki izan dut taldearen sarea, ez dut sare pertsonalik eduki sekulan Berri Txarrak utzi genuen arte. Egia esanda, managerraren aholkua izan zen pertsonala sortzearena eta sekulako nagia eta beldurra ematen zidan, batez ere diskorik ez neukan aro batean ezta? Diskoa baduzunean edota zuzenekoetan zabiltzanean, badaukazu edukia behintzat. Lau urte egon naiz elkarrizketarik eman gabe, zerbait publikatzen nuen arte ez nuelako ikusten beharrik eta horretan ari naiz orain. Orduan, nire bizitza pertsonala ez dut aireratu nahi eta edukiz betetzea ez da erraza izaten. Hortaz, kontzerturen batean banaiz bada ahal badut ikusgarritasun pixka bat eman norbaiti edota irakurtzen ari naizena edo… erakutsi izan dut. Nahiko jardun arina da sareetan izan dudana.

Baina publikatzen zenuen horren inguruan kontu handiz aritu zara?

Beno, saiatzen naiz batetik astuna ez izaten eta, bestetik, kulturalki interesgarriak zaizkidan gauzak aireratzen. Ez da aholkatzea, baina bai esatea, «begira pelikula hau ikusi dut eta gustatzen zait». Hala ere espero dut hemendik aurrera sortu dudanaren inguruan gehiago aritzea, orain arteko paper horretan ez bainaiz batere eroso aritu. Hemendik aurrerakoak espero dut izango direla kontzertuak non ditugun eta antzerako kontuak.

‘Toki bat’ kantura egin dezagun salto, gitarren artean sortu duzuen elkarrizketa zoragarria delako. Halakoak nola sortzen ziren, elkarri begira eta aurrez aurre jarrita?

Elkarri begira, bai. Kantu hau bai biluztu dugula, zati horretan gitarrak badaudelako, baina estrofatan baxua eta bateria soilik utzi ditugulako. Kantu oso gitarreroa zen sorreran, oso Neil Young, ez badirudi ere. Baina kentze eta hustutze ariketa horretan hasi ginen eta muturrera eraman genuen abesti honetan eta pixka bat Sleaford Modsen ukitua bazuela ikusten genuen, nahiz eta haien musika zeharo bestelakoa den. Hemen gitarrak kendu eta sartzen zirenean nabarmentzea zen nahia, eta halako ariketa dezente egin ditugu diskoan. Hemen neronek proposatu nuen bataren eta bestearen arteko jokoa egitea. Abesti batzuk hirurok batera jota grabatu ditugu eta beste batzuetan oinarriak grabatu eta gitarrak beste alde batetik grabatu ditugu. Baina halako elkarrizketa bat bezala, biak batera, anplifikagailu bat bestearen parean jarrita, eta baten soinua bestearen mikrofonotik sartzen zela. Hortaz, batek gaizki jotzen bazuen, bestearen mikrofonoan sartzen zenez, berriz grabatu behar izaten zen. Normalean ni izaten nintzen akatsa egiten zuena, kar-kar.

Hori izan da beste berezitasunetako bat, ezta? Zortzi pistako gailu batekin grabatzearena, ahalik eta zuzenen grabatuz guztia, baina ‘recording’-ak egongo direla ulertzen dut.

Bai, noski, badaude, badaude. Kantu batzuk egokiagoak ziren zuzenean grabatzeko eta garrantzitsuagoa zen bibrazio hori, unea jasotzea; ‘Janela’, ‘Besterik ez’ edota ‘Etxe bat’ abestietan kasu. Hiru bateria-jotzaile izan dira diskoan eta horrek ere baldintzatu du pixka bat besteen grabaketa, erritmikoki dauden gauza desberdinak egin direlako. Dena dela, hasiera batean badirudi oso oinarrizkoa denez diskoa ez dela entzunaldi askorik behar, baina behin eta berriz entzunda gauza berriak azaltzen dira zure belarrietan.

Adinaren kontuak ere badaude, diskoan, letretan batez ere, baina soinuan ere esan daiteke halakorik gertatu dela? Hasi zinenean zein gitarra mota erabiltzen zenuen ikusi eta gaur egun zerrekin grabatu duzun ikusita, aldea izugarria delako, adibidez.

Geroz eta zaharragoak, ezta? Nire lehenengo gitarra elektrikoa izan zen Ibanez bat, Aitor Gorosabelek Ibanez bat zeukalako. Nire lehendabiziko soldatekin-edo lortu nuen. Gero ez naiz horren frikia gitarren kontuarekin, eta baditut e? Baina nire gitarren inguruan irakurri izan ditut hainbat kontu sekulan ere egin ez ditudanak, kustomizazioak eta halakoak. Badakit zer gustatzen zaidan eta batez ere zer ez zaidan gustatzen, baina bai, garapen bat egon da, ibilbide musikala errepasatzen baduzu ez da gitarretan soilik, ezta? Baina disko honetan gehien erabili dugun gitarra da Gild zahar bat, 50. hamarkadakoa-edo. Gaur erabili dudana, 1962koa da. Norbera baino zaharragoak diren gitarrak erabiltzen ditugu adin batetik aurrera. Badute zerbait, erromantikotik ere bai, baina zentzua zeukan halako toki batean eta musika mota hau egiteko halako instrumentua erabiltzeak.

Norbera baino zaharragoak diren gitarrak erabiltzen ditugu adin batetik aurrera

‘Janela bat’ kantuan hauskor eta sentibera nabaritzen zaizu.

Begira, Albinirekin ere zuzenean eta zintan grabatzen genuen, baina ahotsak aparte. Elkarrekin grabatzen zena instrumentazioa zen. Gero bazenuen ahotsak aparte grabatzeko aukera, baina ez nahi beste. Abesten zenuen eta, eskatzen zenionean beste behin egiteko, argi esaten zizun berriz egitekotan aurrekoa ezabatu egingo zela, haren gainean egingo zenuela. «Aurrekoa baino hobeto egingo duzu edo ez?» izaten zen galdera, ez zuen balio saiatzeak, baizik eta ziur egon behar zinen hobeto egingo zenuela. Horrek tentsioa areagotzen zuen. Baina Albinirekin ez bezala, hemen denok elkarrekin jo eta abestuta dago diskoan. Horrela geratu da, oso oso gordin.

Euskal Herrian dago leiho hori?

Beno, leiho hau egon daiteke edozein tokitan. Zaintza kantu bat ere bada, irudika dezaket gaizki pasatzen ari den pertsona bat alboan zaindariekin edo konpainiarekin.

Gaizki dagoen horrek, ordea, kanpora begiratzen beste norbait okerrago-edo ikusten du. Langile kontzientzia ere ikusten dut hemen.

Bai, esaten dudanean «beste bat gu baino lehenago altxatu da», ezta? Hor bazegoen mezu bat, zuk esaten duzunaren bueltan. Halako batean ohartu nintzen zeinen errez ahazten ditugun pertsona horiek edota horien kontra aritzen direnak, Ibarrola Iruñeko alkate ohiak botatakoak adibide. Denok, nik barne, egin beharreko hausnarketa bat da. Bada mezu bat uretara botatako harritxo baten parekoa, ea putzu horretan erortzean sortzen dituen uhinen bidez mezua zabaltzen den.

Ohartu nintzen zeinen errez ahazten ditugun pertsona horiek edota horien kontra aritzen direnak, Ibarrola Iruñeko alkate ohiak botatakoak adibide.

Horrelako mezuak inportanteak dira.

Nik uste dut baietz, nahiz eta kantua ez doan hortaz, hor geratzen da irakurtzen duenarentzat mezua.

Hiru kolore aipatzen dira ‘Kolore bat’ abestian. Gorria, berdea eta urdina, ikus-entzunekoen munduko oinarrizko koloreak, ez dakit bigarren mezurik ba ote duen kantuak.

Hor ari nintzen Mediterraneoko dramaz, nire kantugintzan askotan erabili izan dudan gai baten adar berri bat. Ihes egin nahi duzu gai horietatik, baina oraindik ere hor daude. ‘Infrasoinuak’ diskoa duela 7 urtekoa da eta hor bazegoen arrazakeriari buruzko kantua, eta nagia ematen zidan baina promozioko elkarrizketetan esaten nuen 2017an ez nuela esperoko gai honen inguruan abestu behar izatea. Eta, begira, 7 urte beranduago berriz ere horretan nabil. ‘Eskuak/Ukabilak’ diskoan ere badago gai honen inguruko beste kantu bat, eta horrekin bueltaka gabiltza. Koloreak aipatuz, gorria odolaren kolorea dela diot eta itsasoaren urdinarekin nahasten denean sortzen da berdea eta urdinaren kontrako kolore itsusi bat. Irudi hori baliatu nahi nuen abestirako, besterik gabe. Ikusten? Hemen zapuztu dizut zuk koloreen inguruan zenuen gogoeta eta agian interesgarriagoa zen.

Kantua entzutean, musikalki, etortzen zait beste mundu bat ere gogora.

Michael Jacksonen ‘Billy Jean’ ezta?

Hara, zapuztu didazu hori ere. Bai, hortik nindoan.

Hemen agertzen da hau eta agertzen da Fleetwood Mac bukaerako koroetan. Eraginak edo diren ez dakit, baina azkenean entzuten duzun guztia geratzen da eta agertzen da nonbait. Kuriosoa da, letrak izan aurretik kantuek izaten dutelako ezizen bat eta nik honi José Gonzalez deitzen nion. Ez dakit ezagutzen duzun, baina halako kantautore akustikoa da, batzuetan psikodeliko samarra, eta begira hortik zetorren kantua zertan bihurtu den. Hori da ekoizpenaren misterioetako bat, ezta? Nola jaso zuen Jordik ere hor dago. Sentitzen duzu uneren batean kantuak ihes egiten dizula ekoizpenarekin, eta hemen ikusten nuen hori. Eta batzuetan mingarria da kantua joaten ikustea, baina, bestalde, ez baduzu joaten uzten ez dakizu noraino iritsi daitekeen. Eta, egia esaten badizut, zalantzak izan genituen abesti honekin eta uste dut zuzenekoan oso indartsua eta ederra izango dela. Entseatzen-eta oso gustura nabil jotzen, baina diskoan izan nituen nire zerak, iturburutik gehien aldendu zen kantua zelako. Erdi dantzagarria edo zen eta gai honi buruz abesten… Horrekin izan genituen gure zalantzak eta borrokak. Libe Goitiaren esaldiaren zatian, bere liburu batetik hartu nuen «beldurrak edonor profeta bilakatzen du» diona, aldatu egiten da indartzeko. Aipu literario batzuk badaude diskoan.

Irakurritakoak ere balio duela, beraz, entzundakoak bezalaxe.

Noski, idazteko komeni da irakurtzea eta, jotzeko, entzutea ere bai.

Noski, idazteko komeni da irakurtzea eta, jotzeko, entzutea ere bai.

Argazki batean ikusi zaitugu bi disko aurrean zenituela. Bata, ‘Haizea’ taldearen ‘Hontz Gaua’ diskoa da eta disko hori entzutera gonbidatu gaituzu nahita edo nahi gabe.

Disko puska bat da. Beltza Experience deituriko baserri bat bada Donezteben eta bertan ikusteko moduan jarri genituen bi disko horiek Ibai Arrietaren argazkietan. Erdi-omenaldi erdi-gonbidapen bat.

Bigarrena Bob Marleyren ’Survival’ diskoa da eta ez dakit Dave Cooley ingeniariari omenaldia den edo, masterra hark egin baitu eta Marleyren zerbait ere masterizatutakoa da.

Ez da horregatik, badaezpada. Eskura zegoen diskoa eta betidanik asko gustatu izan zaidana da. Masterizatu dituen diskoen artean ikusi nituen bazeudela izen handiak, ez da edozein ez.

Nola iristen zara harengana?

Bueno, e-mail bidez. Masterizazioa ez da hainbesteko buru-jana eta hain zaila. Esan nahi dut, oso ohikoa da disko oso ezezagunak egitea eta bapatean Beyoncéren disko bat masterizatu izana. Maila batetik aurrera hori gertatzen da, ez da ekoizleekin edo nahasten dutenekin gertatzen dena gertatzen. Ez da ez dakidala norekin ibili garela. Dave Cooleyk gero idatzi zidan diskoa asko gustatu zitzaiola esanaz eta mesedez sareetan eta aipatzeko eskatzen zidan, berak ere zabaldu ahal izateko, ahalik eta jende gehienek entzutea nahi zuelako. Masterizazioarekin batzuetan gertatzen da makina batzuetatik pasatzen dutela xigorgailutik ogia pasatzen duenaren pare, gu bezalako proiektu txikiekin bai behintzat, eta, aldiz, erantzun hau jaso genuenean hunkitu gintuen.

Azala, berriz, Heather Horton kanadarrarena da. Koadroaren izena ‘Carly, resting’ da, Carlyren benetako argazkirik ikusi duzu?

Ez eta bada misterio bat ez dakidana argitu nahi dudan edo ez.

Lilurarena hor ere badago, ezta?

Bai, bai. Etortzen zait burura, ea emakume hau non biziko den, ea Heatherren lagunen bat den edo ez… Baina ez diot ezer ere galdetu. Kuriosoa izan zen, lehen begiradan maitemindu nintzelako koadro honekin, pandemia garaian, eta berehala jarri nintzen kontaktuan berarekin. Esan nion diskorik ez neukala, baina portada hori izango zela banekiela. Iradokitzen didan sosegu eta pausa horren beharra neukan eta munduari ere ikusten diot batzutan, badago hori mezuan eta uste dut saiatu naizela koadro honek adierazten duen horretara gerturatzen.

Esan duzu akaso pribilegio bat izan daitekeela 38 minutuz disko bat hartu eta entzutearena. Dena dela, pribilegio hori zenbatetan hartu behar da disko hau barneratzeko, zenbat entzunaldi behar dira?

Ez dakit. Diskoa entzuteko modu obsesiboak ere badaude. Nire arreba, adibidez, hasten da kantu batekin eta tematu egiten da. Nik ez dut entzuteko modu bat inposatu nahi, baina bai iruditzen zaidala berriz ere itzuli eta gauza berriak aurkituko dituzun disko bat. Hain zuzen ere horregatik, ekoizpena eta kantuak direlako hain oinarrizkoak, ezen gero atentzioa ematen dizuten. Dena dago oso zaindua, estudioan gauza pila bat gertatu dira eta hor daude, baina xehetasun asko daude eta arrazoiren batengatik daude.

Xehetasun horietara nola iristen da bat?

Beno, kantuak berak eramaten zaitu batzuetan, ezta? Egia da badela disko bat non bere gainean asko eraiki dezakezun. Egin zitekeen kanturen baten bertsio orkestrala, edota koro asko jarri, baina gure irizpidea kentzearena izan da. Hortaz, zalantza agertzen zen bakoitzan erabakia beti zen kentzearen alde eta tentazioa oso handia zen, kantuak hain soilak izatearekin toki asko zegoelako eraikitzeko. Baina erabakia hartuta zegoen, zortzi pista, gauza gutxi eta daudenak eduki dezatela arrazoiren bat.

‘Janela bat’ abestian esan dugu hauskor samar agertu zarela eta ‘Etxe bat’ izan da beste biluzte bat. Esan daiteke ‘Biziraun 2.0’ dela?

Beno, nik uste dut are pertsonalagoa dela. Ez dut esango pudorea ematen zidanik, baina bai zalantza neukala oso gauza pertsonalak kontatzen nituelako eta ez nekielako horrek interesik sortu zezakeen ere inorengan. Jordirekin eta komentatzen nuen zalantza nuela, eta estilotik oso aparte ikusten zuten haiek ere. Baina, beno, ‘Katedral bat’ kantuarekin ere izan nuen zalantza bera eta begira gero zer bide egin duen. Hortaz, ‘Etxe bat’ kantuarekin diskoan joango zela erabaki nuen. Eta, badirudi baietz, jendeak konektatu duela abesti honekin.

Sehaska kanta kutsua badu, osaba bezala inoiz abestu diezu ilobei?

Bueno, kar-kar, siesta egiteko.

Nolako osaba zara?

Jatorra uste dut, ez dakit, haiei galdetu. Asko maite ditut eta pasada bat da, halako txute emozional bat, sekulakoa. Espero ez nuen lotura indartsu bat sortzen da.

Ilobak asko maite ditut eta pasada bat da, halako txute emozional bat, sekulakoa. Espero ez nuen lotura indartsu bat sortzen da.

Bi kantu geratzen zaizkigu errepasoa bukatzeko. ‘Sute bat’ abestian Albert Camusen hitzak daude tartean, baina klima aldaketaren gorabeherari keinuren bat egin diozu?

Bai, badago halako zerbait, ezta? Ez da kantu ekologista bat baina bada fokua hor jartzen duen zerbait. Itsasoa, suteak, zenbat da bero hau farenheitetan ez? Badago halako zerbait.

Diskoan instrumentalak pisu gehien hemen du akaso?

Bada, begira, abesti honek matraka dezente eman zigun. Betiko akordeak zituen hasiera batean eta hori deseraikitzen saiatu ginen eta bateriaren erritmoa ere aldatu egin genuen… Erresistentzia handiko kantua izan zen baina lortu genuen bideratzea eta zuzenean bere indarra izango duela uste dut. Gauzak badoaz, sartu eta irten, ahotsekin ere badago jolasen bat… eta bukera oso Pedro The Lion estilokoa.

Zuzenekoak aipatu dituzu, ez dakit sarrerarik geratzen den ezertarako.

Madrilen, Bartzelonan eta Biarritzen izango diren saioetarako gutxi batzuk geratzen dira, baina badirudi segituan agortuko direla horiek ere. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiot jendeari izan duen harrera guztiagatik. Izpirituz oso txikia eta minimalista izan den lan baten harrera oso handia izaten ari delako, kontraesan bat dago hor.

Zuzenekoak eserita zein zutik izan zitezkeen aukeratu dituzun tokiak ikusita.

Eserita ere gustura ikusi daitekeen zuzeneko bat izango dela uste dut, baina ‘Hasiera bat’ denez, ohiko edo betiko aretoetan egitea nahi izan genuen.

Biniloak eta aurresalmentan daude, ez dakit produktua zuk nahi duzunerako prest izango ote den. Fabrika sutan jarriko zenuen.

Buf, hor gabiltza. Norberaren zigilua da eta gauza guztien gainean egotea egokitzen zait apur bat bakarrik ere bai eta musikaz gaindiko lan asko eskatzen du horrek, eskerrak baditudan kolaboratzailea eta abar. Espero dut bira hasten denerako biniloak eskuetan izatea, baina ozta-ozta iritsiko dira, bai. Baina www.gorkaurbizu.eus orrialdean eskatu daitezke eta fabrikatik jaso bezain pronto iritsiko zaio jendeari.

Ander Xabier Tejadasen diseinuarekin.

Bai eta hemendik eskerrak izan duen pazientzia guztiagatik, batzuetan oso temati jartzen naizelako gauza batzuekin. Maitasun handia jarri dut diskoaren alor guztietan, ez bakarrik soinuan, hitzetan, kantuetan eta diseinuan ere bai. Denen arteko lotura lantzen saiatu naiz eta koherentzia ematen saiatu naiz. Ander Xabi, Ibai eta jende pila bat dago honen atzean eta bakarkako lana da, baina bakarrik ezin da.

Espero dut bira hasten denerako biniloak eskuetan izatea, baina ozta-ozta iritsiko dira

Pasa ditugu ‘bat’ hitza daramaten abesti guztiak. Izenburuak goizaldeko 3:00etan esnatu eta aldatu zenituela esan zenuen. El Petit de Ca L’Eril taldearen ‘La Força’ diskoak eragin du hautu honetan kontzienteki ez bada ere?

Ibil Bedirekin ere esan didate antzerako zerbait eta ez, ez dator inondik. ‘Denbora Da Poligrafo Bakarra’ diskoan bai egin genuen halako joko bat, diskoari batasun bat emateko, eta hemen ere horretan saiatu naiz. Ez nintzen pozik aurretik nituen tituluekin, oso luzeak ziren, eta barruko ahots batek ezetz esaten zidan. Eta, Dave Hooleyri eskerrak diskoa gustatu zitzaion, zeren metadatu denak eta guztia prest zuela izenburuak aldatzeko eskatu nion eta hori lan pixka bat bada. Ez zion grazia askorik egin, baina egin zuen. Eta eskerrak, diskoari halako puntu bat eman diolako. Argi bainekuan ‘Hasiera bat’, ‘Tour bat’, ‘Solasaldi bat’… deitzeko asmoa nuela egingo nituen gauzei. Txiste txiki horrekin nabil. Joko bat.

Bada, zuzenekoetan asko disfrutatuko dugun eta duzuen kantuak dion bezala, ’Besterik ez’, Gorka. Disfrutatu bideaz.

Mila esker, zuzenekoetan ikusiko dugu elkar.

Jaurlaritza Logoa