‘Kontzertu bat galerari’ publikatu ostean, Donostiako Karmen jaietan arituko da Mugan taldean
Talde donostiarrak kontzertu intimo eta berezia grabatu zuen Añorgako Antzokian. Telebista publikoan emititu ostean, plataforma digitaletan plazaratu dute. Baina aurrera segitzen du beren ibilbideak eta hurrengo geltokia Karmengo Jaietan izango dute, Donostiako kaian.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Ander Murua eta Enara Rodriguez pasa ziren NAIZ Irratiko estudiotik ‘Kontzertu bat galerari’ ikus-entzunekoa publikatu izanaren berri ematera. MusikHaria saioan horrek sortu zizkien emozio eta buruhausteak kontatu zizkiguten, baita kantu berrien sorkuntzan murgilduta dabiltzala ere. Hori bai, «industriaren estrategiek markatzen dutenetik urrun ibili nahi» dutela kontatu zuten, behar duten denbora hartuz.
Soinu grabaketa konfiantzazko teknikaria duten Aitor Garcia ‘Maikel’-en eskutik joan da eta masteringa haren MIK estudioan egin dute. Bideo grabaketa eta edizioa, berriz, BASK-en eskutik izan da eta guztia ongi ikusteko argiztapen zuzendari Iban Zubeldia hautatu dute. Argazkiak, berriz, Erkik egin dizkie eta ekoizpenean bidaide izan dute Bidean Produkzioak. Noski, dena beren ezinbesteko lanarekin eta Añorgako Kultur Elkartekoekin elkarlanean, espazioa haiek utzi baitiete.
Kontzertu hori ez, baina zuzenean ikusteko aukerarik izango da, bihar, uztailak 18, Donostiako Karmengo Jaietan, kaiaren ondoan dagoen oholtzan. Neguko berotik udako epelera, baina Muganen kantuen berotasunak hartuko du ziur Donostiako Alde Zaharreko itsasaldea.